Hauteskunde sindikalen epealdi trinkoan murgilduta gaude bete-betean, eta gaur Gasteizen bildu gara sindikatuko delegatuekin, esku artean ditugun erronken berri emateko. Ekitaldia Aldabe gizarte etxean izan da, eta Bilbon eta Donostian egindako ekitaldietan erakutsitako borroka grina bera erakutsi dute bertaratutakoek. Bihar Iruñean izango gara, Labrit pilotalekuan, 18:00etan. Nafarroako delegatuak bilduko dira bertan.
Gasteizen, aurreko ekitaldietan bezala, agerian geratu da LABeko kideek hauteskundeen erronkari ilusioz eta indarrez heldu diotela. Zentzu honetan, ekitaldian bertan adierazitakoaren arabera, LABek ordezkatzen duen euskal sindikalismo berria inoiz baino indartsuago heldu da garai trinkora. Hala adierazi du Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Oihana Lopetegik.