LAB eta CCOO sindikatuon oharra:
Indarrean dagoen hitzarmenaren defentsak eraman gaitu gaurko mobilizazio eta salaketa egitera. Gaur HEDATZEN Patronalarekin bilera genuenez, kontzentrazioa burutu dugu Gipuzkoako Esku Hartze Sozialeko langileok dagozkigun soldata igoerak jaso gabe jarraitzen dugula salatzeko.
Lan Hitzarmen Kolektiboan 2021eko KPIaren araberako igoera adostu zen 2022. urterako; hau da, %6,3ko igoera urtarrilaren 1etik aurrera. Salbuespenak salbuespen, otsailaren 22an gaude eta patronalak ez ditu oraindik soldata igoerak aplikatu denborak aurrera jarraitzen duen bitartean.
HEDATZENek Lan Hitzarmen Kolektiboa betetzeko eta soldata igoerak aplikatzeko konpromisoan berretsi den arren; behin eta berriro adierazi du Administrazio Publikoaren partetik dirurik jaso ezean, elkarte gehienek ezingo diotela soldata igoerei aurre egin. Gainera, urte bukaera arte soldata igoerarik ez aplikatzea proposatzera ere ausartu zen.
Gizarte Zerbitzuen pribatizazioak langileen egoera prekarizatzeaz gain (gastu soziala gutxitzea bilatzen da, etekinak pribatizatuz) zerbitzuen kalitatea okertzea dakar berekin; bazterkeria egoeran aurkitzen diren herritarren kalterako.
Gipuzkoar guztion eskubidea da Kalitatezko Gizarte Zerbitzu Publikoak izatea, horregatik, guztion betebeharra da Gizarte Zerbitzu hauek aurrera ateratzen dituzten langileen lan baldintzak defendatzea. Hau ez delako langileen eta patronalaren arteko lan gatazka soil bat, Gipuzkoako jendarteari zuzenean eragiten dion auzi soziala baizik.
Beraz, LAB eta CCOO Sindikatuetatik datozen hilabeteetan zehar egon daitezkeen mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu nahi diegu sektoreko langileei eta Gipuzkoako herritarrei.
Bestalde, Gizarte Zerbitzuak aurrera ateratzen dituzten langileen lan baldintzak eta eros-ahalmena bermatzeko exigitzen diogu Administrazio Publikoari, bai eta Patronalari sinatu zuten Lan Hitzarmena betetzeko haien zerbitzuak Patronalari exijitzen diogu ahalik eta lasterren ordain dezatela hitzarturikoa. Bete dezatela hitzarmena, sinaturikoa. Utz dezatela gure ogiarekin jolasteari.