2024-12-23
HomeIrakaskuntzaHaur EskolakHaurreskolak Partzuergoko gerentearen dimisioa eskatzen dugu

Haurreskolak Partzuergoko gerentearen dimisioa eskatzen dugu

Matrikulazioan izandako gorabeherak aintzat hartuta, Haurreskolak Partzuergoak datorren ikasturterako langileen birkokapena-deialdia normaltasunez egin du, bizi dugun pandemiak eragindako egoera bereziriari bizkarra emanda. Izena eman duten umeen arabera banatu ditu berriz ere lanpostuak, kontingentzia-plan batek eskatuko lituzkeen errefortzu-beharrei muzin eginez. Berriz ere, irizpide ekonomizistak erabili ditu, pedagogikoak edo osasunekoak kontuan hartu gabe.

2019-2020 ikasturte bukaeran LABek haurren eta langileon osasuna eta segurtasuna bermatzea eta horretarako beharrezkoak diren baliabideak eta inbertsioa ziurtatzea exijitu zuen. Besteak beste, honako eskaerak egin genituen:

• Geletako ratioak gutxitu: Alde batetik, arlo prebentiboa zein pedagogikoa jasotzen dituen eta indarrean dagoen kontingentzia-planak lan-zama handia dakarrelako, eta bestalde, osasun-arduradunek hainbesteetan errepikatu duten sozializaziorako, haurreskoletan talde txiki eta iraunkorrak antolatzeko baliabide gehiago behar direlako.

• Hezitzaileek dugun prestakuntzarako denbora handitzea: gure Lan Hitzarmenak horretarako bidea zabaltzen du, eta kontingentzia-planak eskatzen dituen hainbat betebehar haurrik gabeko lan orduetan egin beharko ditugulako.

• Hiru lurraldeetan dauden haurreskolen tipologiaren azterketa egitea (gela kopurua, solairu edota eraikin desberdinak, hutsik egongo diren gelak, kanpoaldea…) eta horren arabera baliabide pertsonalak ezartzea. Haurreskola bakoitzeko koordinatzaile eta kontingentzia- planaren arduradunaren iritzia eta eskaerak haintzat hartzea eta, eraikin publikoak behar izanez gero, Udalekin elkarlana sustatzea.

Uztailean Haurreskolak Partzuergoko gerenteak aurreratu zigun moduan, betiko normaltasunean eta ratioetan oinarrituko da eskola-itzulera, inolako baliabide pertsonal, material eta ekonomiko gehiagorik gabe, kontingentzia-plana haintzat hartu gabe, osasun agintariek adierazitako irizpideak kontuan hartu gabe eta gainontzeko ikasturteetako aurrekontu berdinarekin.

Bestalde, pandemia egoeraren garapenaren araberako hiru eszenatokitako bigarrenean, %60ko aforoaren murrizpenari dagokionean, LABek haur guztien hezkuntza-eskubidea bermatzea exijitzen du, beste alternatiba batzuk eskainiz.

Beraz, LABek Haurreskolak Partzuergoko gerentea den Zorione Etxezarragari dimisioa aurkeztea eskatzen dio, bere menpe gauden haur eta langileon osasuna eta segurtasuna kolokan jartzen jarraitzen duelako eta zerbitzu publiko hau indartzeko eta salbuespeneko egoera honi aurre egiteko, haurreskoletan inbertsioa handitzea baino gastoa murrizten saiatzen ari delako.

Horrez gain, LABek Hezkuntza Sailak 0-3 urte bitarteko ikasleen haur-hezkuntzako lehengo zikloarekiko duen utzikeria salatu nahi du berriz ere.

Gauzak horrela, irailaren 4an Haurreskolak Partzuergoan ikasturtea berme guztiekin hasteko behar den inbertsioa egiteko deia egiten diogu Eusko Jaurlaritzari, bestela mobilizatzeko bidea eta arlo judiziala jorratzeko prest agertzen gara.  

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...