LAB, ELA, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuek hilean 1.500 eurotako gutxieneko soldata adosteko prest zeudela azaldu ondoren Confebaskek uko egin zion sindikatuekin biltzeari eta horrela bere izaera atzerakoia argiro erakutsi zuen. Gaurko kontzentrazioarekin, larunbatean pentsionistekin batera deitutako manifestazioekin batera, gutxieneko soldata propio baten aldeko mobilizazio ziklo bati hasiera eman diote sindikatuek.
Gehiengo sindikala osatzen duten sindikatu guztiek esfortzu nabarmena egin zuten gutxieneko soldataren aldarrikapen bat adosteko eta patronalarekin adostu zitekeen kopuru bat pragmatismoz jasotzeko. Adostutako aldarrikapenak, hilean 1.500 euroko gutxieneko soldatak, 140.000 langile ingururi eragingo lieke EAEn. Adierazitako gutxieneko soldatak bereziki eragingo lieke zerbitzuen sektorean ari diren emakumeei, migratutako pertsonei, aniztasun funtzionala dutenei eta gazteei, ia guztiak estatuan sinatutako hitzarmen kolektiboa dutenak edo inongo hitzarmen eguneraturik ez dutenak. Patronalak aldarrikapen horri buruz hitz egiteari ere uko egin zion eta argi utzi zuen langileen esplotazioan oinarritutako eredu ekonomiko baten alde egiten duela, eta horretarako Espainiako lan harremanen esparrua oso baliagarria zaiola.
Sindikatuek ez dute ontzat emango patronalak gutxieneko soldata bat ezartzeko betoa izatea. Batetik, mobilizazioen bidez patronalari presio gero eta handiagoa eragingo diote. Norabide horretan, mobilizazio horren erakusgarri izango da hurrengo hilabeteetan gutxieneko soldata propio baten alde jasoko dituzten milaka sinadura, Eusko Legebiltzarrean izapidetutako Herri Ekimen Legegilea onar dadin.
Bestetik, alderdi politiko eta instituzioei dei egiten diete Confebaski aurre egin diezaioten. Patronalak ezin du soldata politika monopolizatu eta, horretarako, ekimen politikoa ezinbestekoa izango da. Mezu hori da, hain zuzen, Pradales Lehendakariari atzo arratsaldean helarazi ziotena, gutxieneko soldata duina hemen erabakitzea defenda dezan exijitu zioten, patronala interpelatzearekin batera, sindikatuek abiatutako Herri Ekimen Legegilea babestuz.
Gaur Confebask aurrean egindako salaketarekin mobilizazio ziklo berri bat hasi dute LAB, ELA, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRUk. Datorren larunbatean sindikatuek beren militantziari dei egiten diete pentsionistekin batera deitutako manifestazioekin bat egin dezaten eta, ondorioz, gutxieneko pentsio eta soldata propio baten alde Hego Euskal Herriko kaleak bete ditzaten.


