2024-12-22
HomeEkintza SozialaHan eta hemen, eskubideak pertsona migrante guztientzat

Han eta hemen, eskubideak pertsona migrante guztientzat

Heldu den abenduaren 18an pertsona migranteen eskubideen aldeko eguna izanen da. Aurten ere, nazioarteko krisi kapitalistaren ondorioek bere horretan jarraitzen dute, biziki eraginez: gero eta pobrezia handiagoa pertsonak eta herrientzat; eta horrekin batera, gero eta aberastasun handiagoa gutxi batzuentzat.

Langabeziaren ehuneko altuak, elikagaien prezioen igoerak, baliabideen aldeko borroka inperialistek, pribatizazioek, transnazionalek eta inbertsio funtsen erokeriak etekinen bila kosta ala kosta, errepresioak eta harresiek, eskubide sozialen desagerpenak,… besteak beste, oinarrizko eskubide sozialen zanpaketa ekartzeaz gain, hobeto bizitzeko helburua, norberak nahi duen tokian, erabat ukatu egiten dute.

2012 an, Euskal Herritik 22.000 gaztek alde egin eta prekarietatea eta deserrotzea gogoz kontra aukeratu behar izan zuten, gure herrian egoteko aukerarik ez zutelako. Milaka migrante Europan zehar, eta Euskal Herrian ere, osasun eta prestaziorik gabe bizi dira, eta askotan, atxikituak edo deportatuak dira bere azaleko kolorea dela eta, edo kalean hiltzen dira edo kriminalizazioa, arbuioa edo gorrotoa pairatzen dute. Ehundaka lagun itota hiltzen dira Europako harresia gainditu ezinik, guda eta miseriatik alde egiten dutenean. Eta horrela, zerrenda luze bat osa genezake munduan barna egunero gertatzen den indarkeria, oinazea eta sufrimenduarekin.

Abenduaren 18 honetan, LAB-ek ondokoa adierazi nahi du:

• Egungo orden ekonomikoa eta politikoa miloika lagun deserrotzera, prekarizaziora eta heriotzara kondenatzen ari da, gudak, interbentzioak, natur baliabideen lapurketa, esplotazioa eta gutxiengo baten irabazteko grinaren ondorioz.
• Europako gobernuen migrazioaren aurkako politiken arbuioa. Politika hauek errepresioa, kriminalizazioa, bazterketa, jazarpena, atxiloketa guneak, xaflak eta arrazakeria baino ez dituzte ekarri. Politika hauetan pertsonek ez dute tokirik: paperik gabe, etxerik gabe, eskubiderik gabe.
• Egoera hau onartezina da, pertsonak botere politiko eta ekonomikoen pieza huts bihurtzen gaituelako. Beraz, ezinbestekoa da eredu sozial berri bat pertsona guztien eskubideak onartuak izan daitezen.
• Euskal Herria denon artean eraiki beharra dago. Gure herrian bizi diren pertsona guztien parte hartze politiko eta soziala sustatu eta bermatu beharra dago, aniztasuna eta elkar ezagutza gure ekintzetan bilduz, beti ere, eredu sozial eta politiko berriaren alde. Denon borroka eta mobilizazioak ahalbidetu behar gaitu Euskal Herrian, erabakitzeko gaitasuna eta tresnak lor ditzagun, bertan bizi eta lan egiten dugun guztientzat eskubide ekonomikoak, sozialak, hizkuntzazkoak eta kulturalak onartuak izan daitezen.

Pertsona migranteen eskubideen onarpena 365 eguneko betebeharra da, 365 egun egoera politiko eta sozial injustua eraldatzeko, pertsonen eta herrien erabakitzeko eskubidea ukatu egiten duena. 365 eguneko zeregina, non Euskal Herriko Eskubide Sozialen aldeko Karta, inor baztertu gabe, aukera ezin hobea da lan kolektibo honetarako.
 

LAB sarean
{module[111]}

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...