2025-04-22
HomeIdazkaritzakNazioartea IdazkaritzaGure babes eta elkartasun osoa luzatzen diogu Uruguain gaurko deitutako greba orokorrari

Gure babes eta elkartasun osoa luzatzen diogu Uruguain gaurko deitutako greba orokorrari

PIT-CNT zentral sindikal historikoak ordezkatzen duen Uruguaiko mugimendu sindikal bateratuak gaurko irailaren 17rako greba orokor bat deitu du. Euskal Herritik, LAB sindikatuak, greba orokor deialdiari bere elkartasun eta babes osoa bidaltzen dio eta mugimendu sindikal bateratuaren aldarrikapenak bere egiten ditu.

Pandemia garaiak bizi ditugu; zalantza askotariko eta langile klasearen eta herri sektoreen lan eta bizi baldintza duinak arriskuan jartzen dituen krisi ekonomiko, sozial eta osasun krisi garaiak, hain zuzen ere. Kapitalaren aldetik gure eskubide laboral eta sozialen jasaten ari garen erasoa ikusita, pandemia hau osasun krisi bat baino askoz gehiago dela esan beharko genuke.

Nahiz eta milaka kilometroko distantzia fisikoak (ez emozionala) banatzen gaituen, bi herrialdeen arteko errealitate sozial eta politikoak uste duguna baino antzekotasun gehiago dute. Hemen ere pandemia garaietan sexu eta genero biolentzia areagotu egin da; hemen ere diktadura garaiko inpunitatearekin bukatuko duen memoria, justizia eta erreparazioa behar ditugu; hemen ere inolako diru-sarrerarik ez duten pertsonetatik hasita, pertsona guztien bizi baldintza duinak bermatuko dituzten politika sozialak behar ditugu; hemen ere kapitalaren interesaren zerbitzura beharrean, langile klasearen eta herri sektoreen interesen zerbitzura egongo diren politika ekonomikoak behar ditugu; hemen ere langileen lan baldintza duinak eta eskaintzen den zerbitzua duina bermatzen dituzten zerbitzu publikoak behar ditugu; eta noski Euskal Herriak Espainiako Estatuak euskal preso politikoen afera termino demokratikoetan konpontzea behar du, Euskal Herrian agertoki demokratiko bat eraikitzeko pausu bezala. Gaur egun euskal preso politikoak kartzeletan erailak izatea onartezina da.

Horregatik, LAB sindikatuak gaurko egunarekin Uruguaien egingo den greba orokor deialdiarekin bat egiten du. Mugimenduan dagoen Uruguai bat behar dugu, mugimenduan dauden herrialde eta nazioak behar ditugu, zailtasunen aurrean herrien askatasunarentzat eta justizia sozialerantz pausuak emango dituztenak.

Uruguai, Euskal Herriarekiko elkartasun tradizio bat duen herrialdea, distantziatik euskaldunok errealitate hurbil bat bezala sentitzen duguna eta azken finean herri lagun bat, beti gure borroketan presente egoten jarraituko du. Horregatik eta bukatzeko, gaurko greba eguna herrialdea beste norabide batean jartzen lagunduko duen Uruguaiko langile klasearen indar erakustaldi bat izatea espero dugu. Etorkizuna gurea da eta herriok egiten dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.