2024-12-19
HomeEkintza SindikalaHaurreskolak Partzuergoan mobilizazio eta greba dinamikekin jarraitzea baino ez zaigu geratzen

Haurreskolak Partzuergoan mobilizazio eta greba dinamikekin jarraitzea baino ez zaigu geratzen

Haurreskolak Partzuergoa eta EAEko Hezkuntza Sailako arduradunen negoziatzeko borondate eza  dela eta, langileen lan-baldintzak okertu ez ezik, Partzuergoa bera arriskuan jartzen dituzten aldebakarreko erabaki politikoak direla eta, LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok greba eta mobilizazioetara deitzeko beste alternatibarik ez dugu. Hala jakinarazi dugu Bilbon egindako agerraldian. 

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok EAEko Hezkuntza sailari Haurreskolen etorkizunaren inguruan garbi hitz egin dezala eskatzen diogu. Izan ere, abenduaren 10 eta 16ko greba eta mobilizazioen ostean, abenduaren 22an deitu zuten bileratik, Haurreskolen etorkizunaren inguruan genituenak baino zalantza eta kezka gehiago eta larriagoekin atera ginen. Esan beharra dago bilera horretara, lehenengo aldiz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saileko hainbat ordezkari bertaratu zirela.

Azpimarratu nahi dugu, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Haurreskolak Partzuergoak inposatutako gai ordenarekin burutu zela bilera. Abenduko grebak deitzeko aldarrikatzen genituen aldagaiei puntu bakar bat ere ez zieten eskaini, aldez aurretik espresuki eskatu genien arren.

Haien asmoa kudeaketa langileen aurreakordioa aldebakarrez berrikustea da, horregatik ez zuten negoziaziotzako inolako dokumentaziorik aurkeztu. Aurreakordio hau orain dela urtebete sinatu bazen ere, oraindik ez dute bete. Gainera, esan zigutenez, 2018ko irakaskuntza publikoko kolektibo guztien mobilizazioen baitan burutu genuen dinamika luzearen ostean, soilik Haurreskolak Partzuergoan sinatutako akordioa da indarrean ez dagoena.

Honekin guztiarekin zalantzan jartzen dute Haurreskolak Partzuergoaren 2003ko sorreratik Hezkuntza Sailak, Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzorde desberdinek eta alde sozialak egindako lana, baita aurreko gerentearen kudeaketa ere. Horretaz gainera, inongo lotsarik gabe, 2009ko lan-hitzarmena sinatu osteko hitzartu diren akordio guztien zilegitasun juridikoa zalantzan jartzen dute.

Hau guztia gutxi balitz, abenduaren 22ko bileran bertan Haurreskolak Partzuergoaren etorkizunaren gainean egindako adierazpenek izugarri kezkatzen gaituzte. Besteak beste, haurreskola txikien biziraupena zalantzan jarri zuten, Haurreskolak Partzuergoa landa eremuaren garapenerako testuinguruan sortu zenean.

Non geratu da Legebiltzarrak Jaurlaritzari egin zion eskaera Haurreskolak Partzuergoaren hobarien sisteman moldaketa egin zezan, pandemiaren  ondorioz, baldintza ekonomikoak okertu zaizkien familiek ordaindu behar dituzten kuotak bizi duten egoera berriari egokitzeko? Eta erabateko doakotasunerako urratsak?

Sindikatuok argi daukagu Haurreskolak Partzuergoko enpleguaren behin-behinekotasun tasa jaisteko lanpostuak egonkortuko dituen kontsolidazio prozesu bat behar dugula. Era berean, Haurreskolak Partzuergoaren etorkizuna Hezkuntza Sailean integratzetik eta doakotasunetik pasatuko da. Badelako garaia Haur Hezkuntzako lehenengo zikloa (0-3a) aitortzeko.

Beraz, negoziazio kolektiboaren kontrako eraso zuzena eta alde sozialaren lana oztopatzeko ahalegina salatu nahi ditugu. Urteetan zehar Haurreskolak Partzuergoan lortutako hezkuntza kalitatearen defentsan egindako lanarekin eta langileak mobilizazioen bitartez lortutako lan baldintzen hobekuntzen defentsan jarraituko dugula argi utzi nahi dugu. 

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok langileei eta jendarteari argi adierazi nahi diegu egoeraren larritasuna eta mobilizazio dinamikarekin jarraitzeko beharra. Ondorioz, aldarrikapen zerrenda honen baitan, Haurreskolak Partzuergoko langileak 2021eko urtarrilaren 25 eta 27an eta otsailaren 22, 23 eta 24an grebara deitzen ditugu, honako eskaera hauen defentsan:

-Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza sailean.

-Dauden akordioak errespetatzea eta betetzea.

-Lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea.

-Langileen behin-behinekotasun tasarekin bukatzea, lanpostuak egonkortuz.

-Irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Norbera Babesteko Ekipamenduen horniketan Haurreskolak Partzuergoa gehitzea. 

-Aurrekontua handitzea.

Bukatzeko, Haurreskolak Partzuergoko langileak, familiak, alderdi politikoak eta udalak zerbitzu publiko honen garapenerako aldarrikapenekin bat egitera deitzen ditugu, abenduaren 10 eta 16ko grebetan hainbat herritan egin zuten bezala. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.

B&B Trends-ena da Gasteizko SDA Factory-ren itxieraren errua

Zuzendaritzak SDA Factory ixteko erabakia hartu du, lehengo Gasteizko BSH. Ia 50 urtetako historia duen enpresa honek Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientean (ABEEE) pasatu ditu azken lau urteak.

Asteasuko Siemens Gamesako ABEEEaren eragina murriztu eta enplegua defendatzeko neurriak lortu ditugu

Hasteko, salatu nahi dugu enpresak negoziaketa talde mailan egin nahi izan duela, Asteasuko langileen ordezkaritza disolbatua eta eragin mugatuarekin zeogoen mahai negoziatzaile bat inposatuz. ABEEE luze eta gogorra nahi zuen enpresak langileentzat eta egoera honen aurrean, markoaren salaketaz gain, neurriaren eragina ahalik eta gehien murrizten saiatu da LAB.