2024-12-26
HomeErrepresioaHerri eta auzoetan lan, pentsio eta bizitza duinen aldeko borrokan segitzeko deia...

Herri eta auzoetan lan, pentsio eta bizitza duinen aldeko borrokan segitzeko deia egin dugu, errepresio mota guztien gainetik

Gaur, Espainiako Poliziak Donibaneko hiru gazte atxilotu ditu urtarrilaren 30ean egin zen Greba Orokorraren pikete batean parte hartzeagatik. Horietako bat pistolaz atxilotu dute, gainera. LAB sindikatuak bere elkartasuna adierazi nahi die atxiloturikoei, bai eta poliziaren bortizkeria pistoladuna salatu ere.

Zaldibarko bi langile desagertzeagatik, greba eskubidea urratzeagatik edo legalki jasota dauden lan baldintzak ez betetzeagatik atxilotutako enpresaburuen eta arduradun politikoen kopurua zero da. Aldiz, Nafarroan lan, pentsio eta bizitza duinaren alde mobilizatzeagatik atxilotutako langileen kopurua 19koa da dagoeneko.

Errealitate horrek argi erakusten digu zein den kapitalismo basati honen helburua, langileon bizitzak suntsitzea. Izan ere, atxiloketa hauek auzoko apustu etxe baten jabeak jarritako salaketaren ondorioz izan dira. Gazte eta langileon bizitzak pikutara bidaltzen dituzte, miseria zabaltzen dute gure herri eta auzoetan, eta, horrez gain, patronalaren piketea -hau da, polizia eta botere judiziala- erabiltzen dute beraien ereduaren aurrean egiten ari garen mobilizazioen indarra mugatzeko.

Ez dute lortuko. Greba egunean herri eta auzoetan jendartearen erantzuna ikaragarria izan zen. Herri eta auzoetan egindako lana balioan jarri behar dugu gure aldarrikapenak errealitate bihurtzeko aukerak zabaltzen dituelako. Beraz, mobilizatzen jarraitzeko deia egin nahi dugu, lan, pentsio eta bizitza duinak lortu arte.

Hartara, LAB sindikatutik gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu atxilotutako Donibaneko gazteei. Horrekin batera, behingoz prozedura judizial guztiak bertan behera uztea ere eskatzen dugu. Gaur torturaren aurkako egun honetan bereziki poliziak erabilitako bortizkeria pistoladuna salatu nahi dugu. Jarrera hori erabat antidemokratikoa iruditzen zaigu eta, horregatik, Espainiako gobernuak Nafarroan duen ordezkariaren azalpenak eskatzen ditugu.

Berriz diogu: gobernuek, patronalak, apustu etxeek eta poliziek ez digute ukatuko lan, pentsio eta bizitza duina izateko dugun eskubideak. Beraz, oain arte bezala mobilizatzen jarraituko dugu, gurea dena lortu arte. Ilusioz eta determinazioz!

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek grebara deitu du Linacal iturgintza enpresan, zuzendaritzak langileei entzungor egiten jarraitzen duela uste baitu

LAB sindikatuak Barañaingo (Nafarroa) Linacal iturgintza enpresako zuzendaritzaren jarrera onartezina salatu nahi du, langileek euren lan baldintzak hobetuko dituen enpresa itun bat negoziatzeko eginiko...

Munduko Medikuen zuzendaritzak EEE bat proposatu du langile guztien %25 kaleratzeko

Entitateko Langileen Legezko Ordezkaritzak ez ditu aintzat hartzen zuzendaritzak emandako arrazoiak, eta EEEa justifikaziorik gabea eta prebentiboa dela adierazi du.

EITBko zuzendaritzak euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu du helburuen artean euskara sustatzean duen hedabide bateko zuzendari

EITBko zuzendaritza nagusiak eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari berria hautatu berri du, EITBren webgune berrien sorkuntza prozesua amaitzeko. Pertsona horren ardura izango da, eitb.eus zuzentzeaz gain, jaiotzear den atari digital berria abian jarri eta horren zabalkundea gidatzea.