2025-04-12
HomeIndustriaMetalgintzaGure indar guztiekin bultzatuko dugu Gipuzkoako metalgintzako langileen aktibazioa, hitzarmen duin...

Gure indar guztiekin bultzatuko dugu Gipuzkoako metalgintzako langileen aktibazioa, hitzarmen duin bat lortzeko

Gaur, otsailak 7, delegatuen batzarra egin dugu Hernanin Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenaren negoziazioaren estrategia finkatzeko. Joan den maiatzetik hona, hainbat batzar egin ditugu ordezkariekin, afiliatuen bilerak eta propaganda banatzen ibili gara lantegietan, sektorea prestatzeko, Gipuzkoako metalgintzaren hitzarmenaren berrikuntza bultzatze aldera.

LABek beti izan du argi: beharrezkoa da aberastasuna banatzea eta, era berean, sektoreko langile guztientzako lan eta bizitza duina lortzeko baldintzak sortu behar ditugula, enpresa handi edo txikietan lan egin, enpresako hitzarmenarekin edo gabe. 2011tik daramagu sektoreko hitzarmena berritu gabe, Gipuzkoako metalgintzako enpresariek 803 milioi euro baino gehiagoko etekina aitortu duten bitartean. Lotsagarria da, eta onartezina.

Horrekin guztiarekin batera, LABek enpresetako hitzarmen eta sektorialen aldeko borrokan jarraitzeko konpromisoari tinko eusten diogu. Gipuzkoako metalean, zehazki, ezinbestekoa deritzogu. Izan ere, 50.195 langile egonik, horietatik 35.386 Hitzarmen propiorik gabe baitaude (2019ko LHKaren datua).

LABek anbizioz eta indarrez ekingo dio hitzarmenaren negoziazioari, eduki duinak dituen hitzarmena lortzeko. Prekarietatearen aurkako neurriak jasoko dituen hitzarmen bat, lan- erreformari aurre egingo diona, aberastasunaren bidezko banaketa bermatuko duena, benetako berdintasuna lortzeko bidean urratsak egingo dituena, eta sektore ahulenak babestuko dituena.

Espero dugu Adegi patronalak Bizkaiko metalean gertatu denaz nota ona hartu izana eta lan harremanen prekarizazio eta indibidualizazio politika bertan behera uztea. LABek argi du hitzarmen duina izateko bermerik onena sektoreko langileak aktibatzea dela, eta horretara dedikatzen jarraituko dugula sektoreko 500 ordezkarik baino gehiagok eta gure militantzia osoak.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

“Nazioa gara. Euskal langileak gara”, Aberri Eguneko adierazpena

Jarraian irakur dezakezue LAB sindikatuaren 2025eko Aberri Egunerako adierazpena:

UDALHITZ mahaia eratzea lortu da, negoziazioari ekiteko berme nahiko lortuta

15 urteren buruan, langileekiko arduraz eta begirunez joka dezala eskatzen dio LABek EUDELi. Izan ere, bada sasoia Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udal erakundeetan ezinbesteko erreferentzia den UDALHITZ marko arautzailea berritzeko.

Segurtasun juridikoa emango duen lege-babes berria eskatzen du LABek euskararentzat

LABek irmoki salatzen du Udal Legea garatzen duen dekretuaren aurka Espainiako Auzitegi Gorenak hartutako erabakia. EAEko Auzitegi Nagusiaren eta Auzitegi Gorenaren aurkako ebazpenen kateaketak...