2025-01-09
HomeEkintza SindikalaGreba egunera deitu dugu ekainaren 23rako, Gipuzkoako ehungintza merkataritzan

Greba egunera deitu dugu ekainaren 23rako, Gipuzkoako ehungintza merkataritzan

Gipuzkoako ehun-merkataritzaren sektorean 2.262 langile daude gaur egun. Kolektiboaren egoera desberdina da, batzuei 2006-2009 hitzarmena aplikatzen baitzaie (eta soldata izoztuta dute 2009 urtetik) eta beste batzuei 2010-2018 hitzarmena.

ADEGI eta Gipuzkoako Merkataritza Federazioak 2010-2018 urteetako hitzarmena inpugnatu zuten eta, ondorioz, estatutuz kanpoko hitzaremena kontsideratu zen. Baina, errealitatean, aplikatzera iritsi den hitzarmena da. Adibidez,  Donostiako kaleko dendetan eta Donostia eta inguruko merkataritza zentroko langileen egoera aztertu dugu, guztira 970 langileen datuak ditugu, hau da,  esparruan totalean dauden % 42,88, eta horietatik 734ri 2010-2018 hitzarmena aplikatzen zaie, hau da %75,67ri.

Hori kontuan hartuta eta historian haratago joz, esan behar da lan-baldintzetan aurrerapenik izan ez duen sektoreaz ari garela.

2021 urte amaieran, ehungintza merkataritza hitzarmena berritzeko negoziazioekin hasi genuen. Harrezkero, hainbat negoziazio-bilera izan ditugu. Bilera hauetan, hainbat arazoekin aurkitu gara, eta horrek akordio batera iristea eragozten digu. Lehenengoa, patronalek ez dutela 2010-2018 hitzarmena onartzen eta 2009ko egoeratik abiatu nahi dutela. KPIren pareko soldata-igoerak, ordu osagarrien kontsolidazioa, inauterietako arratsaldearen eta Aste Santuko larunbataren ordainketa, lanaldiaren distribuzio erregularra eta igande eta jaiegunetako lana arriskuan jartzen dira, besteak beste.

Sektorearentzat egoera hau jasanezina da. Urtean 1.748 lanorduetatik jaitsi ezin izan duten langileetaz ari gara,  20 urte baino gehiago borondatezkoa ez den 20 orduko lanaldi partzial bat duten langileez ari gara, kontziliatzeko ezintasuna eta  promoziorako aukerarik ez dutenetaz ari gara,  eta digitalizazio prozesuen ondorioz dendak itxi, eta kaleratzen dituzten langileez ari gara. Hilean gordinean 950 euro jasotzen duten langileez ari gara.  Baina, zorionez, antolatu eta aski dela esan duen kolektibo bati buruz ere ari gara. 

Horrenbestez, LAB eta ELA sindikatuok beste greba-egun bat deitu dugu ekainaren 23rako, Gipuzkoako ehungintza merkataritzako langile guztientzat. Ezinbestekoa da, beraz, patronalek kolektiboaren lan-baldintzak hobetzeko proposamen bat egitea, sektoreak pairatzen duen partzialtasunerako, eta urteko lanorduen jaitsierarako irtenbideak barne, besteak beste. Gainera, digitalizazioari aurre egiteko neurriak hartu behar dira; izan ere, merkataritza azken aldian online salmentaren ondorioz denda itxierak jasan  ditu. 

Gipuzkoan, 2020ko abendutik 2021eko abendura bitartean, hainbat katetako dendak itxi dira; Irungo eta Eibarko Stradivarius, Zara Home Garbera, Masssimo Dutti urbil, Woman Secret zentroa  eta Irun, Eibarko Springfield, Donostiako COS, e.a. Guztira, zuzenean suntsitutako 70 lanpostu baino gehiago. Enpresak ezarritako salmenta-helburuetara iristen diren denda errentagarriak itxi dira, eta horri buruz hitz egin behar da eta neurriak hartu behar dira, urjentea da. 

Merkataritzaren egoerak nabarmen egin du okerrera azken urteotan, gero eta gutxiago gara eta gero eta lan-baldintza okerragoak ditugu. Premiazkoa da Gipuzkoako ehun-merkataritzaren errealitatea jasoko duen hitzarmen bat, lan-baldintzak hobetuko dituena eta kalitatezko enpleguaren bermea izango duena.

Greba egun honetarako informazio-piketeak egingo dira Donostia eta inguruko merkataritza-gune guztietan, Urbil, Mendibil eta Txingudi  eta, 12:00etan, AKELARRE bat egingo dugu, patronalaren proposamenak erretzeko. Ondoren kalejira egingo dugu Donostiako kaleetan zehar. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Baskonia-Alavesek bermatu behar du bere obretan ari diren langileak lanetik etxera osasuntsu eta bizirik bueltatzea

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok elkarretaratzea egin dugu gaur Gasteizen, Baskonia-Alavesen dendaren aurrean, urteko lehen lan heriotza salatzeko. Urtarrilaren 7an, Baskonia-Alavesen obra batzuetan lanean ari zen I.R.T. 54 urteko langilea hil zen, lurrak mugitzeko makina batek harrapatuta. Construcciones Urrutiak azpikontratatuta, Excavaciones Mendiola enpresarentzat ari zen lanean.

2024ko azken lan heriotza salatu dugu Zornotzan

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok kontzentrazioa egin dugu Zornotzako Boroa enpresa-parkean, Forest Trafic enpresaren aurrean. Abenduaren 30ean I.P.C. 41 urteko langilea hil zen enpresan. Langilea inbentario-lanak egiten ari zen biltegian orga jasotzaile batekin, eta garraiatzen ari zen zamaren zati bat gainera erori zitzaion.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiruk gutxieneko soldata propio baten aldeko Herri Ekimen Legegileak erregistratu ditugu Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan

Hego Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoa eta sindikala isladatuko duen LGS berria burujabetzaren aldeko aurrerapausoa izango litzateke. Lanbidearteko Akordioa eta Herri Ekimen Legegilea bide osagarriak direla ulertuta, bi bide horiek lantzearen alde egiten dugu.