2024-12-23
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaGure sinadura erretiratu dugu Kutxabankeko Berdintasun Planetik, marketin hutsa delako

Gure sinadura erretiratu dugu Kutxabankeko Berdintasun Planetik, marketin hutsa delako

LABek elkarretaratze bat egin du gaur, Bilboko Gran Via 30eko egoitzaren aurrean, Kutxabanken berdintasunik ez dagoela salatzeko. Bertako delegatuek eta LABeko Idazkari Feministako idazkari Elixabete Etxeberriak hartu dute hitza. Azken honek adierazi du azken boladan berdintasun planak ez betetzea norma bihurtzen ari dela: "Oso erraza da planak egitea, betetzea ez hainbeste".

LABek elkarretaratze bat egin du gaur, Bilboko Gran Via 30eko egoitzaren aurrean, Kutxabanken berdintasunik ez dagoela salatzeko. Bertako delegatuek eta LABeko Idazkari Feministako idazkari Elixabete Etxeberriak hartu dute hitza. Azken honek adierazi du azken boladan berdintasun planak ez betetzea norma bihurtzen ari dela: "Oso erraza da planak egitea, betetzea ez hainbeste".

2016ko azaroan, Kutxabankek eta enpresako sindikatu gehienok Berdintasun Plan bat sinatu genuen. LABentzako ez zen inondik ere Plan ideala, baina berdintasun eta kontziliazioari buruzko hobekuntza batzuk aurreikusten zituenez, guk ere sinatu genuen.

Enpresak berehala zabaldu zuen albistea komunikabideetan, helburu nagusia beteta izango balu bezala. Tamalez, laster ikusi genuen horrela zela. Izan ere, Kutxabankek sistematikoki ukatzen ditu lana eta familia bateragarri egiteko neurriak:

-Lotsarik gabe esaten digute berdintasunerako aurrekontua ZERO dela. Ondorioz, kontziliazio arazoetarako, enpresarentzako kosturik ez duten neurriak bultzatzen dituzte soilik: eszedentziak, ordaindu gabeko baimenak edota lan murrizpenak.

-Era berean, kontziliaziorako orduak onartzeko irizpideak erabat hertsiak dira, eta ez digute uzten orduak elkartuz lanegun oso bat hartzen.

-Amatasun baimenetik itzulita, amek borondatez kontrako lantoki eta lanpostu aldaketak jasaten dituzte, sarritan norbere etxetik urrunduz. Izan ere, enpresarentzako, irizpide komertzialak kontziliazioaren gainetik daude.

-Honekin lotuta, pertsonen gaineko ardura duten karguen ez dute jasotzen derrigorrezkoa den formakuntza, berdintasun eta kontziliazioaren inguruan. Ondorioz, praktika txarrak, ezabatu beharrean, ugaritu egiten dira.

-Eta hemen datu adierazgarri bat: emakumezkoak lantaldearen %60a izan arren, Kutxabankeko goi-karguetan ez gara %18ra iristen!!!:

• Administrazio Kontseiluan, 13 gizonezko eta 3 emakumezko.
• Batzorde Exekutiboan, 8 gizonezko eta EMAKUMEZKORIK EZ.
• Negozioko goi-organigraman (Kontseilari delegatutik behera sare desberdinen zuzendaritzetaraino), 29 gizonezko eta 6 emakumezko.

Azpi-zuzendaritzak kontutan hartzen baditugu ere, emakumezkoak ez gara %33ra iristen. Hori da Kutxabankek ezartzen digun rola. Honen aurrean, enpresaren politika “egoera pasiboki konpentsatu arte” zai egotea da.

Nazkatuta gaude Kutxabankeko matxismoaz eta hipokresiaz. Berdintasun Plana marketinerako bakarrik nahi duten bitartean, atzerakoiak eta matxistak diren bitartean, ez gaituzte haiekin argazkian aterako.

Horregatik, LABek bere sinadura erretiratzen du Kutxabankeko Berdintasun Planetik.

Berdintasunerako benetako borondatea pizten zaienean, gu ere negoziatzeko prest egongo gara, beti egon garen bezala.

Gero eta berdintasun gutxiago
Kutxabankeko delegatuek ez ezik, LABeko Idazkaritza Feministak ere bere irakurketa egin du gai honen inguruan. Elixabete Etxeberriaren hitzetan, "azken bolada honetan ikusten ari gara berdintasun planak ez betetzea norma bihurtzen ari dela. Orokorrean esan dezakegu berdintasunerako pausuak emateko tresnak izatetik, berdintasun planak apaingarriak izatera pasa direla. Eta hori berdintasun planak dauden enpresetan, gaur egun nahiz eta 250 langile baino gehiago izan, enpresa askok eta askok ez dute planik ezta egiteko asmorik ere".

Idazkari feministaren arabera, "oso erraza da planak egitea, betetzea ez hainbeste. Berdintasunaren aldeko diskurtsoak eta errealitatea kontrako norabideetan doaz. Pentsarazi digute lan munduan aurrerapausoak ematen ari direla: berdintasun planak horretarako balio dutela eta soldata arrakala famatu horrekin guztiok bukatu nahi dugula. Errealitatea, aldiz, ez doa hortik, enpresetako errealitate ezagutzen dugunok sindikatuok gara eta ez berdintasunari buruz hitz egiten duten erakundeek. Eta egunero ikusten ari garena, zoritxarrez, nahiko argia da: Gero eta berdintasuna gutxiago dago enpresetan. Eta hori esanda, eta Kutxabanken bezala hainbat enpresetan ere, ez dute benetan emakumeenganako diskriminazioarekin bukatzeko eraginkorrak diren neurriak martxan jartzeko asmorik".

LABeko ordezkariaren esanetan, "kontziliaziorako neurriak ezin dira izan 0 kostekoak. Hala bada, ez dira benetako neurriak.
Kontziliaziorako eskubidea ezin da mesede bezala onartu.
Amatasun lizentzia bukatuta lanera itzultzean lekuz aldatzea berdintasunaren kontrako neurri bat da, zigor modukoa. Hau onartezina da".

Aurrekontuak, formazioa, adierazle argiak ebaluazio serio bat egiteko, baliabide materialak zein pertsonalak, diagnostiko eguneratua eta helburu orokorrak zein espezifikoak eskatzen ditu berdintasun plan batek, bestela ez da plan bat izango. "Borondatea eta sinatutakoa betetzeko konpromisoa ezinbestekoa da, hori gabe, edozein plana izanda, itxurakeria izango da, besterik ez", adierazi du. 

LABek emakumeekin duen konpromisoa ez da planetan parte hartzera mugatzen. Planak egiten eta planak betetzeko borrokan aritu gara urte luzez, baina itxurakeria bihurtzen dituztenean, ez dugu langileen indarra bide antzuetan galduko. Kutxabankeko planetik sinadura kendu dugu ez dagoelako diskriminazioarekin eta arrakalarekin bukatzeko aukerarik horrela. Kutxabanken berdintasunaren alde borrokan jarraituko dugu gure ekintza sindikalaren bidez: salaketak eginez, aldaketak eskatuz, benetako neurriak hartu ditzaten presionatuz. Kutxabanken berdintasun planetik sinadura kentzea ez da amorrualdia baizik eta erantzukizunaren ariketa. Planak berdintasuna lortzeko balio dutenean aurrera aurrera egingo dugu, bestela, salatu, gure babesa kendu eta bete ditzatela eskatu behar dugu, langileek eskatzen duten bezala.

 

 

 
 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...