2024-12-22
HomeEkintza SindikalaGreba hasi dute Arabako Foru Aldundiko suhiltzaileek

Greba hasi dute Arabako Foru Aldundiko suhiltzaileek

Lehenengo deialdiak 3 aste iraungo du, abuztuaren 4ra arte, eta aurreikuspenen arabera, uda osoa iraungo du Arabako Foru Aldundia ez bada negoziatzera esertzen suhiltzaileen egiturazko arazoak konpontzeko.

Langileek zortzi urte daramatzate lan-hitzarmenik gabe, ondo definitutako lan-baldintzak ez dituen EAEko suhiltzaile zerbitzu bakarra delarik. Horrek aukera ematen dio egungo Zuzendaritza-Gerentziari, Jone Berriozabal diputatuaren oniritziarekin, gizartearen
eta langileen urtetako aldarrikapenak bazter uzteko.

Joan den astean erregistratu genuen zuzendari gerenteak, Alberto Amenabarrek, kargua uzteko egindako eskaera. Zerbitzu honetan duen eskumena guztiz eztabaidagarria da, eta haren kudeaketapean egin da Euskadiko suhiltzaile-zerbitzu guztien LEP negargarriena. Horrez gain, jarrera gatazkatsua izan du langileekinko. Nabarmentzekoa da Arabako suhiltzaileek hiru urte daramatzatela suhiltzaile-bururik gabe, eta urte hauetan guztietan, erabaki estrategikoak eta egunerokoak Amenabarren esku baino ez daude.

Bada, azkenengoa izan da aurtengo udako kanpainarako langile gutzientzako nahitaezko prestasuna ezarri izana, negoziaziorik eta ordainik gabe. Kasua bereziki esanguratsua da. Langileen ordezkariek, aipatu kanpaina prestatzeko, aurtengo urtarriletik hona zerbitzuaren asmoak zeintzuk diren galdetu dute. Ez dugu inolako erantzunik izan, bat ere ez. Izan genuen albiste bakarra Jone Berriozabal diputatuak berak eman zigun, Batzar Nagusietan. Argi utzi zuen ez zirela iazko kontratazio publikoak egongo, gure Lurralde Historikoa “inoiz baino prestatuago” zegoelako baso-suteen aurrean, eta ez zelako inolako errefortzurik behar.

Langileak harrituta geratu ziren erantzun horren aurrean, langileen ordezkariei eta zerbitzuaren alderdi teknikoari galdetu gabe hartu baitzen erabaki hori. Inolako errefortzurik behar ez bada, nola da posible bat-batean, uda erdian, zerbitzu-agindu bat ezartzea, prebentzioz nahitaezko prestasuna ezarriko duena, negoziaziorik eta ordainik gabe?

Izan ere, arabarrek jakin behar dute “zerbitzuaren beharrak” aitzakiatzat hartuta, zerbitzuaren ohiko eta egiturazko beharrak betetzeko ezohiko egoeretan ezarritako legezko neurriak erabiltzen direla ezkutatzen dela, eta ohitura hori ohikoa da zerbitzu hori sortu zenetik. Zuzendaritza-Gerentzia honentzat gauzak egiteko modu bakarra dago: inposaketa.

Erakunde autonomoaren eta Arabako Foru Aldundiaren autokritika falta nabarmena da. Erabilitako argudio bakarra da errua langileei eta haien ordezkariei egoztea, inolako oinarri teknikorik gabe. Arkautiko LEP negargarria justifikatzeko egin zuten, eta orain, berriz ere, bidezko aldarrikapenen aurka egiteko erabiltzen dute.

Gauzak horrela, gaur greba abiatu dugu, hiru aldarrikapen nagusirekin: plantilla handitzea, lan-hitzarmena, eta inposaketak bertan behera uztea. Arabako Foru Aldundiko suhiltzaileen zerbitzuko langileok gure lanbidea eta zerbitzu publikorako bokazioa defendatuko
ditugu edozein mehatxuren aurrean, edonondik datorrela ere.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...