2024-12-27
HomeZerbitzu PribatuakTelekomunikazioakGSS enpresako langileak enpleguaren defentsan mobilizatu dira Gasteizko Legebiltzarraren aurrean

GSS enpresako langileak enpleguaren defentsan mobilizatu dira Gasteizko Legebiltzarraren aurrean

GSS enpresako langileek elkarretaratze bat egin dute, 9:00etatik 10:00etara, Gasteizko Parlamentuaren aurrean, enpresak aurkeztu duen EREa salatzeko. Hain zuzen ere, Euskalteleko azpikontrata bat da GSS, eta Legebiltzarreko gaurko saioko lehen puntuan egoerari buruz aritu dira.

Hauxe da GSS langileek igorritako oharra:

Azaroaren 7an, GSS Line Solutions enpresak langileen legezko ordezkariei jakinarazi zien kontsulta-aldi bat hasiko zela, 90 langileen kaleraketak egiteko, haien artean Euskaltel enpresarentzat eman dituzten “Fidelizacion” zerbitzuari lotutakoak.

Sektore hori estatu mailako hitzarmen kolektibo batek araututa egoteak, zeinak ez baitu jasotzen plantilla subrogatzeko eskubidea, erabat babesik gabe uzten ditu langile horiek, etengabeko enpresa-aldaketak jasaten baitituzte.

Gehienbat emakumeek osatzen dute kolektibo hori, eta lanaldi partzialez, soldata oso txikiez eta baldintza erabat prekarioez gain, lan-ezegonkortasun erabatekoa dute, eta kontratu ugari kateatzen dituzte kasurik onenean.

Horri kontziliaziorako zailtasunak gehitzen badizkiogu, eta kasu batzuetan aldi berean enpresa batean baino gehiagotan lan egin beharra, bizitzeko aukera emango dien soldata bat izateko, eszenatokia suntsitzailea da.

Enpresen zein erakundeen arduragabekeriak muturreko egoera horietara garamatza. Lehenengoek, azpikontraten eta enpresa nagusien aldetik, ez baitute gutxieneko enplegu-bermerik ere eskatzen eta etekinen arabera baino ez baitira mugitzen; eta bigarrenek, berriz, baldintzak Espainiatik arautzea onartzen dute, eta ez baldintza duinak negoziatzeko eta lan-egonkortasuna bermatzeko aukera ematen digun esparru propio batetik.

GSSko langileek bi greba egun egingo dituzte ostegun eta ostiral honetan, eta horrela, hasiera emango zaie kontsulta-aldi honetarako aurreikusitako mobilizazioei; izan ere, GSS Line sozietateari enplegua mantentzea eskatu behar diogu, Euskalteli bere konpainiarentzat zerbitzuak ematen dituzten eta hirugarrenei azpikontratatuta dauden plantillen jarraipena bermatuko duten klausulak sartzea, eta erakundeei, berriz, negoziazio kolektiboa arautzen den esparruari buruzko erantzukizuna, herrialdeko edo autonomia erkidegoko eremuei bide emanez.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek grebara deitu du Linacal iturgintza enpresan, zuzendaritzak langileei entzungor egiten jarraitzen duela uste baitu

LAB sindikatuak Barañaingo (Nafarroa) Linacal iturgintza enpresako zuzendaritzaren jarrera onartezina salatu nahi du, langileek euren lan baldintzak hobetuko dituen enpresa itun bat negoziatzeko eginiko...

Munduko Medikuen zuzendaritzak EEE bat proposatu du langile guztien %25 kaleratzeko

Entitateko Langileen Legezko Ordezkaritzak ez ditu aintzat hartzen zuzendaritzak emandako arrazoiak, eta EEEa justifikaziorik gabea eta prebentiboa dela adierazi du.

EITBko zuzendaritzak euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu du helburuen artean euskara sustatzean duen hedabide bateko zuzendari

EITBko zuzendaritza nagusiak eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari berria hautatu berri du, EITBren webgune berrien sorkuntza prozesua amaitzeko. Pertsona horren ardura izango da, eitb.eus zuzentzeaz gain, jaiotzear den atari digital berria abian jarri eta horren zabalkundea gidatzea.