2024-12-22
HomeEkintza PolitikoaHazkunde mugagabearen mitoa arbuiatu eta "banaketa hirukoitza" aldarrikatu dugu; enpleguaren, zaintza lanen...

Hazkunde mugagabearen mitoa arbuiatu eta “banaketa hirukoitza” aldarrikatu dugu; enpleguaren, zaintza lanen eta ondasunaren banaketa, zehazki

Klima larrialdiari aurre egingo dioten neurriak aldarrikatzeko nazioarteko mobilizazio egunean, sindikatuaren Programa Sozioekonomikoa berritzeko prozesua amaitutzat eman dugu, gure oinarri sozialarekin nahiz hamarnaka eragilerekin gogoeta prozesua burututa. Enpleguaren, zaintza lanen eta ondasunaren banaketaren alde borroka egiteko beharra nabarmendu du Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoak, bai lantokiz lantokiko borroken bidez, baita mobilizazio orokorren bidez ere. Norabide horretan ekarpena egiteko, bi manifestazio antolatu ditugu, irailaren 29an Bilbon eta urriaren 5ean Iruñean. Hala jakinarazi dugu Bilbon egindako agerraldian.

Klima larrialdia eta oro har hondamendi ekologikoa langileongan ondorio kaltegarriak izaten ari dela ohartarazi dugu: “Miloika langileren bizi baldintzak okertzen ari da, eta migratzera bultzatu, prekarietatea eta lan esplotazio errazten duen testuingurua sortuz”. Europako funtsekin sustatzen ari den “kapitalismo berdea”-ren aurkako jarrera berretsi dugu eta, sostengaezina den ekoizpen eta kontsumoa eredua aldatzearekin batera, ekoitzitako zerbitzu eta ondasunak birbanatzeko “bidezko trantsizio ekologikoa” aldarrikatzen dugu. 

“Alde batetik, planetaren muga biofisikoak aintzat hartu eta jarduera ekonomikoa murriztu, birnorabidetu eta birlokalizatu beharra dago. Beste alde batetik, enpleguaren, zaintza lanen eta ondasunaren banaketa parekidearen alde borrokatu beharra dago. Bi prozesu hauek ez daude kontrajarriak, aitzitik, guztiz osagarri egin behar ditugu. Hauxe litzateke ideia: denok eta gutxiago lan egin, lehengaien ustiaketa eta zabor ekoizpen txikiena sortuz, beharrezkoa dena (erre)produzitu eta ekoitzitako guztia (bir)banatu”, adierazi du Idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok. 

Kapitalaren etekinak erdigunean kokatzen dituen eredu sozioekonomikotik herritarren eta planetaren bizitza erdigunean jarriko dituen eredu baterako trantsizio ekosozialista eta feminista aldarrikatzen du LABek: “Trantsizio hau garatu ahal izateko, euskal herritarrok ekonomiaren gaineko kontrol publiko eta soziala eskuratu behar dugu. Euskal Herrian estatu egiturak behar ditugu ekoizpen eredua aldatzeko eta ekoiztutakoa birbanatzeko, hala nola, Euskal Lan Kodea eta Gizarte Segurantza; politika publikoetan eragin ahal izateko langileok zuzenean hautatutako Lanaren Kontseilua; lan mundua euskalduntzeko plangintza nazionala; edota Euskal Herriko hiru instituzio nagusiak eta eragile sozioekonomikoak bilduko lituzkeen garapen sozioekonomikorako erakunde publiko nazionala”.

Testuinguru honetan, enpleguaren, zaintzaren eta ondasunaren banaketa kontutan hartuko duen proposamen integrala aurkeztu dugu: banaketa hirukoitza. “Administrazioak enplegu bat bermatu behar dio herritar orori eta, egin ezean, gutxieneko soldataren baliokidea litzatekeen eta kotizatuko lukeen hileroko kalte-ordain mugagabea ordaindu. Enpleguaren bidez, sozialki beharrezkoak diren ondasun (elikagaiak, azpiegiturak, tresneria) eta zerbitzuak (hezkuntza, osasuna, zaintza profesionalizatua, oinarrizko gaien hornikuntza) sortu behar ditugu”, azaldu du Igor Arroyok. 

Enplegu izaerarik gabeko zaintza lanen bidez, berriz, egunerokoan, gure inguru sozialean, bizitza sostengatzea ahalbidetzen dugu. Bi esparru hauek baliokide gisa ulertzen ditugu, bi esparru horietan arituz, langile guztiok gara ondasun sortzaile. Langile guztioi enplegua bermatzeko nahiz zaintza lanek dagokien lekua har dezaten, enpleguari eskainitako denbora murriztea proposatzen dugu (30 orduko lanaldia) eta zaintza lanaldiaren inguruko eztabaida soziala proposatzen dugu: zaintza lanetan ere finkatu beharko litzateke gehienezko lanaldirik? Gutxienekorik? Nola egin liteke zaintza lanaldiaren jarraipena?. 

Jendartearengandik, berriz, kolektiboki sortutako ondasuna jasotzeko eskubidea dugu herritar guztiok: enpleguaren bidez ahalbidetutako doako zerbitzu eta baliabide publikoak (besteak beste, zaintza profesionalizatua), lan ez monetarizatuek ahalbidetutako zaintza komunitarioa eta, hirugarrenik, doakoak ez diren ondasun eta zerbitzuak eskuratzea ahalbidetuko dizkigun diru-sarrera duina. Diru-sarrera hau enpleguaren bidetik jasoko badugu ere, “soldata” gisa, bere funtzioa aipatutako bi lan parekideak ordaintzea da: enplegua (lan produktiboa) eta enplegu izaerarik gabeko zaintza lanak (lan erreproduktiboa); izan ere, azken hau gabe ez bailitzateke enplegu jarduera posible izango.

Honela, denok izango dugu oinarrizko errenta duin bat: 1.400 euroko gutxieneko soldata. Era berean, 1:3 proportziora mugatutako gehieneko soldataren eta plusbaliaren mugapenaren bidez, ondasunaren banaketa bidezkoagoa bermatuko genuke, esplotaziorik gabeko jendarte baten bidean.

HEGO EUSKAL HERRIKO DATU BATZUK:

  • Emakumeek bataz beste zaintza lanei egunean eskaintzen dioten denbora: 5 ordu 24 minutu (astean kasik 38 ordu). Gizonezkoek, aldiz, egunean 3 ordu 38 minutu (astean 25 ordu).
  • 356.800 (soldatapeko guztien %34) dira 1.400 eurotik behera jasotzen duten soldatapekoak.
  • 257.000 pertsona daude inaktibo gisa izendatuak; horien artean, 182.000 lagun etxeko zaintza lanetan ari dira. Pertsona hauei ez zaie enplegurako eskubidea bermatzen.
  • 156.000 lagun daude langabezian.
  • Populazio inaktibo gisa konputatzen diren, langabezian dauden eta 1.400 eurotik behera jasotzen duten langile kopurua, batuta, 769.900 da. Aldiz, 1400 eurotik gora jasotzen duten langileak 689.100 dira.
  • Barne Produktu Gordinarekiko soldatek 2008an zuten pisua berreskuratzeko, langileriak osotara 3.500 milioi euro gehiago jaso beharko luke.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...