2024-11-25
HomeEkintza PolitikoaGure elkartasun eta babes osoa adierazten diogu Tubacex-eko lan heriotzen aurreko protesta...

Gure elkartasun eta babes osoa adierazten diogu Tubacex-eko lan heriotzen aurreko protesta ekimen batengatik bihar Gasteizen epaituko duten Ernai-ko kideari

2019an Tubacex-eko lantegietan lanean zeuden bi langile hil ziren hiru hilabete eskasetan. Lehenengoa, uztailaren 4an, Laudioko lantegian lanean zegoen I.E.A. 25 urteko langilea eta bigarrena, irailaren 18an, Amurrioko lantegian lanean zegoen M.G.R. 59 urteko langilea.

Tubacex-ek ukatu egin zuen zerikusirik izatea gertatutakoekin, baina enpresako langileen ordezkaritzatik eta LABetik argi geneukan lan istripu hauek lan baldintza prekarioen ondorio zirela. Horregatik prekaritateak eragindako heriotza hauek salatzeko hainbat ekimen egin genituen, 24  orduko lanuztea, manifestazioak, kontzentrazioak, etab.

Sindikatu zein eragile sozialek egindako ekimen jendetsuekin batera Ernai Aiaraldeak bestelako ekimen batzuk ere burutu zituen, horien artean Laudioko Zumalakarregi kalea moztea, Amurrioko lantegiko sarreran kateatzea edo Laudioko lantegiko sarrera gorriz margotzea. Ekimen hauengatik identifikatuak eta jazartuak izan dira Ernai Aiaraldeko gazteak. Gazteen kontra irekitako prozedura eta isunetatik batek aurrera jarraitu du, 7.000 eurotako isun-eskaerarekin. Bihar, azaroak 30, Ernaiko kide batek aurre egin beharko dio zigor eskaera honi eta epaitua izango Gasteizen lan heriotza bat salatzeko ekimen batengatik.

Gure babes eta elkartasun osoa adieraz nahi diogu epaitua izan den Ernaiko kideari zein Ernai Aiaraldeko kide guztiei, eta bihar 10:30etan Gasteizeko epaitegien aurrean egingo den elkartaratzean parte hartzera dei egiten dugu.

Azken urteetan 5 langile hil egin dira Tubacexen lanean ari zirela. Hau ez da kasualitatea, lan baldintza prekarioen ondorio baizik. Eta are larriago dena da behin lan heriotza bat egon ostean benetako neurri efektiboak hartu ez izana. Gainera, langileen heriotzen aurrean Tubacexeko zuzendaritzak ez du inolako erantzukizunik hartu nahi izan, aldiz, langile zein gazte konprometituak kriminalizatzeko lotsarik ez dute. Kasu honetan argi diogu, Tubacex-eko zuzendaritza da epaitu beharrekoa.

Prekarietatearen aurrean antolatzea eta borrokatzea dagokigu. Oraina margotuz geroa eraiki.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.