2024-12-23
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaHezkuntza sistema burujabea aldarrikatu dugu, Euskal Eskola Publiko Komunitarioa ardatz

Hezkuntza sistema burujabea aldarrikatu dugu, Euskal Eskola Publiko Komunitarioa ardatz


LAB sindikatua bere Hezkuntza egitasmoa berritzeko prozesuan murgilduta dago. Prozesuaren nondik norakoak azaldu ditugu gaur, komunikabideen aurrean. Eztabaidarako txostenaren laburpena aurkeztu dugu bertan, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu eta Irakaskuntzako arduradun Maider Izagirreren eskutik.  


"LABen gure hezkuntza egitasmoa berritzeko prozesuan murgildu gara. Gogoeta prozesu bat da; prozesu parte hartzaile bat, hain zuzen ere, eskualdez eskualde, gure afiliatuekin zuzenean arituko baigara". Garbiñe Aranburuk eta Maider Izagirrek hala jakinarazi dute gaurko agerraldian, eta prozesua bera barne hausnarketa baino gehiago dela azpimarratu dute: "Euskal Herriak behar duen Hezkuntza Sistema eraikitzeko herri adostasunen bila goaz".

Hezkuntzaren garrantzia nabarmendu du LABeko Irakaskuntzako arduradunak, gure herriaren garapen sozial, ekonomiko eta kulturalaren zutabe nagusia delako: "Estatuek ezarritako oztopoen gainetik eredu propio bat garatzeko bide oparoa egin dugu, hezkuntza eredu propioaren bidea; Frankismo garaian Ikastolen sorrera, 80.hamarkadarik aurrera eskola publikoak euskaldundu eta eraldatu, UEU sortu, unibertsitalteen euskal adarrak, Euskal Kurriculuma sustatu da, hezkindetzaren aldeko lana, pedagogia aktiboak… Langileon seme-alabek hezkuntza duina jaso dezaten gogor egin dugu lan, baina azken urteotan arazoak eta erronkak pilatzen ari zaizkigu. Hala, gure ekarpena egin nahi dugu etorkizunari begirako oinarri komun batzuk jartzeko". 

Garbiñe Aranburu LABen proposamenari buruz aritu da; Euskal Eskola Publiko Komunitarioa ardatz izango duen hezkuntza sistema propio eta burujabea. "Euskal Herriak bere hezkuntza sistema propioa izateko duen eskubidea aldarrikatzen dugu. LOMCE moduko inposaketarik gabe, bertan erabaki nahi dugu. Inposatu izan zaizkigun Espainia eta Frantziako publikotasun eredu zentralizatuen aurrean, Euskal Herrirako publikotasun eredu berria defendatzen dugu", azaldu du sindikatuko idazkari nagusiak.

Eredu berriaren ezaugarriak zeintzuk izan beharko liratekeen zehaztu du:

-Diru publikoz finantzatuko da eta doan izango da.
-Integrala izango da, jaio eta bizi osoan. 0-18 tarteak garrantzi berezia du.
-Euskara izango da hezkuntza sistemaren hizkuntza nagusia.
-Deszentralizatua: ikastetxeen titularrak udala edo eskualdeka eta hezkuntza komunitateak izango du hezkuntza egitasmoaren gaineko erabakiak hartzeko aukera
-Euskal Kurriculumean eta pedagogia aktiboetan oinarritutako hezkuntza eredua izango du, kalifikazio eta azterketen eredua gainditu eta konpetentziak garatzera bideratuko da.
-Langile ereduari dagokionez, prestakuntza eta lan baldintza egokiak bermatuko ditu. 

Garbiñe Aranbururen hitzetan, "hau ez da gaur egun Euskal Herrian dagoen publiko eredua. Egun urrun gaude eredu honetatik. Eztabaida ezin da mugatu publiko-kontzertatura, ezin da indarrean dagoen sistema dualera mugatu (eskola publikoa batetik eta itundutako eskola nagusiki erlijiosoa bestetik, eta ikastolak) edota sistema publikoaren aldeko hautura".

LABeko idazkari nagusiaren arabera, "Euskal Herrirako publikotasun eredu berri bati buruz ari gara. Eta bitartean zer? Trantsizio bat proposatzen dugu. Euskal Eskola Publiko Komunitariora bidea egin behar da, hobetzeko neurriak hartuz".

Hain justu, hauek izan beharko lirateke neurri horiek: 

-Hezkuntzara bideratzen diren baliabide publikoak handitu egin behar dira. BPGren %6. Ratioak jaitsi eta langileei ezarri zaizkien murrizketa oro bertan behera utzi eta lan baldintza duinak bermatuko dira.

-Segregazio eta diskriminazio mota guztiekin amaitzeko neurriak hartuko dira.

-Eskola publiko eta kontzertatu guztietan bete beharreko irizpideak:

• Ikasleek euskararen ezagutza osoa dutela bermatu
• Euskal Kurrikulumean oinarritutako hezkuntza egitasmo propioa izatea
• Kalifikazio eta azterketen eredua gainditu eta konpetentziak garatzera bideratuko den ebaluazio eredua ezartzea
• Hezkuntza komunitate osoak izan behar du hezkuntza egitasmoaren diseinuan parte hartzeko aukera
• Laikotasuna bermatu behar da
• Doakotasuna

-Estatus politiko berriek Euskal Herrian hezkuntza eskumen osoak ditugula bermatu behar dute.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...