2024-12-19
HomeEkintza SindikalaGipuzkoako Aldundiko garbitzaile azpikontratatuek greba egingo dute apirilaren 25etik maiatzaren 6ra

Gipuzkoako Aldundiko garbitzaile azpikontratatuek greba egingo dute apirilaren 25etik maiatzaren 6ra

LAB, ELA eta ESK sindikatuon oharra, gaurko agerraldiaren harira:

Gaur hemen gaude Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraikinetako garbitzaile azpikontratatuak. Kolektibo honek 90 langile inguru ditu, ia guztiak emakumeak dira, eta sektorean dagoen partzialitatea % 80 ingurukoa da.

2021eko maiatzaz geroztik, sektorearen hitzarmen kolektiboa negoziatzen ari gara EULEN enpresarekin, zerbitzuaren egungo arduradunarekin. Hainbat bileraren ondoren, negoziaketaren egoera erabateko blokeora iritsi da. Horregatik, otsailaren 22, 23, 24 eta 25an LAB, ELA eta ESK sindikatuok lau eguneko greba deialdia egin genuen. Aste horretan argi geratu zen langileen aldarria: KPI-rik gabe, ez dago hitzarmenik.

Lau greba egunen ondotik, negoziaketa mahaia deitu genuen berriro ere patronalaren jarrera zein zen ikusteko asmoz. Eta beste behin ere, patronalaren jarrera salatu nahi dugu. Langileen aldarriei entzun ez eta abenduan eginiko planteamentu ekonomikoa mantentzen du: 2021rako soldatak izoztea, 2022rako %1,5-ko igoera, eta 2023rako %1,75ko igoera.

EULENek KPIarekin inolako loturarik ez duten planteamenduak egiten ditu, eta hau LAB, ELA eta ESK sindikatuontzat onartezina da.  Planteamendu ekonomikoak KPIarekin ez lotzeak langileak zuzenean pobretzea dakar, eta ez dugu onartuko. Puntu honetan, patronalak negoziazio kolektiboan duen jarrera salatu nahi dugu, sektore maskulinizatuetan KPIarekin lotura egiten duelako eta feminizatutako sektoreetan horri buruz hitz egiten entzun nahi ez duelako. Guk ez dugu kasualitateetan sinesten eta KPIaren lotura lortzeko borrokatuko dugu.

Baina ez hori bakarrik, EULEN enpresak, KPIarekin loturarik ez planteatzeaz gain, 2021erako soldatak izoztea planteatu du. 2021erako, pandemia urterako, funtsezko zerbitzuen urterako. Baina zertarako dira funtsezkoak garbitzaileak? Gutxieneko zerbitzuak ezartzeko? Politika- eta enpresa-propagandarako? Onartezina da enpresek soldata-izozteak planteatzea zerbitzua ez denean gelditu, baizik eta indartu eta handitu egin denean. Beste behin ere, langileekin jolasten ari dira beren enpresa-etekinak handitzeko.

LAB, ELA eta ESK sindikatuetatik argi daukagu Foru Aldundia dela zerbitzu horren azken arduraduna. Gu aldundiaren beraren erabaki politiko eta ekonomikoz azpikontratatutako langileak gara, estrategia ekonomizista bati soilik erantzuten diotenak. Horregatik, erantzukizunak eskatzen ditugu.

Behi baino gehiagotan eskatu diogu Aldundiari pleguak irizpide ekonomikoen arabera ez esleitzeko. Aldundiaren esku dago zerbitzua ez esleitzea plateamendu ekonomiko baxuenari, baina, zer egingo dute? Enpresa-interesak edo langileen interesak defendatu? Aldundiak berak zerbitzu horretarako aurrekontu-zenbatekoaren estimazioa egiten badu, zerbitzu bera aurrekontuaren % 15 gutxiagorekin berma daitekeela uste dute? Nori eragiten dio eskaintza ekonomikoa jeisteak?  Ez dugu onartuko. Administrazio publikoak argi utzi digu ez duela negoziazio-mahaian parte hartuko eta ez duela gatazkan esku hartuko, baina gutxieneko zerbitzuen alegazioak egin dituela esan digu. Orduan, administrazioak esku hartu du ZZMM-ak dekretatu diezaguten, baina ez gure lan-baldintzak hobetzeko? Hortaz, Aldundiarentzat, ZZMMetarako bakarrik gara funtsezkoak? Oso larria iruditzen zaigu administrazioaren jarrera.

Horregatik guztiagatik, grebara aterako gara apirilaren 25tik maiatzaren 6ra. Ez dugulako onartuko ez enpresa pribatuek ez administrazioek gu behartsuago eta otzanago nahi izatea. Nahikoa dela esan dugulako eta erosteko ahalmena ez galtzeko borrokatuko dugula argi daukagulako. Garaia delako kalera irtengo gara, KPIa gabe eskularruak ere ez ditugulako jantziko!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.

B&B Trends-ena da Gasteizko SDA Factory-ren itxieraren errua

Zuzendaritzak SDA Factory ixteko erabakia hartu du, lehengo Gasteizko BSH. Ia 50 urtetako historia duen enpresa honek Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientean (ABEEE) pasatu ditu azken lau urteak.

Asteasuko Siemens Gamesako ABEEEaren eragina murriztu eta enplegua defendatzeko neurriak lortu ditugu

Hasteko, salatu nahi dugu enpresak negoziaketa talde mailan egin nahi izan duela, Asteasuko langileen ordezkaritza disolbatua eta eragin mugatuarekin zeogoen mahai negoziatzaile bat inposatuz. ABEEE luze eta gogorra nahi zuen enpresak langileentzat eta egoera honen aurrean, markoaren salaketaz gain, neurriaren eragina ahalik eta gehien murrizten saiatu da LAB.