2024-12-22
HomeEkintza PolitikoaEuskal HerriaGaur CHARLIE HEBDOrekin bat

Gaur CHARLIE HEBDOrekin bat

EH Bildu, Podemos, Geroa Bai, Izquierda Ezkerra, Equo, LAB, ELA, ESK, Stee-Eilas, Solidari eta CCOOk herritar zein eragile sozial, sindikal eta politiko guztiei deialdia luzatu nahi dizuegu gaur, hilak 9, arratsaldeko 18:00ean Iruñeako Udal Plazan "Demokrazian, justizia sozialean eta bakean biziko den mundu baten alde" eginen dugun elkarretaratzean parte hartzeko. Egin dezagun bat guztiok oinarrizko eskubideen aitortzan oinarritu behar den bizikidetza demokratikoaren defentsarekin.

EH Bildu, Podemos, Geroa Bai, Izquierda Ezkerra, Equo, LAB, ELA, ESK, Stee-Eilas, Solidari eta CCOOen oharra
CHARLIE HEBDO-REKIN BAT. 
DEMOKRAZIAN, JUSTIZIA SOZIALEAN ETA BAKEAN BIZIKO DEN MUNDU BATEN ALDE


«Charlie Hebdo hedabidearen aurka egindako erasoak haserrea eragin du mundu osoan, kazetari, langile eta zaintzaileen aurka erabilitako bortizkeriaren ankerkeriagatik. Atentatu nardagarri horren egileen helburua izua barreiatzea da, adierazpen askatasuna eta prentsa askatasuna kolpatuz. Askatasun demokratikorik gabe ezinezkoa da eraldaketa soziala gauzatzea, beraz, horrelako gertakariak ez dute inolako justifikaziorik.

Ez da lehen aldiz hedabide horrek erasoa pairatzen duela, 2011ean bere Pariseko egoitza suntsitua izan zen lehergailu batek eztanda egin ondoren. Izan ere, gaurko atentatua bereziki latza izan da. Ezinbestekoa da ahalik eta azkarren argitzea atentatuaren egiletzaren inguruan dauden ardura guztiak.

Estatu frantsesean, Europako beste hainbat herritan bezala, muturreko ideologia atzerakoien susperraldia bizi da. Krisi sozio-ekonomikoaren eraginez, lehenik ere presente ziren jokabideak – faxismoa, arrazakeria, xenofobia, erlijio intolerantzia-, eta oro har diskriminazio joerak ugaldu dira.

Guztiz arbuiagarria iruditzen zaigu atentatu lazgarri honen ondorioak erabiltzea arrazakeria hauspotuz komunitate musulmanaren eta orohar atzerritarren aurkako gorrotoa elikatzeko. Erabilpen maltzur hori egiten dutenak ere demokrazia, askatasuna eta elkartasunaren etsaiak dira. Tamalez, atzoko atentatua ezin da ekimen isolatu baten gisara aztertu. Oinarrizko eskubide eta askatasunen aurkako erasoak askotarikoak dira eta eremu ezberdinetatik datoz. Ondorioz, inoiz baino beharrezkoa da, demokrazia, justizia soziala eta bakea ardatz hartuta bestelako gizarte eredua eta nazioarteko harremanen sistema sustatzea.

Adierazpen honekin bat egiten dugun talde eta norbanakook, asteazkeneko atentatua salatzearekin batera, geure samina eta elkartasun osoa agertu nahi diegu Pariseko erasoan hilik edo zauriturik gertatu diren pertsonen familiei, baita ere Charlie Hebdo astekariko kazetari zein langileei. Halaber, konpromiso sendoa adierazi nahi dugu adierazpen askatasunaren defentsan, oinarrizko giza eskubidea den heinean.

Herritar zein eragile sozial, sindikal eta politiko guztiei deialdia luzatu nahi diegu gaur ostirala, urtarrilaren 9a, arratsaldeko 18ean Iruñeako Udal Plazan eginen dugun elkarretaratzean parte hartzeko. Egin dezagun bat guztiok oinarrizko eskubideen aitortzan oinarritu behar den bizikidetza demokratikoaren defentsarekin.»


  

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...