Manpower Group Solutions SLU eta Guggenheim Bilbao Museoa Fundazioaren kontrako lehen epaia atera zen atzo. Honen arabera, Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioa 6.251 eurotako kalteordaina ordaintzera zigortu dute grebarako eskubidea urratzeagatik, kaleratzea baliogabea dela ebatzi da eta demandantea bere aurreko lanpostuan berronartzera behartuz.
Gertakariak 2016ko udakoak dira, uztaila eta abuztukoak. Museoak azpikontratatutako 18 hezitzailek, LAB sindikatuan antolatutakoak, mobilizazioak eta grebak egin zituzten, lizitazio pleguetan subrogazio klausula txertatzea eta jasaten ari ziren lan- eta soldata-baldintza oso prekarioetan hobekuntzak aldarrikatzeagatik.
Guggenheim Museoa Fundazioaren erantzuna izan zen azpikontratatzen jarraitu nahi zuten zerbitzua bapatean internalizatzea, horretarako 3 langile soilik bideratuz, aurretik zerbitzua eskaintzen zuten 18 langileen aurrean. Erabakia borobiltzeko, greba egin ez zuten bakarrak izan ziren 3 langile hauek, protestak egin zituen kolektiboa bere osotasunean kaleratuz. Epaiak ondo adierazten duen moduan, erabaki hau lan- baldintza duinak aldarrikatu eta bizi zuten egoera jendaurrean jakinarazi zuten langileek aurkako mendeku argia izan zen.
LABetik modo oso positiboan baloratzen dugu, langileek urte eta erdi honetan jasandakoaren gainetik, pairatu zuten injustizia aitortua izan dela azkenean. Nabarmendu nahi dugu langileek euren eskubideen urraketaren aurrean eta gatazka osoan zehar izan duten jarrera borrokalaria, eta zoriondu egin nahi ditugu horregatik, beste behin erakutsi dutelako antolaketa eta borroka direla prekarietatearen aurka jarraitu beharreko bidea.