2024-12-23
HomeEmakumeakMartxoak 8Sindikalismo feminista indartzen jarraituko dugu eredu berri bat eraikitzeko

Sindikalismo feminista indartzen jarraituko dugu eredu berri bat eraikitzeko

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Arantxa Vazquez batzorde-exekutiboko kideak martxoaren 8ko greba feministak emakume langileen borrokei ekarri dienaren balorazioa egin dute. Hain zuzen ere, sindikatua indarberrituta dagoela nabarmendu dute, emakumeok bizi dugun diskriminazio egoerei aurre egin eta lantokietan ekintza sindikal feminista garatzen jarraitzeko. Hala, egoera aldatzeko proposamen eta aldarrikapenen berri eman dute: "Emakumeok pairatzen dugun diskriminazio egoera ororekin amaitzeko baditugu proposamenak, eta, garrantzitsuena dena badugu indarra, aurtengo martxoaren 8an erakutsi moduan".

Garbiñe Aranbururen hitzetan, emakumeok bizi dugun diskriminazio egoerei aurre egin eta LABek bere eredu sindikal feminista garatzen jarraitzeko baldintza berriak sortu ditu martxoaren 8ak. Hala, adierazi du indarberrituta gaudela lantokietan prekarietateari aurre egin eta borroka sindikalak pizten jarraitzeko. "Aurreko urteko plantoaren emaitza izan dira, azken urtean, eta, batez ere, sektore feminizatuetan irekitako borrokak, eta borrokaren emaitza izan diren akordio duinak. Aurtengo grebak ere lagunduko du·, adierazi du. 

Bestalde, LABeko idazkari nagusiaren arabera, lantoki guztiek eduki beharko lukete Aukera Berdintasun Plana, "ez gaur egun ezagutzen ditugun edukirik gabeko plan hutsalak, baizik plan errealak eta eraginkorrak, diagnostiko batean oinarrituta eta sindikatuekin negoziatuta. Planak ezin dira erabili enpresen irudiak zuritzeko, baizik eta emakumeenganako diskriminazioekin bukatzeko".

Instituzioei politika publikoen norabidea aldatzea eskatzeko ere indarberrituta gaudela azpimarratu du Garbiñe Aranburuk: "Instituzio publikoei eta alderdi politikoei neurri zehatzak eskatzen dizkiegu, diskriminazioarekin bukatzeko neurriak martxan jar ditzaten lehenbailehen, hau da, politika feministak martxan jar ditzaten".

Aldarrikapen feministak agenda politikoaren erdigunean kokatu direla berretsi du, baina mugimendu feministaren diskurtso bereganatzea edota greba eta mobilizazioekin bat egitea ez dela nahikoa argi utzi du: "Aurpegi zuriketarik ez dugu onartuko".

Lan eta bizi baldintza duinak aldarrikatzen ditugu guztiontzat. Emakumeok prekarietatea modu berezituan jasaten dugunez, sindikatuaren aldarrikapen eta borrokak zerrendatu ditu:

Soldata duina: 1.200 euroko gutxieneko soldata guztiontzat, bereziki emakumeen egoera hobetuko duena.

Lan guztien aitortza politiko, ekonomiko eta soziala. Lan horien berrantolaketa eta lan banaketa-lanaldi murrizketa.

Diskriminazio egoerekin amaitzeko neurriak:

-Berdintasuna kontratazioan
-Soldata arrakalarik ez
-Lanaldi partzial inposaturik ez; emakumeei autonomia ekonomikoa ziurtatuko dien gutxieneko lanaldiak.
-Kontziliazio eta korrespontsabilitate neurri eraginkorrak. Gaur egun dagoen eredua aldatu behar da.

Lan osasuna:

-Sexu jazarpena eta jazarpen sexista ekiditeko protokoloak enpresa guztietan.
-Emakumeok pairatzen ditugun gaixotasun profesional espezifikoak aztertu eta neurriak jarri horiekin bukatzeko.

Negoziazio kolektiborako marko propioa, estatalizaziorik ez. Bertako sektoreko hitzarmenen garrantzia, bereziki sektore feminizatuen kasuan.

Zerbitzu publikoen pribatizazio eta merkantilizazioarekin amaitu.

Zaintzarako euskal sistema sortu.

-Egungo ereduak prekarietatea eta soldata arrakala handiagoak sortzen ditu.
-Eta emakumeak berriro ere zaintza lanetara kondenatzen gaitu. Aipamen berezia merezi du etxeko langileen egoerak, etxez etxeko laguntzak edota hirugarren adineko egoitzetan lan egiten duten emakumeen egoerak.
-Etxeko langileekin ere aliantzak sustatu nahi ditugu, gure ustez etxeko langile “interna” figura desagertu egin behar delako.

Ekimen ugari
Arantxa Vazquezek, bere aldetik, greba feministaren balorazioa egin du: "Indarrean dagoen sistema kapitalista eta heteropatriarkala zalantzan jartzea lortu dugu guztion artean, eta eredu berri baten alde dagoen gehiengoa garela argi gelditu da. Bizitza erdigunean jarri, lan guztien aitortza egin, lan guztien banaketa eta aberastasunaren banaketa ekarriko duen eredu berri baten alde egin dugu kaleetan zein lantokietan".

Euskal Herriko borroka eta mugimendu feminista indarturik atera direla berretsi du: "Euskal sindikatuak mugimendu feministarekin eskuz esku aritzeak aliantzak indartzeko balio izan du. Lan merkatuan zein lan merkatutik kanpo gertatzen denaren arteko lotura ikustaraztea lortu dugu guztion artean".

Iazko eta aurtengo martxoaren 8ko greba eta mobilizazioak mugarri garrantzitsua direla adierazi du, eta lan munduan ere borroka sindikalak pizteko bultzada izan direla nabarmendu. Izan ere, asko dira zabalik dauden borrokak, batez ere sektore feminizatuetan, eta, batez ere, zaintzarekin zerikusirik duten sektore gehienetan.

Aurten, greba feministaren aurre lanketan, hainbat erakunde publiko seinalatu ditugu emakumeen lan baldintzen prekarizazioan beraien erantzukizuna salatzeko eta soldata arrakalaren gaian proposatzen diren neurriak ez nahikoak direla ozen esateko. Hala, egindako ekimenak zerrendatu ditu Arantxa Vazquezek:

• LABeko Emakumeen Nazio Batzar arrakastatsua egin dugu. 250 emakumetik gora bildu ginen.

• “Neskamearen ipuina” irudikatuz, sektore feminizatuen gatazkak eta lan egoera salatu ditugu Bilbon, hainbat erakunde publikoen aurrean.

• Gipuzkoako egoitzetako langileek itxialdia egin dute Aldundian.

• Emakumeon eskubide falta salatu dugu Sestaon, Gizarte Segurantzaren egoitzan.

• Osakidetzako soldata-arrakala salatu dugu, Gasteizko Zerbitzu Zentraletan.

• Pikete Feminista egin dugu Donostian, soldata arrakala salatuz eta martxoaren 8ra dei eginez.

• Emakunderen egoitza okupatu dugu, eta Nafarroako Parlamentua eta Berdintasun Institutua interpelatu, soldata arrakala arazo politikoa dela salatzeko.

• Eusko Jaurlaritzaren soldata arrakalarekin amaitzeko propaganda neurriak salatu ditugu.

Instituzioen aldetik jasotako erantzunak oos bortitzak izan direla jakinrazi du Arantxa Vazquezek: 

• Emakundek modu autoritarioan erantzun digu, eskatzen genuen edukietan sakondu gabe.

• Sestaoko Gizarte Segurantzan gure lankideek jazarpena jaso zuten, baita identifikazioak ere, emakumeen egoera salatzeko burutu zen ekintza batean.

• Osakidetzan erantzun gisa, Ertzaintza deitu zuten gure lankideak identifikatzeko eta gure salaketa eta aldarrikapenak oztopatzeko.

• Greba egunerako hainbat enpresatan, publikoak (Osakidetza, erresidentziak…) zein pribatuak (Eroski, esaterako) saiatu dira lehenengo momentutik langileak ordezkatzen, greba batean hori ezin dela egin jakin arren.

• Eusko Jaurlaritzak, berriro ere, gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezarri zituen. Nabarmengarria da nola grebetan gutxieneko zerbitzu altuak jartzen diren eta, aldi berean, egunerokotasunean zaintzarako zerbitzuetan (egoitzak, Osakidetza, etxez etxeko laguntza, eta abar) langile ez nahikoarekin emateko izugarrizko apustua egiten dela erakunde publikoetatik. Kontraesan horren atzean laburbiltzen da zaintza lanei zer garrantzia ematen ari zaie gaur egun Euskal Herrian, botere politikoen aldetik

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...