2025-12-15
HomeEkintza PolitikoaGatazkaren konponbidean aurrera egin ahal izateko lehentasunezkoa da presoen auzia konpontzea

Gatazkaren konponbidean aurrera egin ahal izateko lehentasunezkoa da presoen auzia konpontzea

Igandez geroztik europarlamentari talde bat Euskal Herrian da presoek pairatzen duten egoera gertutik aztertzeko. Gaur, otsailak 16, LABen izenean ordezkaritza bat, Ainhoa Etxaide buru duelarik, batu da beraiekin Donostian.

Espainiar zein frantziar Gobernuen espetxe politikek dituzten ondorio larrien berri eman die LABek parlamentariei. Alde batetik, dispertsioak presoengan ez ezik haien senideengan dituen ondorioez aritu dira, presoen bisitak eta laneko baldintzak uztartzeko ematen diren zailtasunez eta dispertsioak familiei eragiten dizkieten ondorio ekonomiko larriez. Era berean, urteetako espetxe zigorraren ondoren presoak lan mundura itzultzeko topatzen dituen oztopoak ere salatu ditu LABek, espetxealdiak lana galtzea dakarrelako askotan eta beste askotan inhabilitazioaren zigor gehigarria jasaten dutela espetxetik irten ostean.

Dispertsioaren amaiera eta presoen etxeratzea euskal jendartearen gehiengoaren babesa duen aldarria dela berretsi du LABek batzarrean, eta une honetan bereziki preso gaixoen aferari erantzuteak duen premiaren berri eman du. Presoen eskubideen defentsan urrats gehiago emateko beharra ikusten du LABek, baina kezkaz bizi du zentzu horretan beharrezkoak diren akordioak —garai zailagoetan posible izan direnak— egiteko borondaterik ez egotea zenbait alderdi politiko eta sindikaturen aldetik.

Sindikatuak oso positibotzat jotzen du presoen egoeraren berri Europara zabaltzeko parlamentariekin egindako harremana. Bilera hau, gainera, presoen eskubideen defentsan deialdi asko batzen dituen aste batean burutu dugu.

Euskal Herrian gatazkaren konponbidean aurrera egin ahal izateko lehentasunezkoa da presoen auzia konpondu eta etxeratzea bideratzea. LABen iritziz lehentasun horri heldu eta martxa sartzeko unea da.

Espetxeetako pareten bi aldeetatik egin beharreko borroka da honako hau. Presoak borrokan dira. Gure esku dago beraz haiek etxera ekartzeko kanpotik ere indar egitea. Eta horretarako mobilizatzea beste biderik ez dago.

Zentzu honetan LABek gorriz markatu du asteburu honetako hitzordua eta kartzeletara egingo diren martxetan izango gara. Gainera, Lorentxa Gimonen askatasuna eskatzeko Rennesen egingo den martxara joateko LABeko autobusa antolatu dugu eta herritar orori deialdi ezberdinetan parte hartzeko deia luzatzen diogu.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

LABek astearteko mahai negoziatzailean borrokatuko ditu Arabako adinduen egoitzetako hitzarmeneko proposamenean falta diren edukiak

LABek Arabako adinduen egoitzetako eta etxebizitza komunitarioetako lehen hitzarmeneko proposamenean lortutakoak modu positiboan baloratzen ditugu, izan ere, sindikatuak azken sei urtetan borrokatu dituen aldarrikapenak...

LAB sindikatuak Arabako adinduen egoitzetako hitzarmenaren inguruan jasotako proposamenaren aurrean, gaurko delegatu asanblada deitu du, posizio bat zehazteko

6 urteko borroka eta 60 greba egun ostean, sindikatuak balorazio egoki bat egin behar du, patronalak igorri duen proposamenaren inguruan.  LAB sindikatua sektoreko langileekin batera...

Pasaiako Udalak azpikontratatuta duen etxez etxeko laguntza zerbitzuaren inguruko akordioa lortu dugu

ELA eta LAB sindikatuek hitzarmen kolektibo berri bat sinatu dute Pasaiako udalak Matia Goxara enpresaren bidez azpikontratatzen duen Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileen lan-baldintzak arautzeko.