2024-12-23
HomeEkintza Sindikala"Ekintza sindikaleko gida" aurkeztu dugu, borrokarako tresna berria

“Ekintza sindikaleko gida” aurkeztu dugu, borrokarako tresna berria

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiborako idazkari Xabier Ugartemendiak agerraldi bat egin dute gaur Bilbon, hilabete luzetako barne lanaren ondorioz osatutako “Ekintza sindikaleko gida” aurkezteko. Dokumentuan, sindikalismo berriak patronalak eta botore politikoak inposatu nahi diguten eredu prekarioari aurre egiteko beharko lituzkeen baliabideen inguruan LABek egiten dituen estrategia eta proposamenak jaso ditugu.

 

Gidan proposamen zehatzak jasotzen direla azaldu du Garbiñe Aranburuk. "Aldarrikapen orokorrak konkretatzen ditugu: prekarietateari aurre egiteko, lan osasuna bermatzeko, emakume eta gizonen arteko diskriminazio egoerekin amaitzeko klausula feministak, diskriminazioa pairatzen duten kolektibo desberdinei aukera berdintasuna ziurtatzeko klausulak, azpikontratetako baldintza pleguetan jasotzeko klausulak, hizkuntza eskubideak bermatzeko…. Gidaren berrikuntza da borrokak antolatzeko tresna berri bat dela, orain arte egin dugun bidean urrats bat gehiago dela. Kontua ez delako mobilizatzeko arrazoiak ditugula esatea, kontua ez delako proposamenak edukitzea, kontua aldarrikapen horien alde borrokarako gaitasuna izatea da".

Horregatik, LABeko idazkari nagusiak nabarmendutakoaren arabera, gidan proposamenaz harago, irizpide argi batzuk jasotzen ditugu aldarrikapen horien aldeko borrokak antolatzeko:

• Prekarietatearen kontrako borroka aurrera eramateko gune naturalena lan zentroak dira. Egoera zehatzari erreparatu eta Gidan jasotzen diren proposamenak egokitu behar dira.

• Langileak aktibatu nahi baditugu, langileek informazio zuzena izan behar dute momentu oro, protagonista sentitu behar dute, subjektu aktiboak izan behar dute. Beraiek dira pairatzen duten egoera hobekien ezagutzen dutenak eta beraiek dira egindako borrokaren onurak jaso behar dituztenak.

• Antolatzeko modu berriak ere planteatzen ditu GIDAK. Ohiko sail sindikalak ez du egoera guztiei erantzuteko balio.

• LABek oso argi du mobilizazio gehiago sustatu behar ditugula baldin eta patronalaren jarrera baldintzatuko badugu. Eta langileok mobilizaziorako dugun bitartekorik garrantzitsuena greba dela zalantzarik gabe.

• Mobilizazioa horien helburua eraginkortasuna bilatzea izan behar da, langileei ahalik eta kostu sozial gutxien eta patronalari ahalik eta kostu gehien ekarriko dien mobilizazio ereduaren alde egiten du LABek

• Helburua hau izanik, ez dago borroka eredu bat eta bakarra leku guztietarako balio duenik, kasuz kasu aztertu behar da ze nolako borroka planteamendua egingo dugun

• Greba deialdi horiek bestelako dinamika batzuk ere izan behar dituzte. Borroka horiek, kalera atera behar dira, sozializatzeak garrantzia berezia dueta elkartasun ariketa moduan, erabiltzaileak ere inplikatzeko, irakaskuntzako konfliktoak ez die eragiten irakaskuntzako langileei bakarrik, neri ere ama moduan eragiten dit eta beraien borrokaren parte izan nahi dut.

• Eta guzti honetan borroka kutxa tresna bat gehiago da, langileek grebak irauten duen bitartean izan dituen kostu sozialak arintzeko, baita isunak ordaintzeko ere.

Aktibazioan dago giltza
Xabier Ugartemendiak, bere aldetik, gida gisako tresna bat osatzeko arrazoiei buruz hitz egin du. Hala, testuinguruaren kokapena egin du lehenik: "Azken urte hauetan, eta lan erreformek emandako tresnak erabiliz, lan harremanetan prekarietatea neurri gabe hedatzen ari da. Patronalak, botere politikoaren babesarekin, prekarizazio prozesu bat aurrera eraman nahi du, langileen lan baldintzen merkatzean oinarrituz beraien irabaziak. Oraingo lan harremanak laneko legedia eta negoziazio kolektibo ereduaren araberakoak dira, eta hori patronalaren interesei bakarrik erantzuten du, langileen eskubideak eta interesak alboratuz".

Lan erreformekin laneko legedia guztiz desorekatu da patronalaren alde, Ugartemendiaren hitzetan. Gurean, gainera, laneko legedian ez dugu eskuduntzarik, ahalmen legegilea estatuarena baita. Horregatik aldarrikatzen dugu erabakitzeko eskubidea, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eraiki ahal izateko. Erreformen ondorioz ere, Estatalizazioaren mehatxua behin ta berriz agertzen zaigu, gero eta gehiago hedatzen ari delako. LABentzat honen aurkako borroka lehentasunezkoa da. "Aipaturiko egoera ikusirik, LABen erabaki dugu ezin dugula mahaien dinamika antzuari lotuak egon, eta soldata eta lan baldintzak hobetzeko, hau da langileak bizi duten egoerari aurre egiteko, negoziazio kolektibotik harago eraman behar dugula gure ekintza sindikala, inposatu nahi diguten prekarietatearen kontra borrokatu ahal izateko", adierazi du.

Ugartemendiaren arabera, "egoerari buelta emateko ezinbesteko giltza langileen aktibazioan dago, eta aktibazio hori lortzeko eta langileak bizi duten egoeraren irtenbidearen protagonistak izatea ahalbidetzeko, tresna berriak martxan jartzearen beharra ikusi dugu".

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...