2024-12-22
HomeEkintza SozialaHaien negozioak guretzat kolapsoa dakarrela eta, Munduko Bankuaren goi-bileraren aurrean trantsizio ekosozialista...

Haien negozioak guretzat kolapsoa dakarrela eta, Munduko Bankuaren goi-bileraren aurrean trantsizio ekosozialista justua aldarrikatu dugu

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, EH Kapitalari Planto, Jauzi Ekosoziala eta beste hainbat eragilek kontzentrazioa egin dugu gaur, BECen aurrean, Munduko Bankuak gaur abiatzen duen INNOVATE4CLIMATE goi-bileraren irekiera dela eta. Elkarretaratze zaratatsu baten bitartez erakunde honek krisi klimatiko eta sozialaren gainean daukan erantzukizuna salatu eta gailur honen bitartez egin nahi duten aurpegi garbiketa salatu dugu.

BEC erakustazokaren aurrean elkarretaratzea egin dugu lehenik, eta ostean alboko errepidea moztu dugu, argi utzi nahian espolioaren eta larrialdi klimatikoaren aurreko aurpegi garbiketa ez dugula onartzen.

Munduko Bankuaren topaketa honek berdez estali nahi du erakunde honek pobretzearen eta larrialdi klimatikoaren gainean daukan erantzukizun zuzena, bere sorreraz geroztik finantzatu izan baitu hainbat herrialderen espolioa.

Erakunde sinatzaileok ez dugu uste gailur honetan parte hartzen duten administrazio eta enpresek, CO2 emisioen erantzule nagusiak izanik, larrialdi klimatikorako inolako irtenbiderik eskainiko dutenik. Argi eta garbi adierazi dute: Ezin daiteke oligopolio energetikotik etorriko den trantsizio justurik espero, hau da, lurraldeen espoliazioaren eta jendartearen pobretzearen bidez aberasten direnengandik.

Hori guztia gertatzen da prekarietatea eta pobretzea handitzen ari den une berean, etxebizitzarekin egiten den espekulazioak, pentsioen murrizketak, osasuna, hezkuntza edota zaintzetako zerbitzu publikoak pribatizatzen ari diren une berean. Bestalde, eten ez diren feminizidio eta indarkeria matxistak ere aipatu behar dira, baita mugetan gertatzen diren heriotzak eta militarizazioa ere, eta jazarpen arrazistak nahiz mundu osoko gerrak. Horiek guztiak gizarte gisa erantzun beharreko errealitateak dira.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Euskal Herriak Kapitalari Planto plataformak eta Jauzi Ekosozialak, kolektibo sozial eta sindikal askorekin batera, indarrak batzeko deia egin eta mezu nagusia irmo adierazi dugu: Munduko Bankua eta haren heriotza-politikak ez dira ongi etorriak; energia fosilak behin betiko utzi eta trantsizio ekosozial bidezkoa eta demokratikoa jarri behar dugu martxan.

Administrazio arduradunei eskatzen diegu eragile sozialen eta ekologisten proposamenak entzun ditzatela, behar den aldaketa egiteko haiek dauzkaten proposamenak; izan ere, trantsizio ekosoziala herritarren parte-hartze zabalarekin gauzatu behar da, lurraldearen beraren subiranotasun politikoa errespetatuz.

Horregatik guztiagatik, bihar Bilbon egingo den manifestazioan parte-hartzeko deia luzatu dugu, 19:30ean Plaza Eliptikotik aterako dena.

Bestalde, gogorarazi behar da maitzaren 25ean Yayo Herrero ekintzaile ekofeministarekin hitzaldia egongo dela 19:00etan BilboRock-en.

Atera ditzagun gure bandera eta aldarrikapenak; elkarrekin, jendarte eredu-aldaketa posible dela eta borroka soziala bidea dela adieraztera goaz!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...