2024-11-16
HomeEkintza PolitikoaGure parte hartzea etengo dugu Enpleguko Borondatezko Gizarte-Aurreikuspen Erakundeetan

Gure parte hartzea etengo dugu Enpleguko Borondatezko Gizarte-Aurreikuspen Erakundeetan

25 urte pasa dira LABek enpleguko Borondatezko Gizarte-Aurreikuspen Erakundeetan (BGAE) (Elkarkidetza, Itzarri eta Geroa nagusiki) parte hartzea erabaki zuenetik. Orain, gure kidegoarekin BGAE-n inguruko eztabaida fase bat burutu berri dugu, BGAE-en eginkizunari buruz eta LABek BGAE-en inguruan izan beharreko posizioari buruz, hain zuzen ere.

Eztabaida bukaturik, ondorio moduan esan dezakegu, BGAE-ak LABek defendatzen duen ereduaren kontrako norabidean garatu direla. Izan ere prestazioak ez dira unibertsalak, ez dira langileen arteko elkartasunean oinarritzen, langileen arteko desberdintasunak areagotzen dituzte, langileriaren gutxiengoari ematen diote estaldura, ez dute lortu pentsio sistemaren osagarri izatea edo osagarri duinak eskaintzea, inbertsioek ez dute bertako ekonomia sarean modu estrategikoan eragiteko anbizio eta gaitasunik oro har eta ez dute balio izan sistema publiko propio baten sorreran urratsak emateko. Langile batzuei onura indibidualak ekarri dizkietela ezbaian jarri gabe, ez dute balio izan tresna kolektibo gisa.

Gainera, datozen hilabeteetan Espainiako Estatuak enpleguko pentsio planei legez bultzada eta zabalpena emango die, eta bertan eztabaidatzen ari diren eredua LABek defendatzen dituen irizpideen kontrakoa da. Pentsio sistema publikoa ahulduko du batetik, eta bestetik, ekarpenak egin ezin izango dituztenak soldata baxuenak dituzten kolektiboak izango direnez, jendartean dagoeneko badauden arrakaletan gehiago sakonduko da.

Hori guztia kontuan harturik, LABek, eztabaida eta parte hartze fase baten ondoren enpleguko BGAE-tan zuzendaritzako organoetako bere parte hartzea etengo du. Erabaki hori BGAE bakoitzeko batzar orokorretan gauzatuko du. LABek, pentsio sistema propio, publiko, unibertsal eta justu baten alde lan egiteko konpromisoa berresten du.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Irunen hildako garraiolariaren heriotza salatu dugu Donostian, Gizarte Segurantzaren egoitzaren aurrean

Azaroaren 11n, 56 urteko J.R.M.M. garraiolari lesakarra hil zen lanean Irunen, kamioia kargatzen ari zela. Transportes Etxetrans 2000 enpresako langilea zen. 2024. urtean 11 garraiolari hil dira lanean dagoeneko, horietariko asko, azken hau bezala, bihotzekoak jota. Gaur, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok mobilizazioa egin dugu Donostian, Gizarte Segurantzaren egoitzaren aurrean, laneko azken heriotza hau salatzeko.

Salatzen dugu Metro Bilbaoren zuzendaritza-egituran postuak gehitu direla eta azken hautatze-prozesua kritikatzen dugu

Gero eta gehiago dira Metro Bilbaoren zuzendaritza gorena osatu eta aholkua ematen dioten pertsonak. Gainera, postu horiek erakunde publikoetatik datorren jendez betetzen ari dira. Horrela, Metro Bilbaoko Gerentzia oso gertuko eta ideologia bereko pertsonez inguratzen ari da eta balio-eskala bikoitza eraikitzen ari dira zuzendaritza-ardura horien eta lehen lerroko langileentzat sortzen diren postuen artean.

Berako zahar etxeko patronatuak langileei aldebakarrez inposatutako murrizketak salatu ditugu

LAB sindikatuak irmo salatu nahi du Berako zahar etxearen patronatuak zenbait murrizketa ezarri dizkiela langileei, hala nola soldata igoerak aplikatzeari utzi edo plus eta osagarri batzuk kendu edo murriztu. LABek elkarrizketarako eta negoziaziorako jarrera erakutsi izan dio beti patronatuari baina honek ez du murrizketa guztietan gibelera egin nahi izan eta, hartara, langileak mobilizatzen hasi dira. Lehenik eta behin sinadura bilketa abiatuko dute herritarren babesa jasotzeko.