2024-12-25
HomeEkintza SindikalaGizarte Segurantzak eta bi enpresatako osasun zaintza zerbitzuek bi garbitzaile lan egitera...

Gizarte Segurantzak eta bi enpresatako osasun zaintza zerbitzuek bi garbitzaile lan egitera behartu dituzte nahiz eta mugitzeko eskorgen laguntza behar duten

Mugikortasun arazo nabarmenak izanagatik ere lan egitera behartu dituzten bi garbitzaile nafarren kasua ezagutarazi dugu gaur LAB sindikatutik. Lacera eta Zaintzen izeneko garbiketa enpresetako enplegatuak dira, batek taka-taka baten laguntza behar du eta bertzeak gurpil-aulki batena, eta hala ere Gizarte Segurantzak eta enpresen osasun zaintza zerbitzuek ezintasun iraunkorreko aitortzak eta bajak ukatu dizkiete. LABen uste dugu erakunde horiek tratu ankerra eta iraingarria eman dietela langileei, eta pertsonen osasunerako eta osotasun fisikorako eskubidearen aurka zuzenean egin dutela.

Nafarroan LABen bozeramaile den Imanol Karrerak adierazi duenez, Gizarte Segurantzako eta enpresen osasun zaintza zerbitzuetako arduradunak ez ziren burutik sano egonen bi garbitzaileak taka-taka baten eta gurpil-aulki baten laguntzaz lan egitera behartzeko erabakia hartu zutelarik. Karrerak jokabide “gizagabe, lotsagarri eta iragan mendeetako berezko” horren erantzule egin du CENeko enpresaburu nafarrek lan absentismoari buruz egiten duten diskurtso “manipulatua”, “lan osasunari dagozkion eskubideetan atzera egitea” helburu duena.

Diskurtso “atzerakoi” horren aitzinean, Karrerak ziurtatu du LABek, bere ekintza sindikal eta juridikoaren bidez, beti defendatuko duela Nafarroako langileen lan osasunaren eta bizi baldintzen inguruko eskubideak zabaltzea. Karreraz gain, gaurko prentsaurrekoan bi langileen ondoan izan dira Yolanda Forcelledo LABeko Garbiketa sektoreko arduraduna eta sindikatuko aholkulari bat.

LAB sindikatutik ohartarazi dugunez, Gizarte Segurantza langileen bizi kalitatea okertzen ari da, egoera tamalgarrietan lan egitera behartu arte, bi garbitzaile hauen kasuan bezalaxe. “Arrazoi ekonomiko hutsek gidatuta, Gizarte Segurantzaren ikuskaritza medikoak ezintasunak ez errazteko agindua du, eta, beraz, urtetik urtera langileen bizitza okertzen ari da”, gaineratu du Karrerak.

Taka-taka eta gurpil-aulkia

Lacera enpresako 56 urteko langilearen kasuan, Osasunbideko 2024ko irailaren 17ko txosten medikoak aitortzen du “patologia osteoartikularra dela-eta eguneroko bizitzan mobilizatzeko eta jarduerak egiteko muga garrantzitsuak dituen pazientea” dela, eta ohartarazten du “ibiltzeko eskorga behar duela” (taka-taka). Langile honek %56ko desgaitasun aitortua du. Hala ere, Osasunbidearen ebidentzia medikoaren aurka, aldi baterako ezintasuneko aldia bukatu ondoren, Gizarte Segurantzaren ikuskaritza medikoak ez zion ezgaitasun pertzeptiboa eman irizpide ekonomizista hutsengatik, eta, jarraian, Quirón Prevención osasun zaintza zerbitzuak, 2024ko abuztuaren 19ko txosten baten bidez, garbiketako langilea bere lanpostura itzultzera behartu zuen, “mugekin gai” zela deklaratuz.

Eta hori hala egin zuen, nahiz eta zinizmo ariketa ikaragarrian zera aitortu zuen: langileak “kargak manipulatzea saihestu behar du (altxatzea, trakzioa eta bultzada) > 5 kg; ezin ditu konkortzeak egin (bizkarrezur lunbarra) modu jarraituan; ez du egin behar goiko bi gorputz-adarrak sorbaldaren gainetik behin eta berriz altxatzeko mugimendu errepikakorrak eraginen dituen lanik; ez du egon behar bipedestazio estatikoan, bipedestazio dinamikoarekin tartekatu behar du; ezin da sedestazio luzean egon, bipedestazio estatikoarekin/dinamikoarekin tartekatu behar du”. Muga horiek guztiek objektiboki eragozten diote garbitzaile gisa dituen eginkizunak betetzea, eta, hala eta guztiz ere, Arrotxapeko (Iruñea) Patxi Larrainzar ikasketxean ari da lanean, garbitzen.

Zaintzen izeneko enpresako bertze langileak ere 56 urte ditu eta %49ko ezgaitasun aitortua du. Osasunbidearen 2022ko abuztuaren 25eko txosten mediko batean jasotzen denez, “diagnostikoak, gehienak izaera kronikokoak dira, eta bertze batzuk espezialitate desberdineko jarraipena egiteko zain daude (Barne Medikuntza), eguneroko jarduera gehienetarako oso muga garrantzitsuak dira. Bertzeak bertze, ibileran egondako aldaketa bat nabarmentzen da, eskorga erabiltzera behartzen duena, eta euskarririk/laguntzarik gabeko jarrera finkoetan egoteko mugatzen duena. Era berean, patologia horiek etengabe minez bizitzea eta maila emozionalean ere funtsezko eragina izatea dakarte”. Osasunbideak 2022ko azaroaren 7an egindako bertze txosten mediko batean jasotzen denez, “duela bi hilabete inguru, pazienteak, oinarrizko sintomei dagokienez, gurpil-aulkian laguntza behar du oinez 10-15 minututik gorako joan-etorrietarako”.

Bigarren kasu horretan, langileak oraindik ez du enpresaren osasun zaintza zerbitzuaren txostena jaso. Hala ere, horren faltan, urriaren 2an (bihar) lanera joan beharko du Mendillorriko Mendigoiti ikastetxera (Iruñea). Bere gurpil-aulkiaren laguntzarekin joanen da, noski.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek grebara deitu du Linacal iturgintza enpresan, zuzendaritzak langileei entzungor egiten jarraitzen duela uste baitu

LAB sindikatuak Barañaingo (Nafarroa) Linacal iturgintza enpresako zuzendaritzaren jarrera onartezina salatu nahi du, langileek euren lan baldintzak hobetuko dituen enpresa itun bat negoziatzeko eginiko...

Munduko Medikuen zuzendaritzak EEE bat proposatu du langile guztien %25 kaleratzeko

Entitateko Langileen Legezko Ordezkaritzak ez ditu aintzat hartzen zuzendaritzak emandako arrazoiak, eta EEEa justifikaziorik gabea eta prebentiboa dela adierazi du.

EITBko zuzendaritzak euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu du helburuen artean euskara sustatzean duen hedabide bateko zuzendari

EITBko zuzendaritza nagusiak eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari berria hautatu berri du, EITBren webgune berrien sorkuntza prozesua amaitzeko. Pertsona horren ardura izango da, eitb.eus zuzentzeaz gain, jaiotzear den atari digital berria abian jarri eta horren zabalkundea gidatzea.