2024-12-22
HomeLAB SindikatuaLABKoronabirusaren hedapenaren aurrean, Euskal Herrian gutxieneko zerbitzuak ezartzeko unea dela iritzi dugu

Koronabirusaren hedapenaren aurrean, Euskal Herrian gutxieneko zerbitzuak ezartzeko unea dela iritzi dugu


Agerraldia egin dugu Bilbon, koronabirusaren hedapenaren aurrean sindikatuaren gogoeta, erabakiak eta eskariak aurkezteko. LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok eta Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak Euskal Herria gutxieneko zerbitzuetan jartzeko unea dela nabarmendu dute: "Epealdi batez, oinarrizko zerbitzuak mantendu (osasuna, elikadura, garbiketa, energia eta ura, helduen zaintza, garraio publikoa) eta bestelako ekonomia jarduera guziak eten beharko lirateke". Zentzu honetan, sindikatuak dagoeneko bere eginbeharrak eta lehentasunak berrantolatu dituela jakinarazi dute: Hauteskunde Sindikalak bertan behera uzteko akordioa; premiazkoak ez diren lan arloko epaiketak atzeratzeko eskaria; martxoaren 26rako aurreikusitako LABen Biltzar Nagusi artekoa atzeratzea; eta sindikatuan prebentzioa eta kontziliazioa bermatzeko neurriak, besteak beste.  


"Sistema bera da gaixo dagoena". Halaxe nabarmendu dute Igor Arroyok eta Xabier Ugartemendiak, Bilbon egindako agerraldian. Ez ohikoa den egoera baten aurrean gaude, emergentzia sozial egoeran, eta koronabirusaren krisiak sistemaren hutsuneak agerian utzi dituela adierazi dute: "Premiazkoa da koronabirusaren hedapena eragoztea, noski, baina premiazkoa da, halaber, bizitza erdigunean jarriko duen eredu berria eraikitzen hastea".

LAB sindikatuarentzat osasuna lehentasuna da, eta behar beste baliabide hartu behar dira krisi sanitarioari aurre egiteko eta kolektibo ahulenak babesteko: "Osasun zerbitzu pribatua botere publikoen zerbitzura jarri behar da. Behin behinean bada ere, gainezka dagoen zerbitzu publikoak duen aterabidea da".

Koronabirusaren krisiak zaintza krisiaren gordintasuna agerian utzi duela berretsi dute, eta Euskal Herrian gutxieneko zerbitzuak ezartzeko unea dela azpimarratu dute.

Era berean, langileen osasuna eta eskubideak babesteko neurriak eskatu dituzte; orain arte egin ez dutena egin dezatela, alegia: "Osalanek eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak irizpide zehatzak finkatu eta horien aplikazioaren jarraipena egin beharko lukete; aldiz, prebentzio neurrien zehaztapenaren ardura enpresen menpe dauden Prebentzio Zerbitzuengan delegatu du. Gauzak horrela, ez dago bermatzerik enpresek behar bezala jokatuko dutenik".  

Lan osasuna eta lan eskubideak babesteko neurriak
Enpresei zuzendutako eskaera eta exijentzien artean, lan osasunari dagokionez, langile guztientzat berehalako informazioa eta formazioa eskatu dugu, baita enpresak protokoloa ezartzea ere.

Era berean, ez dugula Erregulazio Espedienteak eta aldi baterako EEEak onartuko nabarmendu dugu: "Ez dugu onartuko Aldi Baterako EEEen kostua eta kaltea langileon bizkar erortzerik, EAEko eskola jangeletako langileekin egin duten moduan".

Zaintzari dagokionez, Madrilgo Gobernuak komentatu du laguntza bat sortzeko aukera legokeela egoera hauei erantzuteko. Honen azterketa espezifikoa egingo du LABek eta, bitartean, ezinbesteko betebeharragatik baimen ordaindu bezala kudeatu behar da zaintzagatiko baimena.

Administrazioari zuzendutako eskaeren artean, Estatuak Gizarte Segurantzaren kostu guztiak bere gain hartu behar dituela eskatu dugu; Estatua eta Eusko Jaurlaritza zein Nafarroako Gobernua, berriz, osasun sisteman izango duen gain kostu guztia. Diru funts publiko bat sortzea eskatu dugu, batez ere enpresa txiki eta ertainei laguntzeko.

Gure eginbeharrak eta lehentasunak antolatu
Eremu sindikalean ere eginbeharrak eta lehentasunak berrantolatu behar direla uste dugu, eta horretan jarri dugu indarra. Une hauetan, gure sindikatuaren lehentasuna langileen osasuna, zaintza eta lan eskubideak defendatzean datza eta horren mesedetan kokatuko ditugu geure baliabide guztiak.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...