2025-04-23
HomeEkintza SozialaHego Euskal Herrian enplegua bere horretan mantentzen da prekarietatean sakontzeari esker

Hego Euskal Herrian enplegua bere horretan mantentzen da prekarietatean sakontzeari esker

Iazko azken hiruhilabetekoan zehar Hego Euskal Herrian emandako enpleguaren sorrera garbia hutsaren hurrena izan da. Hori ondorioztatzen da gutxienez gaur INEk argitara emandako Biztanleria Aktiboaren Inkestatik (BAI). Edozein kasutan, bilakaera oso ezberdina izan da lurraldeen arabera. Zehazki, Nafarroan 2.700 enplegu inguru suntsitu ziren urria eta azaroaren artean. Bien bitartean, EAEn 3.300 enplegu sortu dira aurreko hiruhilabetekoarekin alderatuta.

Zalantzarik gabe, lan-merkatua geldotzen ari da. Izan ere, urteari erreparatuta BAIk 2018ko azken hiruhilabetekoan baino 5.600 lanpostu gehiago zenbatu ditu Hego Euskal Herrian, honek suposatzen du aurreko urtean sortutako enpleguaren herena baino gutxiago eta urteko kopururik okerrena suspertzea hasi zenetik.

Laugarren hiruhilabeteko emaitzak are negatiboagoak dira enpleguaren kalitatearen ikuspegitik aztertzen baditugu. Urteko azken hiru hilabeteetan lanaldi partzialeko 19.200 lanpostu sortu ziren, baina era berean lanaldi osoko 18.600 lanpostu suntsitu ziren.

Enpleguaren egonkortasunari dagokionez, 9.700ean egin zuen gora aldi baterako kontratua zuen soldatapekoen kopuruak, baina mugagabeko 10.800 enplegu suntsitu ziren. Honek %24,6an kokatzen du aldi-baterakotasun tasa. Europar Batasunean estatu bakarra dago aldi-baterakotasun altuagoa duena, Espainiako estatua (%26,1).

Kontratazio prekarioa gehiegi erabiltzen da, orokortua dago eta justifikatu gabea, sektore pribatuan zein publikoan. Eta bere ondorioak argiak dira, laneko ezegonkortasuna eta soldata apalak, eta honek asko zailtzen du bizi-proiektu bat garatzea.

Hortaz, nabarmena da enpleguaren sorrera ez datorrela beti kalitatezko enpleguak lagunduta. Ikusten ari garen moduan, lan harremanak gero eta laburragoak dira eta laneko errotazioa inoizkorik altuena da. Gaur egun, iraupen zehatza duten aldi-baterako 10 kontratutatik ia 4k irauten dute astebete baino gutxiago.

Gainera, bada denbora aldi baterako kontratuak ondoren enplegu egonkorrago bat eskuratzeko bide bezala funtzionatzeari utzi zionetik. Europako Batzordearen arabera, Espainiako estatuan aldi-baterako enplegua duten langileen %10 baino pixkat gehiago pasatzen da mugagabeko enplegura urtebeteko epean. Aldi baterako enplegua mugagabe bihurtzeko trantsizio tasa apalena da Europar Batasunean, Maltakoaren ondoren soilik.

Horregatik guztiagatik, jendarte guztia orokorrean eta zehazki langileria gonbidatu nahi dugu ostegun honetarako deituta dagoen greba orokorrean parte hartzera. Borroka eguna izango da, prekarietatearen kontra eta pentsio duinen, kalitatezko enpleguaren eta bidezko soldaten alde.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek UGTSARIOren X. kongresuan parte hartu du: autodeterminazioaren aldeko borrokarekin konprometitutako elkartasun sindikala

LAB sindikatuak UGTSARIO sindikatu sahararraren X. kongresuan parte hartu du. Mahjub Brahim-i, sindikalismo sahararraren martiria eta erreferente historikoari, eskainitakoa izan da. Bertan 400 ordezkari sahararrek eta nazioarteko 80 ordezkarik hartu dute parte. Hiru eguneko kongresua izan da, eta bertan hainbat herrialdetako sindikalista, aktibista eta militantek beren konpromisoa berretsi dute Mendebaldeko Sahararen independentziaren aldeko borrokarekin, Marokoko okupazioaren kontra batasuna adieraziz eta nazioarteko elkartasun sareak sendotuz, eta horien artean izan da LAB.

Gipuzkoako helduen egoitzetako langileak borrokan

Aurten Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmena negoziatzen hasi ginen. Momentu honetan negoziazioa blokeatuta dago, Patronalek aurkeztu duten proposamena edukiz hutsa dagoelako. Alde batetik, igoera ekonomikoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren tarifetara baldintzatzen dituzte eta bestetik, sindikatuek planteatu ditugun beste aldarrikapen guztiei ezezko borobila eman diete. Argi geratu da berriro ere, patronalek ez dutela zaintza lanak duintzeko eta zerbitzua hobetzeko intentziorik.

Pasaiako Udalak udal haur eskola zerbitzua bertan behera uzteko hartu duen erabakia okerra da LABentzat

Prentsaren bidez jakin du LABek Pasaiako Udalak eskaintzen duen Lilitegia udal haur eskola zerbitzua bertan behera uztea erabaki duela, EH Bildu eta Podemosen bozkekin. Pasaiako haur eskola zerbitzu hau, lizitazio baten bitartez bertako ikastolak ematen badu ere, udal zerbitzu publiko bat da, hemendik aurrera Pasaiako jendearteak udaletik jasoko ez duena.