2024-12-22
HomeIdazkaritzakEuskara IdazkaritzaHelduen euskalduntzea EAEn unibertsala, doakoa, publikoa eta kalitatekoa izateko eskatu dugu

Helduen euskalduntzea EAEn unibertsala, doakoa, publikoa eta kalitatekoa izateko eskatu dugu

Gasteizko Legebiltzarrean “Euskara jakiteko eskubidea bermatzeko Legea” eztabaidatzen hasiko diren garaian, LABek Eusko Legebiltzarreko alderdiekin izan gara eta gure proposamenaren oinarriak azaldu dizkiegu. Hala, LABen proposamena publiko egin dugu komunikabideen aurrean, eta helduen euskalduntzeak unibertsala, doakoa, publikoa eta kalitatekoa izan behar duela aldarrikatu dugu. Prentsaurrekoa eman dute LABeko euskara-idazkaritzako kide batek, euskaltegi homologatuetako langileek, udal euskaltegietakoek, irakasleek eta HABEko delegatu batek.

Euskara eta gaztelania dira EAEko hizkuntza ofizialak. Hala jasotzen du Autonomia Estatutuaren Legeak. Horrez gain, euskara dugu EAEko berezko hizkuntza, hizkuntza propioa,1982ko Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko Legeren arabera.

Ofizialtasun horrek herritarrei onartzen die euskara jakiteko eta erabiltzeko eskubidea. Eta era berean betebehar bat ezartzen die botere publikoei: Botere publikoek eskubide horiek bermatu behar dizkiete herritarrei.

Lege horiek onartu zirenetik 40 urte eta 36 urte, hurrenez hurren, pasatu diren arren, Euskal Herriko botere publiko desberdinak ez dira gai izan herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko, ez baitute lehentasunen artean izan herritarrek euskara jakiteko eta erabiltzeko duten eskubidea.

Gure herrian euskara hizkuntza normala eta normalizatua izan dadin klabea da botere publikoek herritarrak euskararen ezagutzara erakartzea eta euskara jakiteko baliabide errealak, doakoak, publikoak eta kalitatekoak eskaintzea.

Eusko Legebiltzarrean “Euskara jakiteko eskubidea bermatzeko Legea” eztabaidatzen hasiko diren garaian, LABek Eusko Legebiltzarreko alderdiekin izan ditugun harremanetan sumatu dugu legeak herritarren eskubideak bermatu beharrean, erabiliko dutela helduen euskalduntzean pribatizazioa eta prekarizazio handiagoa ezartzeko. Sumatu dugu euskaltegi publikoen mapa hedatu eta herritarren beharretara egokitu beharrean, sare publikoa murriztu egin nahi dutela eta euskaltegi publikoak ixteko asmoa agertzen hasi dira zenbait lekutan. Argi esan nahi dugu gure sindikatuak helduen euskalduntze publikoaren alde egiten duela eta horrek esan nahi du, besteak beste, sare publikoa desagerrarazteko asmoak alde batera utzi behar dituztela eta sektoreko lanpostuak gaztetzeko, egonortzeko eta duintzeko bideari ekin behar diotela.

Helduen euskalduntzean doakotasuna bermatu beharrean ikusten ari gara euskaltegien finantziazio-eredu gero eta ilunagoa eta prekarioagoa ezarri nahi dutela. HABEk orain arte erabakiak modu ilunean eta aldebakarrez hartu izan ditu, eta aurrerantzean, susmoa dugu are era ilunagoan hartu nahi dituela erabakiak. Hori dela eta, LABek uste du orain arteko sistema, subentzio-sistema hain zuzen, gainditu eta benetako doakotasuna bermatu behar diela herritarrei. Eta euskaltegietan, euskara irakasleen sektorean ematen ari den prekarizazioari irtenbide duin bat eman behar diola Eusko Jaurlaritzak.

Kontuak horrela, LABen iritziz, helduen euskalduntzearen sektoreak eraldaketa sakona behar du eta legebiltzarreko alderdiei helarazi dizkiegu gure proposamenaren oinarriak,.

Euskal Herrian helduen euskalduntzea eta alfabetatzea 4 oinarri hauen gainean eraiki behar da:

• Unibertsala izan behar da: euskal herritar orok du euskara ezagutzeko eskubidea eta botere publikoek hori bermatu behar dute

• Doakoa izan behar da: pertsona baten euskalduntze-prozesua noiz bukatzen den zaila bada ere zehazten, Europako Hizkuntzen Erreferentzia Markoan oinarrituta, herritarrek euskalduntze-prozesu osoa amaituta izango dute erabiltzaile gaitua direnean, hau da, C1 maila gutxienez lortzen dutenean.

• Publikoa izan behar da: Helduen euskalduntzea bermatzea botere publikoei dagokie; eta LABen iritziz, publikotasuna bermatze aldera, helduen euskalduntzea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean kokatu behar da. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari dagokio, sistema antolatzea eta kudeatzea, finantzatzea, titulazioak kudeatzea, baliabide didaktikoak eta pedagogikoak bermatzea eta sortzea, irakasleen etengabeko formazioaz arduratzea, langileak kudeatzea …

• Kalitatekoa izan behar da: kalitatekoa bai erabiltzaileentzat, zein langileentzat.

Euskara ikasi nahi duten herritarrek instalazio duinak, ratio egokiak, baliabide pedagogiko egokituak… eduki behar dituzte eta hori bermatu behar zaie

Sektoreko langile guztiek lan-baldintza duinak, egonkortasuna, formazioa, errekonozimendua eta etorkizuneko aukerak eduki behar dituzte.

Azkenik, jakinarazi nahi dugu LAB sindikatuak proposamen hau erregistratuko duela Eusko Legebiltzarrean, legebiltzarreko alderdi guztiek haren berri idatziz izan dezaten. Eta horrez gain, adierazten dugu, helduen euskalduntzean eta alfabetatzean gure helburuak lortze aldera, mobilizazioekin hasiko garela.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...