2025-01-05
HomeEkintza SindikalaGetxoko Udal Gobernuak euskararen normalizazioaren kontrako erabakia hartu du

Getxoko Udal Gobernuak euskararen normalizazioaren kontrako erabakia hartu du

Ez du eskatuko lanpostu berriak betetzeko bi hizkuntza ofizialak ezagutzea.

LAB sindikatuak erabat gaitzesten du Getxoko Udal Gobernuak, EAJ buru duela, hizkuntza berdintasunaren aurka hartutako azken erabakia. Epaitegietatik ezarritako doktrina atzerakoi eta euskarafoboa bere eginez, orain arte garatu duen hizkuntza politikan atzera egin eta lanpostu berrietarako ez du beharrezkotzat eskatuko bi hizkuntza ofizialak ezagutzea.

Horrelako erabakiekin, udal administrazioak uko egiten dio herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeari, norberak nahi duen hizkuntzan artatua izateko eskubideari eta eskubide urraketak betikotzeko markoa hauspotzen du. Administrazioaren aurrean euskaldunok bigarren mailako herritar izatera kondenatu nahi gaituzte. Era berean, uko egiten zaio euskaraz normaltasunez lan egingo duen administrazioa eraikitzeari, udal langileek euskaraz lan egiteko duten eskubidea urratuz ere.

Gaztelera ezin da izan enplegu publikorako obligaziozko hizkuntza bakarra. Lanpostu publiko berriak betetzeko ezinbesteko baldintza izan behar da bi hizkuntza ofizialak ezagutzea eta, horrekin batera, administrazioa euskalduntzeko neurriak areagotzea, berme juridiko guztiekin. Erabaki politikoa da bide hori jorratzea ala hizkuntza politikan atzeraka joatea.

Horregatik, elkarretaratzea deitu dugu LAB, ELA eta Kontseiluak batera urriaren 31n, 11:00etan, Getxoko udaletxe aurrean, euskararen normalizazioaren aurkako erasoak eten eta herritar zein langileen hizkuntza eskubideak errespeta daitezen eskatzeko. Aldi berean, bat egiten dugu Getxoko euskalgintzak azaroaren 4rako deitu dituen mobilizazioekin.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Industria sektorearen gainbeherak lan baldintzak prekarizatzen ditu eta enpleguaren kalitatea okertu

Hego Euskal Herrian 137.735 langabe zeuden 2024ko abenduan, aurreko urtean baino 37 gutxiago. Nafarroan eta Bizkaian, aldiz, langabeziak gora egin du (hurrenez hurren, 367 eta 309 langabe gehiago daude). Pasa den urtearekin alderatuz, Hego Euskal Herriko langabe kopurua antzerakoa izan arren, sektoreka ezberdintasunak daude eta horrek, zuzenean eragiten du enpleguaren kalitatean.

[IRITZIA]: UPNren boto emaileak eta fiskalitatea

Imanol Karrera LABeko Nafarroako bozeramaileak fiskalitatearen inguruko iritzi-artikulua idatzi du.

Gutxienez 63 langile hil dira lan-istripuan 2024an

Gaur, urtarrilaren 2an, jakin dugu I.P.C. 41 urteko langilea hil zela abenduaren 30ean Zornotzako Forest Trafic SL enpresan. Hildako langilea inbentario-lanak egiten ari zen biltegian orga jasotzaile batekin, eta garraiatzen ari zen zamaren zati bat gainera erori zitzaion, ezagutzen ez ditugun arrazoiengatik.