2024-12-22
HomeIrakaskuntzaGizarte ekimeneko ikastetxeakGizarte Ekimeneko ikastetxeetan maiatzerako deitutako grebek ere babes zabala izan dute, eta...

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan maiatzerako deitutako grebek ere babes zabala izan dute, eta aldaketarik ezean mobilizazio eta grebekin jarraitu beste biderik ez digute utziko

Patronalari langileen eskaerei erantzunez adostasunak erdiesteko beharrezko zintzotasunez jokatzen hasteko eta Hezkuntza Sailari gatazkaren irtenbide egoki batean inplikatzeko galdegiten diegu.

Azken bi ikasturtetan gauzatu den 27. greba eguna eta ikasturte honetako 24. da gaurkoa. Eta gaur ere, izan duen babesa oso zabala izan da, aurrekoen oso antzekoa eta ikastetxeetan lan baldintzen okertzearen ondorioz bizi den nahigabe orokortuaren erakusgarri. Izan ere, sektore honetako langileok 10 urte daramatzagu lan hitzarmena berritu gabe.

Gatazka guzti honetan zehar sindikatuok adostasunetara iristeko borondate argia eta negoziazio prozesuan erabateko zintzotasuna erakusten ari gara. Patronalari dagokionez aldiz ezin dugu gauza bera esan, behin eta berriro kontrakoa erakusten ari bait zaigu. Gogoratu behar dugu Martxoak 25eko mahaiaren aurretik sindikatuokin izandako aldebiko bileretan, adostasunak erdiestea ahalbideratu zezaketen planteamendu batzuk egitera iritsi bazen ere, mahai negoziatzaile hartan aurkeztu zuen proposamena onartezina izan zela, aurrez egitera iritsi zen planteamenduetatik erabat aldendua; Gainera, proposamen hura definitibo eta aldaezin bezala aurkeztu zuten.

Jarrera itxi haren aurrean, sindikatuok adostasunerako giltzarriak jasotzen zituen dokumentu bat helarazi genien patronal eta hezkuntza sailari; ez batak ez besteak ez zigun ordea erantzun. Beraz, egoera desblokeatzeko asmoz bilera batera deitu genituen Lan Harremanen Kontseiluan. Kristau Eskolak publikoki adierazi zuen ez zela bilerara joango, modu horretan adostasunetara iristeko borondate falta nabaria erakutsiz eta bide batez hezkuntza sailari bilerara joan ere ez egin eta gatazkaren irtenbidean inplikatu gabe jarraitzeko bidea erraztuz.

Bere azken mugimenduekin ere argi utzi du adostasunak erdiesteko borondate gutxi duela eta negoziazio prozesu batek eskatzen duen zintzotasunez jokatzeko gai ez direla izan. Apirileko greba egunen ondoren egoera bideratzeko eta adostasunak erdiesteko asmo garbia erakutsi diogu sindikatuok.

Baina beste behin ere, patronalak fede txarrez jokatu du. Horrela, ustez diskretoak izaten ari ziren elkarrizketa batzuen berri eman du maiatzeko greba bezperetan, gatazka bideratzeko sindikatuok helarazitako ildotik erabat urruntzen den proposamen bat zabaldu du ikastetxeetan, oraindik sindikatu denei helarazi ere egin gabe eta sindikatu bakar baten erantzunik ere jaso gabe. Argi dago langileen eskaerei erantzun gabe mobilizazio eta grebak desaktibatzeko helburu soilarekin jokatu duela berriro ere patronalak, langileen, ordezkarien eta sindikatuen artean nahasmena eta hausturak bilatu nahian benetako adostasunak baino gehiago.

Hezkuntza Sailak, berriz, gatazkaren irtenbide egoki batean inplikatu gabe jarraitzen du, eta Otsailean Legebiltzarrak gatazkaren irtenbidean inplikatzeko egindako eskaera ez da ari betetzen. Hezkuntza laguntza espezialisten inguruan esandakoak esan, sindikatuoi ez digute inolako berririk eman, eta patronalak egindako proposamenak bere horretan jarraitzen du. Hau horrela sindikatuok legebiltzarreko talde desberdinekin biltzen jarraituko dugu Hezkuntza saila legebiltzarrak emandako zeregina betetzera deitzeko.

ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok bai patronal eta bai Hezkuntza Sailari galdegin nahi diegu bakoitzak bere ardurak bere gain har ditzala, eta behingoz bai langile, bai familia eta bai ikasleen onuran, gatazka honi irtenbide egoki bat emateko neurriak eta erabakiak har ditzatela.

Azkenik, langileak zoriondu nahi ditugu beste behin ere erakutsi duten tinkotasun, indar eta konbentzimenduagatik.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...