2024-12-23
HomeEkintza SozialaHarreman justu eta parekideetan oinarritutako lan harreman eredu berri baten beharra dugu

Harreman justu eta parekideetan oinarritutako lan harreman eredu berri baten beharra dugu


Gehienentzat ezaguna ez bada ere, igande honetan emakume eta gizonen soldata berdintasunaren aldeko eguna da. Egun honen leloak aipatutako berdintasuna, oraindik ere, lortzetik oso urrun gabiltzala erakusten dute datuek tamalez. LABek lan harreman eredu berri baten beharra azpimarratu nahi dugu. Emakume eta gizonen arteko harreman justu eta parekideetan oinarritutakoa. Gaurko menpekotasunezko harremanak gaindituz, lanaren ikuspegi integrala bermatu eta ematen den sexuen araberako lan banaketarekin bukatuko duena.

Emakume eta gizonen soldaten arteko arrakala ez da gauza berria, baina kezkagarriena arrakala honek krisia hasi zenetik izan duen igoera da. Nafarroako kasuan, gizonezkoek, 2008an, urteko bataz bestekoz, emakumeek baino % 38,6a gehiago kobratzen zuten. 2012an aldiz (2012koak baitira INEk aurkeztutako azken datu ofizialak), % 42a gehiago kobratzen dute.

Eta datu hauek EAEra ekarrita, aldea % 29,9koa izatetik %34,8koa izatera pasa dela ikus dezakegu. 

Soldata-egituraren urteroko inkesta. Urteroko batazbesteko irabazia (eurotan). 2008-2012 seriea

Emakumeen soldata %36,2 igo beharko litzateke gizonen soldatarekin parekatzeko

Aurreko urteko ekainean INEk kaleratutako azken datuetatik, 2012ko datuetatik alegia, hurrengoa ondoriozta daiteke:

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, emakumeen urteko soldata gordina 7.771 euro gutxiagokoa izan zen, bataz bestez, gizonezkoen urteko soldata gordinarekin alderatuz. Ondorioz, emakumeek %34,8a gehiago irabazi beharko lukete bere lankide gizonezkoen soldata berdina jasotzeko.

Nafarroaren kasuan, emakumeek, bataz bestez, 8.170 euro gutxiago jaso zuten gizonezkoekin alderatuz. Beraz emakumeen soldata gizonen soldatari parekatzeko %42a igo beharko litzateke.

Bi datuak kontuan izanda, ozen esan eta salatu dezakegu, Hego Euskal Herrian, gizonen urteko soldata gordina, emakumeena baino 7.852 euro gehiagokoa dela. Edo beste modu batean esanda, emakumeen soldata % 36,2an igo beharko litzatekeela, bataz beste, gizonezkoen soldatari parekatzeko.

Soldata arrakalaren definizio ofizialera joko bagenu, lan egindako ordu bakoitzagatik jasotzen den irabazi ezberdintasuna neurtu beharko genuke. Lan ordu bakoitzagatik jasotakoari erreparatuz (beti ere soldatapeko lanaz ari garela), EAEn gizonek, bataz bestez, ordu bakoitzeko, emakumeek baino %25,1a gehiago irabazten dute. Nafarroan gizonen eta emakumeen arteko aldea %29,3koa delarik. Ondorioz, Hego Euskal Herrian gizonek egindako lan ordu bakoitzagatik, emakumeek baino %25,9a gehiago irabazten dute.

Soldata arrakala emakumeek, jendartean zein lan munduan, pairatzen duten diskriminazio estrukturalaren adierazlea

Emakume eta gizonen soldaten arteko arrakala, gaurko sistema kapitalista patriarkalak ezarri duen sexuen araberako lan banaketaren ondorioetako bat baino ez da. Emakumeoi zaintza eta etxeko lanak egotzi zaizkigu, emakumeen lan merkaturatzea oztopatu, eta era berean lan merkatu horretan aitortza eta maila baxuagoko lanetara bideratu gaitu. Oraindik ere emakumeak gara, lan merkatuan lan baldintza prekarioenak eta ezegonkortasuna pairatzen dugunak. Lanaldi partzialen % 82,3a guk betetzen dugu, eta gure behin behinekotasun tasa %25,9koa da gizonezkoena % 18,5ekoa denean. Soldata ezberdintasuna ez da beraz emakumeok lan munduan jasaten dugun diskriminazio bakarra.

Aurrekoa gutxi balitz, aspalditik pairatzen dugun egoera hau, krisiaren testuinguruan eta aitzakipean eman diren langileon kontrako erasoekin bereziki larriagotu egin da. Oro har, langileen soldaten aurka patronala burutzen ari den ofen­tsibak, azken lan erreformak ezarri duen lan harremanen erabateko desoreka eta negoziaketa kolektiborako eskubidea guztiz baldintzatu izana, emakumeon egoerak okerrera egitea ekarri du.

Gaur egungo diskriminazioekin amaitu, eta soldatak parekatzeko neurri eraginkorrak ezarri beharrean, soldaten aurkako ofentsiban sakontzea erabaki dutela ikusten ari gara. Lehiakortasuna lan kosteen murrizketan oinarritzea erabaki dute, bide horretan soldatak erasotuz. Pobreziaren etengabeko hedapena ari da ematen, eta ezberdintasun sozialak gero eta handiagoak dira. Egoera orokorra hau izanik, emakumeon egoera jasanezina da kasu gehienetan. Gure soldatekin eta lan baldintzekin pobreziara kondenatuak izaten ari gara. 

Bien bitartean EAEko emakume eta gizonen berdintasunerako legeak hamar urte

Gaur, otsailak 18, EAEko emakume eta gizonen berdintasun legeak hamar urte betetzen ditu. Orain hamar urte, positiboki baloratu genuen sindikatutik behingoz berdintasun lege bat martxan jarri izana, baina era berean, nahiko eszeptikoak azaldu ginen, bertan arautzen ziren ekinbide gehienak jarrera boluntaristetan oinarritzen zirelako, betebehar konkretuak eta argiak ezarri beharrean.

Eta tamalez, gure susmoak egi bihurtu dira. Legeak, bere 36. artikuluan, esaten du euskal erakunde publikoek emakume eta gizonen arteko aukera berdintasun erreala eta eraginkorra lortze aldera, beharrezkoak diren baldintzak bultzatuko dituztela. Horretarako, lan munduan sartzeko aukera berdintasuna, eta lan baldintzetan zein soldatetan berdintasuna lortzeko, neurriak bultzatuz. 

Hamar urte eta gero egoera ez da aldatu, eta larriena dena, okerrera egin duela erakusten dute gaur plazaratutako datuek. Lege honen baliagarritasuna kolokan jartzen dute datuek, baina ez datuek bakarrik. Lege honek egungo lan harreman eredu bera, eta eredu honen ondorioz ematen den sexuen araberako lan banaketa, auzitan ez jartzeak, legeak duen galgarik garrantzitsuena da. Gaur egungo lan harreman eredua irauli gabe, emakumeok ez dugu berdintasunean aurrera egiterik.

Hortaz, lan harreman eredu berri baten beharra azpimarratu nahi dugu. Emakume eta gizonen arteko harreman justu eta parekideetan oinarritutakoa. Gaurko menpekotasunezko harremanak gaindituz, lanaren ikuspegi integrala bermatu eta ematen den sexuen araberako lan banaketarekin bukatuko duena. Soilik horrelako lan harreman eredu batekin lortuko dugulako emakume eta gizonen soldaten arrakalarekin behingoz bukatzea.

 

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...