Gizarte Ekimeneko ikastetxetan ordezkaritza daukagun ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok negoziatzeko borondatea daukagu eta tajuzko proposamen baten zain jarraitzen dugu
Gizarte Ekimenko ikastetxeetako langileok ia hamar urte daramagu hitzarmena berritu gabe, eroste-ahalmenaren galera metatuak %10etik gorakoak dira, lan kargak jasanezinak, lanaldi barruan ikasleen jarraipenerako denborarik ez da bermatzen, langile-kidego batzuk (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak) ugalduz joan dira azken urteotan, kopuruz eta prekarietatez, eta horiek dira, hain zuzen, feminizatuenak eta baldintzarik txarrenak dituztenak; Jaiotza-tasa gutxitu izanak eragina izan du ikastetxeetan, lanpostuak galtzeko arriskua dagolearik hurrengo urteetan. Lanbide Heziketa gehiago arautzea ezinbestekoa da eta orohar Sektoreko ikastetxeetatik gero eta baldintza kaxkarragoetan lan egin beharraren ondorioz esperientzia eta balio handiko langile ugari ari dira beste ikastetxe batzuetara alde giten.
Ikastetxeetako egoera hau patronalek eta Eusko Jaurlaritzak azken urte luzeetan hartutako erabaki murriztaileen ondorio zuzena dira eta langileen aldarrikapenek egoera hauei erantzutea dute helburu. Eta tajuzko erantzuna izango balute eragin positibo zuzena izango luke ikastetxe hauetan eskeintzen den hezkuntza kalitatean.
2017ko azaroan sindikatuoi negoziazio-mahaitik altxatu eta mobilizazio dinamika bati ekitea beste biderik ez ziguten utzi patronalek. Hamaika bilera ondoren lan hitzarmena berritzeko asmotan sindikatu guztiok adostasunez aurkeztutako plataforma bateratuan jasotako edukiei ez baitzieten erantzunik ematen.
Mahaitik altxatu aurretik hasiak genituen mobilizazioei jarraituz, urtebete luzez mota guztietako mobilizazio ugari gauzatu ditugu langileok, hainbat elkarretaratze eta manifestazio, hainbat kanpaina eta ekintza, eta besteak beste langileen babes zabala izan duten 9 greba egun gauzatu ditugu urtebetean sakabanaturik. Gure mobilizazio eta ekintza egutegiak langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamenak landu eta ekartzeko beta eman die patronalei, baita Eusko Jaurlaritzari ere gatazka honetan duen ardura bere gain hartu eta gatazkari irtenbide bat ematean inplikatzeko ere. Sindikatuok Eusko Jaurlaritzari behin eta berriro galdegin badiogu ere dagokien ardura eta erantzunkizuna bere gain hartzeko beste aldera begiratu du.
Patronalen erabakiek sortu duten egoerari buelta emateko asmotan sindikatuoi greba dinamika gogortu beste biderik utzi ez digutenean, Eusko Jaurlaritzak bere erantzukizuna bere gain hartu gabe eta gatazka honen irtenbidean inplikatu gabe jarraitzea onartezina da. Are onartezinagoa eta erabat zinikoa hezkuntzan izan dezakeen eraginaren aitzakipean datozen grebetarako zerbitzu minimoak igotzeko eskaera zuzendu izana hezkuntza sailak lan sailari eta honek gehitu izana. Izan ere, hezkuntza sailak berak azken urteetan gaixo egon diren irakasle eta langileen ordezkapenik ez baitu gauzatu edo kasurik onenean aste betera ordezkatu baititu, honek hezkuntzan eragiten duen kalteari erreparatu gabe. Jaso berri dugun aginduak ikastetxe handienetan aurreko grebeterako ezarri diren zerbitzu minimoak laukoiztea suposatzen du. Zerbitzu minimo hauek erabat proportzioz kanpokoak eta abusiboak dira eta greba eskubidea larriki urratzen dute eta beraz sindikatuok epaitegietan oinarrizko eskubide honen urraketa salatzeko asmoa daukagu.
Sindikatuok salatu nahi dugu, Eusko Jaurlaritzak gatazkaren atzean dagoen sakoneko arazoa, hau da, sektoreko lan baldintzen gabeziak ezkutatzeko eta egoera honekiko daukan erantzunkizuna bere gain hartu gabe jarraitzeko asmoz egin duela mugimendu hau.
ELA, STEILAS,CCOO,LAB eta UGT sindikatuok bai patronalei eta bai Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu bakoitzak dagokion ardura eta erantzunkizuna bere gain hartu eta gatazka honi irtenbidea emateko neurriak har ditzatela, langileen aldarrikapenei tajuzko erantzunak emanez eta akordioetara erdiestea ahalbideratuko duten planteamenduak eginez.
Aldi berean langile guztiak animatzen ditugu bihar 11.30etan Bilboko Jesusen Bihotzean hasiko den manifestazio erraldoian parte hartzera, eta datozen greba egunotarako antolatuko ditugun ekintza zein mobilizazioak babestera.