2024-12-22
HomeNazioartea IdazkaritzaElkartasunaHerrien Europa sozialaren alde, LAB Greziari elkartasuna

Herrien Europa sozialaren alde, LAB Greziari elkartasuna

LABek elkartasuna adierazi nahi dio Greziako herriari, TROIKAREN mehatxuak eta ezarri dituen neurriak arbuiatzen ditu, eta Greziar herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen burujabetasuna aldarrikatzen du.

LABetik elkartasuna adierazi nahi diegu Troikaren eta gobernu kapitalisten aurka borrokatzeko grina agertu duten greziar langile eta herriari. Greziako herritarrek azken urteotan murrizketa egitasmoak eta “memorandumak” gaitzetsi dituzte mobilizazio eta itxialdiekin. Gaur, berriro ere, Troika Greziako herriak kalean arbuiatu zuena negoziazio mahaian ezartzen saiatzen ari da.

TROIKAk egin dituen mehatxuak eta ezarri dituen neurriak gaitzesten ditugu, porrot egin dutelako. Greziako zorra hazi eta hazi egin da, azken urteotan murrizketa latz eta zorrotzak ezarri arren. Europako potentzia inperialista nagusiak izugarrizko arpilatzea egiten ari dira eta gizartearen egoera sumingarria izatea eragin du; langabezia tasa %27koa izatera iritsita, ia biztanleriaren erdia txirotasunean eta gizarte-bazterketan bizi da.

Horretan ez zetzan, eta ez datza, Greziako herriaren irtenbidea. Ezarri diren murrizketek eta laztasun politikoek Greziako hiritarrei ondorio latzak jasan behar izatera eraman dituzte, aldiz, nazioarteko ekonomia handiek, TROIKAK, bankariek edota FMIk haien interesak bakarrik zaintzen dituzte, herritarrak pairatzen ari diren egoera larriaz kezkatu gabe. Doitze politika zorrotzek porrot egin dute, baina hala ere, betikotu nahi dituzte Grezia zigortzen jarraituz.

Beldurrez eta mehatxuz busti den kanpainari aurre eginez, Greziako herriak etengabe borrokatuz, duintasunaren eta herriei euren etorkizuna erabakitzeko dagokien eskubidea babestearen adierazgarri dugu. Herria zorpetuz odolustu nahi duten xantaia politiken aurrean, burujabetasuna eta erabakia gauzatzea bakarrik geratzen zaigu finantza eta ekonomia botere transnazionalen proiektua arbuiatzeko.

LABek Greziako herriaren borrokari, langileen nazioarteko mobilizatzeari eta Europako herriek Greziarekin, datozen hilabetetan, bat etorriz egingo diren mobilizazioei elkartasuna eta begirune osoa erakutsi nahi die. Honen haritik, euskal jendartea deitzen dugu parte har dezan deituko diren mobilizazioetan Greziako herriaren burujabetza aldarrikatzeko, eta kapitalaren ebasterik gabe eta murrizte eta zorroztasun politikarik gabe erabaki ahal izan dezan.

Bestelako Europa posible delako, Herrien Europa Sozialaren alde!

Merkatuaren Europari ez!

 

 

 


AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...