2024-12-22
HomeZerbitzu PribatuakBestelakoakGizarte Segurantza Glovoko Nafarroako langileen alta tramitatzen ari da, gure ekinbideen ondorioz

Gizarte Segurantza Glovoko Nafarroako langileen alta tramitatzen ari da, gure ekinbideen ondorioz

LAB sindikatuak jakin duenez, iragan astelehenetik, abenduak 16, Glovo enpresak Nafarroan erabiltzen dituen langileak Gizarte Segurantzatik SMS bat jasotzen ari dira. Mezu horretan esaten diete GlovoApp enpresan alta emateko izapideak egin dizkietela eta horrek atzeraeragina duela enpresan lanean hasi zirenetik. Gogoratzekoa da irailean LAB sindikatuak salaketa jarri zuela Lan Ikuskaritzan, Glovo enpresak bere langileei egiten dien kontratazioa aztertzeko eskatuz. Lan Ikuskaritzaren ebazpena ez da oraindik etorri, baina badirudi LABen tesia bermatuko duela.

Jarritako salaketan, LABek zioenez, Glovoko langileen lan-harremana enpresaren mende zegoen erabat; izan ere, enpresak erabat arautzen ditu lan-baldintzak, langileek erabili behar duten aplikazioaren bidez, eta enpresaren esku geratzen dira lan-karga, ordutegiak, lanaldia, soldata eta abar. Beraz, langile horiek ez dute autonomoek jasotzen dutena betetzen, eta nabaria da enpresarekiko besterentasuna.

Beste erkidego batzuetako Lan Ikuskaritzek eta Justizia Auzitegi batzuek dagoeneko ebatzi duten bezala, Glovo enpresak langile horiek besteren kontura kontratatu beharko lituzke, eta horrela izatea espero dugu. Hala ere, Glovo enpresak bere langileei jakinarazi die, Lan Ikuskaritzaren ebazpenaren zain gauden honetan, egun dagoen lan harremanean egin nahi den edozein aldaketa errekurrituko duela.

Bidezkoa da, pixkanaka-pixkanaka, autonomo faltsu horiek guztiak Gizarte Segurantzaren araubide orokorreko langile gisa onartzea. Gizarte Segurantzaren erabaki hori urrats bat da kapitalismo digitalaren hedapena saihesteko eraiki behar duguna harresian. Kapitalismo horrek lan-merkatua desarautu nahi du, langile-klasea eskubiderik gabe utziz.

LAB sindikatuaren hurrengo urratsa izango da Glovoko langileekin harremanetan jartzea, hala nahi badute, haien egungo egoerari buruzko informazioa emateko eta hemendik aurrera izango dituzten egoerak azaltzeko. Azkenik, LABek berretsi nahi du enpresen uberizazioaren eta autonomo faltsuen aurkako borroka egiten jarraituko duela.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...