2024-12-23
HomeZerbitzu PublikoakUdal eta Foru AdministrazioaGasteizko Udaleko Ordenantza Fiskalen akordioak ez ditu gasteiztarren interesak lehenesten

Gasteizko Udaleko Ordenantza Fiskalen akordioak ez ditu gasteiztarren interesak lehenesten

PP eta EAJk Gasteizko Udaleko Ordenantza Fiskalen gainean gauzaturiko akordioa dela eta, LAB sindikatuak horren aurrean bere erabateko ezadostasuna adierazi nahi du publikoki. Akordio horrek 2018rako ezarririko zerga, tasa eta prezio publikoetatik jasoko den diru-bilketa baldintzatuko du. Adosturiko neurrien artean, ekonomia-jardueren gaineko zerga da gehien kezkatzen eta arduratzen gaituena. Bertan, milioi bat eta bi milioiren arteko fakturazioa duten enpresek %50ko hobaria izango dutela dago jasoa.

Neurri honek bereziki bi zentzutan sortzen du guregan ezinegona: Alde batetik, hobaria automatikoki ezarriko da, enpresen fakturazioa soilik kontuan hartuz, eta ez dira aintzat hartuko beste aldagai batzuk: enpresa horietan zein lan baldintza dauden, fakturazio tasa hori lortu dutenentz soldatetan eta lan-osasun nahiz segurtasun neurrietan aurreztuz, edota lanpostuak mantentze aldera bideragarritasun planik ba ote den. Ez da lehenengo aldia izango, diru laguntza edo hobariak jaso ostean enpresak itxi eta langileak kaleratzen direna.

Biziki kezkatzen gaitu baita ere, nola bermatuko duten zerga-bilketan jaitsierarik ez ematea, gasteiztarron gainean presio fiskala handitu gabe edo babes-sozialean eta zerbitzu publikoetan murrizketarik egin gabe. Bai Gorka Urtaranek eta bai Leticia Comeronek diru bilketan jaitsierarik ez dela emango esan dute, are gehiago, 600.000 euroko igoera egongo dela aurreikusi dute. Kontuan izanik, 840 enpresek %50ko hobaria jasoko dutela EJZn eta gainera zerga hau izozturik dagoela, guri behintzat ez zaizkigu kontuak ateratzen.

Hala ta guztiz ere, akordioa hau “Sentiberatasun sozial handikoa” dela esan digute, familia ugarientzako OHZn hobariak ezartzen direlako eta zerga batzuen izoztea jaso delako, ideia faltsu hori saldu nahi izan dute. Baina finean ez dira gasteiztarren interesak lehenesten, enpresari jakin batzuen aberastea bultzatu nahi da interes orokorraren kontra.

Akordioak PSEren babesa beranduago jaso badu ere, garbi dugu EAJk lortu nahi zuena zela PPrekin batera argazkian ateratzea, eta modu horretan bere alderdiak Madrilen egindako akordioa gainontzeko erakundeetara zabaltzen ari direnaren irudia islatzea. EAJk ez du inolako arazorik izaera antidemokratikoa eta ustela duen alderdi politiko batekin akordioak sinatzeko, horrek bere alderdiaren interesei mesede egiten badio.

LABen argi dugu, Politika Fiskaletan aldaketa sakona ezinbestekoa dela, behar sozialei aurre egiteko gaitasuna izango duena sistema progresibo eta bidezkoa lortze aldera. Baina horretarako borondate politikoa behar da, eta zoritxarrez Gasteizko gobernuak ez du horren asmorik. Onartu berri diren ordenantza fiskal horiek negargarri eta larriak diren ondorioak izango ditu, eta zalantzarik gabe, eragin zuzena izango
dute hurrengo aurrekontuetan. Jendartearen mobilizazioa eta salaketa publikoa izango dira eman beharreko lehenengo pausuak instituzioetatik inposatu nahi dizkiguten politika neoliberalen aurrean.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek grebara deitu du Linacal iturgintza enpresan, zuzendaritzak langileei entzungor egiten jarraitzen duela uste baitu

LAB sindikatuak Barañaingo (Nafarroa) Linacal iturgintza enpresako zuzendaritzaren jarrera onartezina salatu nahi du, langileek euren lan baldintzak hobetuko dituen enpresa itun bat negoziatzeko eginiko...

Munduko Medikuen zuzendaritzak EEE bat proposatu du langile guztien %25 kaleratzeko

Entitateko Langileen Legezko Ordezkaritzak ez ditu aintzat hartzen zuzendaritzak emandako arrazoiak, eta EEEa justifikaziorik gabea eta prebentiboa dela adierazi du.

EITBko zuzendaritzak euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu du helburuen artean euskara sustatzean duen hedabide bateko zuzendari

EITBko zuzendaritza nagusiak eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari berria hautatu berri du, EITBren webgune berrien sorkuntza prozesua amaitzeko. Pertsona horren ardura izango da, eitb.eus zuzentzeaz gain, jaiotzear den atari digital berria abian jarri eta horren zabalkundea gidatzea.