2024-12-22
HomeJai inposaturik ez!Gure herriaren etorkizuna erabakitzea galarazten digun espainiar konstituzioarena ez da ospakizun eguna...

Gure herriaren etorkizuna erabakitzea galarazten digun espainiar konstituzioarena ez da ospakizun eguna Euskal Herriarentzat

Gaur, abenduak 6, lan egutegi propioa aldarrikatzeko eguna dugu Euskal Herrian, eta horretarako deia egiten du LAB sindikatuak. Espainiar konstituzioaren eguna inposatuz irain egiten digute euskal langileoi, irain euskal jendarteari, jai egun hori Espainian indarrean den legediaren ezarpenaren adierazle baita, herri honen burujabetza eskubideen ukazioaren adierazle. Espainiar Estatua nazio bailitzan aurkezteko baliatzen dute urteko lan egutegia, asimilazioaren bidean sakontzeko, espainiar "batasuna" bermatu nahian.
Abenduaren 6a ez da jai eguna Euskal Herriarentzat. Espainiar konstituzioaren eguna jai egun gisa inposatzeak ez dio erantzuten Euskal Herriak gaur bizi duen eskenatoki politikoari, kontrakoa baizik, urteetan gure herriak sufritu eta salatu duen ukazio eta inposaketa bere gordintasunean azaleratzen du.

Espainiar Konstituzioa herrien, nazioen eskubideak urratzeko sortua da, euskal herritarron eskubideak zapaltzen eta ukatzen ditu. Euskal herria nazioa da eta euskal jendarteak libre eta demokratikoki bere etorkizun insituzionala, ekonomikoa, eta soziala erabakitzeko eskubide osoa du.

Egun bizi dugun krisi testuinguru latzaren aurrean, Estatu espainiarra ekonomikoki hondoratzen ari den honetan, Euskal Herriak independentzia inoiz baino premiazkoagoa du, berarekin batera hondaratuko ez bada. Konstituzioa gure herriari aukera honi indarrez galarazten dion marko legala da. Beraz, gaur ez da ezer ospatzeko eguna, gure herriak duen erabakitzeko eskubidearen alde eta burujabetza politiko eta ekonomikoaren alde lan egiteko baizik.

Lan egutegiaren gainean, espainiar Estatuan, besteak beste patronalaren eskutik eta honen interesen arabera ezarri nahian dabiltzan aldaketa berrien aurrean, LABetik argi eta garbi diogu, euskal langileok geure egutegiaren gaineko eztabaida hemen, Euskal Herrian egin behar dugula. Urteko lan egutegia herri moduan eztabaidatu eta erabaki behar dugu.

Berton bizi gara, berton egiten dugu lan, eta gure lan egutegia berton erabakitzeko eskubidea dugu. Hori dela eta, gaur normaltasunez izango ditugu zabalik gure egoitzak, beste edozein lanegunetan bezala.

Euskal Herrian, 2011ko abenduaren 6an

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...