2024-12-23
HomeZerbitzu PublikoakZerbitzu SoziokomunitarioaGrebara deitu dute Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek

Grebara deitu dute Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek

Hitzarmen duin baten alde hainbat hilabetetan mobilizazioak egin ostean, eta patronalek ez aurrera, ez atzera egiten ez dutenez, Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntzaren Zerbitzuko langileek ez dute beste irtenbiderik, mobilizazioak areagotzea baino. Hala, LAB, ELA eta USO sindikatuok 13 greba egun deitu ditugu.

Hauxe da gaurko agerraldian irakurri duten adierazpena:

Etxez Etxeko Laguntzaren Zerbitzua, menpeko egoeran bizi diren pertsonentzat funtsezkoa bada ere, gero eta okerrago dago; horregatik guk, zerbitzu hori egunero ematen dugunok, mobilizaziora jo behar dugu, hobekuntza eske, bai arretaren aldetik, bai lan-baldintzen aldetik.

Arretari dagokionez, gure zerbitzuaren jasotzaileak gero eta gehiago dira, eta arian-arian babes-maila jaisten diete. Egin beharreko atazak handitzen dira, eta prestazio-orduak, aldiz, murrizten dituzte. Zerbitzuaren kalitatea, beraz, hondatuz doa argi eta garbi.

Lan-arloari bagagozkio, 5 urte daramagu soldata izozturik, eta lan-eskubideak murriztuta. Enpleguaren behin-behineko tasa handia da, eta lanaldi partzialak ugariak. Malgutasuna gero eta handiagoa denez, lanaren eta norberaren bizitzen arteko kontziliazioa oso zaila bihurtu da. Labur esateko, gure lan-baldintzak prekarioak dira.

Etxez Etxeko Laguntzaren Zerbitzuko langileok dei egiten diegu herri-erakundeei, beren burua feministatzat duten erakunde horiei, zainketa-lanak egoera prekarioko emakumeen eskuetan ez uzteko. Azken lizitazioetan, eta modu orokorrean, gutxienezko orduko prezioak ezarri beharrean, prezio horiek jaitsi dira, gure sektorea enkante irekian eskainiko balitz bezala. Ez dira bermatu zerbitzualdiko orduak, plantillen kontratuetako lanaldien egonkortasunaren kaltetan. Ez da jaso pertsonal osoaren subrogazioa, eta enpresa azpikontratistek uko egiten diote plantilla osoa subrogatzeari, eta abar.

Hainbat hilabetetan lanuzte partzialak eta mobilizazioak egin ditugu, Bizkaiko udal nagusietan mozioak sustatu ditugu, zerbitzua eta lan-baldintzak hobetze aldera, baina harturiko konpromisoak ez dira oraindik bete. Udalei tinko eskatzen diegu osoko bilkuretan ebatzitakoa betetzeko: baldintza-pleguetan langileen subrogazioa sartzea, eta baita zerbitzua behar bezala emateko lanaldi-orduak ere, aurrekontu-zuzkidura handiagoa, eta abar.

Gure lan-baldintzen gainbehera sektoreko patronalen errua izan da, haiek aldiz etekin itzelak eskuratu dituzte diru publikoaren kontura. Hitzarmena berritzeko izan ditugun bileretan ez dute erakutsi akordiorako borondaterik txikiena ere. Negoziazio-mahaiaren azken bileratik urtebetea baino gehiago igaro da, eta denbora horretan ez dute, ezta zirkinik ere egin. Mobilizazioak egiten hasi baino lehen, eta azken saiakera gisa, patronalak premiatu ditugu negoziazio-mahaiaren bilera bat egitera, eta sektoreari duintasuna itzultzeko pausoak ematera. Bilera hori egiteko zenbait data eman arren, eta ito-puntutik ateratzeko patronalak duen borondaterik eza ikusita, beti luzamendutan dabil-eta, ELA, LAB eta USO sindikatuok ez dugu beste irtenbiderik ikusten greba-deialdia egitea baino. Ondorioz, hurrengo hiru hilabeteetan 13 egunetan greba egiteko deia egiten dugu, blokeo-egoera gainditzearren. Hona hemen greba-egunak:

• Urriak 26 eta 29.
• Azaroak 22, 23, 26 eta 27.
• Abenduak 24, 26, 27, 28, 29, 30 eta 31.

Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntzaren Zerbitzuko langileok borrokan jarraitzeko gure erabaki irmoa adierazten dugu berriro. Ez dugu atzera egingo harik eta funtsezko zerbitzu honen prestazio egokia bermatzeko moduko lan-baldintzak lortuko ditugun arte.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...