2024-12-26
HomeEkintza SindikalaGipuzkoako Foru Aldundiko eraikinetako garbitzaile azpikontratatuek grebara deitu dute otsailaren 22, 23,...

Gipuzkoako Foru Aldundiko eraikinetako garbitzaile azpikontratatuek grebara deitu dute otsailaren 22, 23, 24 eta 25erako

LAB, ELA eta ESK sindikatuon izenean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraikinetako garbitzaile azpikontratatuek agerraldia egin dute, joan den ostiralean egindako mobilizazioari segida emateko. Kolektibo honek 120 langile inguru ditu, ia guztiak emakumeak dira, eta sektorean dagoen partzialitatea %80 ingurukoa da.

Garbitzaileek azaldu bezala, “2021eko maiatzaz geroztik, sektorearen hitzarmen kolektiboa negoziatzen ari gara EULEN enpresarekin, zerbitzuaren egungo arduradunarekin. Hainbat bileraren ondoren, negoziaketaren egoera erabateko blokeora iritsi da. EULEN enpresak argi utzi du negoziazio-mahaian ez duela inolako borondaterik langileei erosmen ahalmena ziurtatzeko. EULENek KPIarekin inolako loturarik ez duten planteamenduak egiten ditu, eta hau sindikatuontzat onartezina da”.

Planteamendu ekonomikoak KPIarekin ez lotzeak langileak zuzenean pobretzea dakar, eta langileek ez dute hori onartuko: “Puntu honetan, patronalak negoziazio kolektiboan duen jarrera salatu nahi dugu, sektore maskulinizatuetan KPIarekin lotura egiten duelako eta feminizatutako sektoreetan horri buruz hitz egiten entzun nahi ez duelako. Guk ez dugu kasualitateetan sinesten eta KPIaren lotura lortzeko borrokatuko dugu”.

Baina ez hori bakarrik, EULEN enpresak, KPIarekin loturarik ez planteatzeaz gain, 2021erako soldatak izoztea planteatu du 2021erako, pandemia urterako, funtsezko zerbitzuen urterako: “Baina zertarako dira funtsezkoak garbitzaileak? Gutxieneko zerbitzuak ezartzeko? Politika eta enpresa-propagandarako? Onartezina da enpresek soldata-izozteak planteatzea zerbitzua ez denean gelditu, baizik eta indartu eta handitu egin denean. Berriro ere, langileekin jolasten ari dira beren enpresa-etekinak handitzeko”.

LAB, ELA eta ESK sindikatuotatik argi daukagu Foru Aldundia dela zerbitzu horren azken arduraduna: “Gu Aldundiaren beraren erabaki politiko eta ekonomikoz azpikontratatutako langileak gara, estrategia ekonomizista bati soilik erantzuten diotenak. Horregatik, erantzukizunak eskatzen ditugu. Hiru bilera eskatu behar izan ditugu, eta grebaren aurreabisu batekin baino ez digu bilera eskaini Aldundiak”.

Zerbitzuaren pleguak martxan daude eta atzo bilera izan zuten Aldundiarekin: “Bileran eskatu dugu pleguak irizpide ekonomikoen arabera ez esleitzeko. Aldundiaren esku dago zerbitzua ez esleitzea plateamendu ekonomiko baxuenari, baina, zer egingo dute? Enpresa-interesak edo langileen interesak defendatu? Aldundiak berak zerbitzu horretarako aurrekontu-zenbatekoaren estimazioa egiten badu, zerbitzu bera aurrekontuaren %15 gutxiagorekin berma daitekeela uste dute? Nori eragiten dio eskaintza ekonomikoa jeisteak? Ez dugu onartuko. Administrazio publikoak argi utzi digu ez duela negoziazio-mahaian parte hartuko eta ez duela gatazkan esku hartuko, baina gutxieneko zerbitzuen alegazioak egin dituela esan digu. Orduan, administrazioak esku hartu du ZZMM-ak dekretatu diezaguten, baina ez gure lan-baldintzak hobetzeko? Hortaz, Aldundiarentzat, ZZMMetarako bakarrik gara funtsezkoak? Oso larria iruditzen zaigu administrazioaren jarrera”.

Horregatik guztiagatik, langileek grebara deitu dute otsailaren 22, 23, 24 eta 25erako, “ez dugulako onartuko ez enpresa pribatuek ez administrazioek gu behartsuago eta otzanago nahi izatea. Nahikoa dela esan dugulako eta erosteko ahalmena ez galtzeko borrokatuko dugula argi daukagulako. Garaia delako, 22, 23, 24 eta 25ean kalera irtengo gara, KPIa gabe eskularruak ere ez ditugulako jantziko”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek grebara deitu du Linacal iturgintza enpresan, zuzendaritzak langileei entzungor egiten jarraitzen duela uste baitu

LAB sindikatuak Barañaingo (Nafarroa) Linacal iturgintza enpresako zuzendaritzaren jarrera onartezina salatu nahi du, langileek euren lan baldintzak hobetuko dituen enpresa itun bat negoziatzeko eginiko...

Munduko Medikuen zuzendaritzak EEE bat proposatu du langile guztien %25 kaleratzeko

Entitateko Langileen Legezko Ordezkaritzak ez ditu aintzat hartzen zuzendaritzak emandako arrazoiak, eta EEEa justifikaziorik gabea eta prebentiboa dela adierazi du.

EITBko zuzendaritzak euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu du helburuen artean euskara sustatzean duen hedabide bateko zuzendari

EITBko zuzendaritza nagusiak eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari berria hautatu berri du, EITBren webgune berrien sorkuntza prozesua amaitzeko. Pertsona horren ardura izango da, eitb.eus zuzentzeaz gain, jaiotzear den atari digital berria abian jarri eta horren zabalkundea gidatzea.