2025-04-22
HomeZerbitzu PribatuakBidaiarien garraioaGasteizko tranbian lan eta segurtasun baldintza duinen alde borrokan ari gara

Gasteizko tranbian lan eta segurtasun baldintza duinen alde borrokan ari gara

Maiatzaren 25ean, langileen asanbladak proposamen bat bidali zion enpresako zuzendaritzari greba bertan behera uzteko. Enpresak erantzunik eman ez zuenez, maiatzaren 26an greba-eguna egin zen, %100eko jarraipena izan zuena, eta gutxieneko zerbitzuak soilik atera ziren. Gaur ere lanuztea egin dute goizean, eta arratsaldean beste horrenbeste egingo dute, 16:00etatik 18:00etara. Gainera, hilaren 16ra arte egunero bi lanuzte egingo dira aste barruko egunetan.

Baina orduz geroztik langileek ez dute inolako komunikaziorik izan enpresaren aldetik, nahiz eta grebak arrakasta izan eta proposamen bat egin. Proposamen horretan, gainera, lanegunetako txandetarako enpresaren proposameneko ia baliabide berberak jasotzen ziren.

Harrigarria bada ere, enpresak Lan Harremanen Kontseilura (LHK) deitu zituen langileen ordezkariak atzo, ekainaren 5ean, eta asteburuetako librantza hobetu du, baina bere txanda-eskaintza azken LHKn aurkeztutakoaren berdina da, hau da, lan-karga handiko txandak, gidatze-ordu asko… eta horrek eragin zuzena du bai Euskotreneko langileen egunerokoan, bai erabiltzaileen segurtasunean. Enpresari galdetuta ea langileen asanbladak maiatzaren 25ean egindako proposamena aztertu duten edo balorazioren bat egingo duten, erantzuna ezezkoa izan zen.

Etenaldi baten ondoren, enpresaren proposamena bozkatu zen. Batzorde Iraunkorreko 3 ordezkarik aldeko botoa eman zuten, eta beste hiruk kontrakoa. Gainerakoak ez zeuden, beraz, adostasunik gabe itxi zen.

Ondoren, langileen batzarra egin zen goizez, eta 15:30ean arratsaldez. Bozketetan, parte-hartzaile gehienek enpresaren proposamenaren aurka bozkatu zuten, eta, gainera, lanuzteak bertan behera ez uztea erabaki zen. Beraz, LABek CCOOren babesarekin erregistratutako lanuzteek aurrera jarraitzen dute.

LABek ez du ulertzen zuzendaritzaren jarrera hori, ez baitago prest bere azken eskaintzaren hobekuntzarik eztabaidatzeko edo negoziatzeko. Ostegunean enpresako zuzendaritzarekin Batzorde Iraunkorreko bilera dago deitua, zeinetan Gasteizko egoitzako lan-txandei buruz hitz egingo den. Ikusteko dago negoziazio bat egin daitekeen edo sindikatu batzuek Gasteizko egoitzako langileen gehiengo zabal batek baztertutako lan-txandei onespena emateko besterik ez den.

Gertatzen dena gertatzen dela, Gasteizko tranbiako langileek lan-baldintza hobeak lortzeko borrokan jarraituko dute, eta erabiltzaileen zein langileen segurtasuna hobetzeko asmoa daukate.

Bihar, ekainaren 7an, 9:00etatik 10:00etara, elkarretaratzea egingo dute Legebiltzarraren aurrean, gatazka agerian uzteko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.

LABek salatzen du milaka gutun banatu gabe daudela Gasteizen Correoseko langile faltagatik

Langilerik ez kontratatzearen ondorioz, kaosa sortu da azken hilabeteetan posta-banaketan, eta inoiz ikusi gabeko egoetara iristen ari da. Kontratazioan murrizketa hain handia da, kasu askotan ez dela inor ordezkatzen ari. Adibidez, Alde Zaharreko postariak urte erdi baino gehiago darama bajan, ordezkatu gabe.