2025-03-13
HomeEkintza SindikalaGizain fundazio publikoko langileak mobilizatu egin dira Nafarroako Gobernuari hitzarmena bete dezala...

Gizain fundazio publikoko langileak mobilizatu egin dira Nafarroako Gobernuari hitzarmena bete dezala eskatzeko

Nafarroako gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Gizain fundazioko langileek atzo arratsaldean Parlamentuko lan saio batean hartu zuten parte eta gaur goizean elkarretaratzea egin dute legebiltzarreko egoitzaren aitzinean, Gobernuari eskatzeko fundazioa arautzen duen hitzarmena errespetatu eta bete dezan. Langileek, lehenik, eskatzen dute hitzarmenean ezarritakoaren arabera ordaintzea; eta, bigarrenik, soldata osoa gainontzeko langile publikoekin parekatzea, ondoren subrogazioa egin dadin, Gobernuko lan-kontratudun finko izateko.

Gizain fundazioa Nafarroako Gobernuaren jarduerak eta zerbitzuak kudeatu eta garatzeko sortu zen, bereziki Eskubide Sozialen Departamentuarenak. Gizainek oso beharrezkoak diren programak garatzen ditu, bertzeak bertze, adin txikikoekin eta haien familiekin esku hartzea, haurrei laguntzeko taldeak, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei eta haien familiei laguntza ematea, sexu-indarkeriaren biktimei laguntza ematea, gazteen justizia-zentroa, gizarteratzeko eta laneratzeko taldeak, etab.

Gizain fundazio publikoa da eta horrexegatik, hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuarekin lotuta dagoelako, bertako langileek ez dute ulertzen exekutiboa bere hitzarmenean ezarritakoa betetzeko gai ez izatea. “Ezin diogu gure haserrea adierazteari utzi, gure lehen hitzarmenaren aplikazioa blokeaturik dagoelako, eta horrek esplizituki bigarren hitzarmena negoziatzen jarraitzea eragozten duelako”, adierazi dute. “Ezin gara besoak gurutzaturik gelditu, lan berdina egiten duten bertze profesional publiko batzuek beren lan hobekuntzetan aitzina egiten dutela ikusita”.

Gizaingo langileek bereziki nabarmendu dute egoera “tamalgarria” dela adingabeen behaketa eta harrera zentroetako kideen artean. “Adin txikiko horiek Nafarroako Gobernuaren ardurapean daude, baina baliabide eskaseko zentro batzuetan pilatuta daude, zeinetan ezinezkoa baita hezkuntza eta pedagogia jarduerak aurrera eramatea. Nola liteke hain beharrezkoa den gizarte lana duen fundazio publiko batek bere plantilla langileak babesik gabe uztea?”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

0-3ko euskarazko plaza gehiago bai, baina honela ez

Iruñeko udal haur-eskoletan euskarazko plazen eskaintza zabalduko da. Plaza berriak eskola mistoetan eskainiko dira, non euskarazko eta gaztelaniazko lerroak elkarrekin biziko diren.

Zerbitzu publiko eta kalitatezkoa eskatu dugu Correosen

Akordio berria eta III. Hitzarmen Kolektiboari aldaketa bat inposatzeak ondorio larriak izan ditzake Correoseko langileen lan-baldintzetan eta, hedaduraz, hauek ematen duten posta-zerbitzu publikoan. Correosen eta langile guztien etorkizuna defendatzeko, LAB, ESK eta ELA sindikatuok mobilizazioa egin dugu Donostian goizean. Arratsaldeko 18:00etan ere elkarretaratzeak egingo ditugu Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean.

Euskal gehiengo sindikalak bat egin du Pentsiodunen Mugimenduak apirilaren 5erako deitutako mobilizazioekin

ELAk, LABek, ESK-k, STEILASek, Etxaldek eta Hiruk bere egiten dute gutxieneko soldataren eta pentsio justu eta nahikoen aldeko borroka, hemen, orain eta denontzat.