2024-12-23
HomeEkintza PolitikoaHego Euskal Herrian 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzeko momentua da

Hego Euskal Herrian 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzeko momentua da

Madrilgo gobernuak, CCOOk eta UGTk akordioa iragarri dute Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) 35 euro igotzeko. Soldata igoerak beti albiste ona izan arren, zenbatekoa oso apala da, baita Espainiako Estatuko egoeraren aurrean ere. Zer esanik ez gurera etorrita: LABetik argi esan behar dugu ez diela Hego Euskal Herriko langileen beharrei erantzuten.

Estatu mailan planteatzen ari diren igoerak oso urrun daude Hego Euskal Herrian dauden beharretatik. Bertoko bizitzaren kostuari ezin dio estatu mailan ezarri berri den 1.000 euroko LGSak erantzun. Hego Euskal Herriko egoerari egokitutako eta egoera horri erantzuten dion LGS ezarri beharko litzateke.

Pasa den azaroan, Lan Erreforma berriaren eztabaida giroan, LAB sindikatutik Confebask eta CEN patronalei langileen lan baldintzak eta prekarietateari aurre egiteko, sektore arteko 5 akordio egiteko proposamena helarazi genien. Horien artean, Hego Euskal Herrian 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzearena zegoen, hori baita euskal langileriak, bizitza duina izango badu, behar duen gutxieneko kopurua.

LABek ohartarazi moduan, PPk inposaturiko lan erreforma ez dute bertan behera utzi, eta honek ezarri zituen neurri atzerakoienak indarrean mantentzen dira (kaleratzeak, prekarietatea, estatalizazioa, malgutasuna, aldebakartasuna, …). Begi bat Madrilen eta hanka biak Euskal Herrian ditugula diogu. Madrildik ez da lan erreformaren inguruko konponbidea etorri, eta LGSrena ere ez da handik etorriko.

LABen, astelehenean publikoki adierazi genuen bezala, argi dugu Euskal Herrian bilatu behar dugula lan erreforma indargabetu ez izanaren aurrean irtenbidea, baita langileok pairatzen dugun prekarizazio eta pobretzeari irtenbidea, adibidez LGS.

Horretarako negoziazio kolektiboaren indartzearekin batera, sektore arteko akordioen bidea irekitzera goaz. Akordio hauetariko bat izan behar da Hego Euskal Herrian 1.400 euroko LGSa ezartzea ekarri behar duena. Euskal Herritik Euskal Herrirako prekaritateari aurre egiteko eginiko neurria.

Patronala, Gobernuak eta alderdiak interpelatuko ditugu gai honekin. Gobernuak patronalaren interesez (irabaziak pilatzea) bakarrik arduratzen dira eta hori aldatu behar da; eta langileen interesak lehenetsi behar dituzte. Hego Euskal Herrian bertoko LGSa lortzearen aldeko posizioa hartu behar dute, hau bultzatu, eta patronala interpelatu.

Lan erreforma berriaren kontra agertu diren bertoko alderdiek ere eremu politiko eta sozialean, 1.400 euroko LGS lortzearen alde agertu behar dute; hori lortzeko beraien eskutan dagoen guztia egitea beharrezkoa da.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...