2024-12-22
HomeEkintza SozialaHego Euskal Herriko langabeziaren gorakadak bereziki emakumeei eragin die

Hego Euskal Herriko langabeziaren gorakadak bereziki emakumeei eragin die

Emakumezkoen langabeziak gora egiten jarraitzen du, eta gizonezkoen langabezia tasa emakumeen bizkar jaisten ari dela iradokitzen dute Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuek. Badirudi goia jo dutela kontratu mugagabeen eta behin behineko kontratuen arteko korrelazio berria hobetzera bideratutako neurriek, eta industria sektoreak ahultzen jarraitzen du.

Hego Euskal Herriko langabezia tasak gora egin du aurreko urte zein hiruhilabetekoarekin alderatuta (2023ko lehen hiruhilabeteari dagokionean, %9,3koa). Biztanleria Aktiboaren Inkestak 126.400 langabe zenbatu ditu. Nafarroan langabeziak izandako gorakada azpimarratu behar dugu, langabezia tasa %12,1ean kokatu baita, duela urte bete baino 2 puntu gorago (5.700 langabe gehiago daude Nafarroa Garaian).

Gero eta emakume gehiago daude langabezian. Izan ere, gizonezkoen langabezia tasak behera egin duen bitartean (%8,2), emakumezkoenak gora egin du eta %10,5ean kokatu da. Azken hilabeteetan, emakumeen langabeziak goranzko joerari eutsi dio, gizonezkoenak behera egiten jarraitzen duen bitartean. 25 urtetik beherakoen langabeziak behera egin duen arren, langabezia tasak oso altua izaten jarraitzen du, %20,9koa. Kasu honetan ere, emakumezkoen langabeziak gora egiten jarraitzen du (%24,1, duela urte bete baino ia 2 puntu gehiago), gizonezkoenak beherako joerari eusten dion bitartean (%18,2, duela urte bete baino 10,7 puntu gutxiago). Beraz, gizonen langabezia tasa emakumeen bizkar jaisten ari dela pentsa liteke, lan merkatuko arazo estrukturalak zuzendu beharrean.

Kontratazioari erreparatuz, badirudi kontratu mugagabeen eta behin behineko kontratuen arteko korrelazio berria instalatu dela, egoera zuzentzen jarraitzeko margen gutxirekin. Hego Euskal Herrian kontratu mugagabeak %80,9 eta behin behinekoak %19,1 dira urteko lehen hiruhilekoan.

Langabezia sektoreka aztertzerakoan, industria sektoreak ahultzen jarraitzen duela ikusi dugu. Izan ere, urteko lehen hiruhilekoan industrian 3.200 langabe gehiago egon dira, iazko urteko epe berarekin alderatuz, %36,78 gehiago. Zerbitzuetan ere langabeziak gora egin arren, proportzio txikiagoan izan da, pasa den hiruhilekoan baino %15,08 gehiago. Okupazio datuak aztertuta, zerbitzu sektorean okupazioak gora egin du azken hiruhilekoan; beraz, esan dezakegu langabeziak gora egin arren, enplegua sortzen ari dela, industrian ez bezala.

Langabezia datu kezkagarriak ditugu esku artean. Lan merkatuan kronifikatu den prekaritate eta ezegonkortasun ereduaren adierazle dira gaur publiko egin diren langabezia datuak, egoera zaurgarriagoan dauden kolektiboak gehien kolpatuz. Era berean, zerbitzuetan oinarrituriko ekonomiaren nagusitasunaren adierazle ere badira.

Krisiak bata bestearen atzetik kateatzen ari gara, langileon lan eta bizi baldintzen prekarizazio prozesuan sakonduz. Horixe da ordenamenduan instalatua gelditu den faktore nagusienetakoa. Hala, bizitza duinarekin kontrajartzen da egungo eredu kapitalista, gainprodukzioan eta kontsumoan oinarritzen den kapitalak geroz eta poltsiko gutxiagotara doan aberastasuna metatzen jarrai dezan.

Maiatzaren 1ean beste Euskal Herri bat, beste mundu bat aldarrikatuko dugu, non langileon lan eta bizi baldintza duinak erdigunean egongo diren. Hitzarmenak berritzea, 1.400 euroko gutxieneko soldata, zerbitzu publiko duinak garatzea ahalbideratuko duen zerga politika edota lanaldi murrizketaren eztabaida errealari heltzea aldarrikatuko dugu, eta egoera bere horretan mantentzearen erantzuleak seinalatuko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...