2024-11-22
HomeOharrakZerbitzu PublikoakGASTEIZKO GOBERNUAK ZERBITZU PUBLIKOETAKO MAIATZAREN 31ko GREBA-LANUZTEA INDARGABETU NAHI DU

GASTEIZKO GOBERNUAK ZERBITZU PUBLIKOETAKO MAIATZAREN 31ko GREBA-LANUZTEA INDARGABETU NAHI DU

Pasa den astean, ELA eta STEE-EILASek maiatzaren 31ko greba deialdia deskonbokatzen zutela publiko egin eta gero, LABek aipatutako deialdiarekin — nahiz eta, begi bistako arrazoiengatik, bi orduko lanuzte izaerarekin birformulatu— aurrera egiteko asmoa berretsi egin genuen. 
Handik gutxira Gasteizko Gobernuaren bozeramaleak —gure hitzak manipulatuz, sindikatu honek ez baitzuen ezein momentutan bere Gobernuaren ekintzak positibotzat hartzen genituenik esan, ezta greba deskonbokatzen genuenik ere,
guztiz kontrakoa baizik— poza azaldu zuen publikoki, “gure herria greba gehiago egiteko ez dagoela” iritzita.

Bada, 24 ordu ere igaro gabe, berak ordezkatzen duen Gobernuaren jakinarazpen bat jaso genuen non lanuztearekin aurrera egiteko baimena ukatu egiten ziguten. Ostean Gobernuaren deia ere jaso dugu, lanuzteak deskonbokatu ditzagun “gonbidatea” eginez.

Ahoz eta jendaurrean ustezko deskonbokatoriagatik poza azaltzen dute, eta praktikan deialdia oztopatzeko ekimena abiatzen dute. Hau erabaki politikoa da, ustezko arrazoi formalak argudiatzen dituzte erabaki politikoari jantzi juridikoa emateko asmoz, baina esan bezala, erabaki politikoa da. LABek, testuinguru sindikal konplexu honetan ere, deialdiarekin aurrera egitea erabakitzea eta deialdia kolektiboarekin grebarako arrazoiak zein diren konpartitzeko probestea ez dute ondo hartu, eta horregatik erreakzionatu dute horrela.

Deialdiak beharrezkoak diren betekizun formal administratibo guztiak betetzen ditu legezkoa izateko.

Hartu dugun erabakia zuzena da, eta Gasteizako Gobernuaren erreakzioak hori berrestera garamatza. Erabaki zuzena da, Gobernuak azaldutako urduritasunak are argiago uzten du hala dela. Garbi entzun dezatela, LABek ez du beste barik zerbitzu publiko eta babes sozial sistema suntsitzen utziko, ez gara begira geratuko; zerbitzu publikoak garatu ditzaten eta enplegu publikoa mantendu dezaten bakarrik ez, enplegu publiko gehiago sortu dezaten eta lan baldintzak hobetu ditzaten ere borrokan segiko dugu, horretarako erabateko konbentzimendu eta konpromisoa dugu.

Patxi Lopez zerbitzu publikoen bermatzaile gisa aurkezten digun kanpaina horixe besterik ez da, kanpaina hutsa. Hitzek gauza bat adierazten dute baina ekintzek guztiz kontrakoa. Beren benetako aurpegia behin eta berriz erakusten dute, antolatua duten zirko mediatikoaren atzean murrizketak eta eskubideei erasoak besterik ez daude:

– Zerbitzu publiko eta eskubide sozialen murrizketan aitzindari dira eta izan dira, zentzu honetan Idoia Mendiaren hitzei aipamen eta argipen txiki bat egin nahi diegu: herri hau (Euskal Herriaz ari gara) ez dago enplegu eta zerbitzu publikoen suntsiketa jasaten jarraitzeko prest, ez zerbitzu publikoen suntsiketa jasaten segitzeko, ezta bere Gobernuak esandako moduko gezurrak entzuteko ere.
– Orain gainera oinarrizko eskubideak murrizten eta erasotzen ere aitzindari izan nahi omen dute: Madrilgo PPko Gobernuak greba eskubidea kolokan jarri nahi duen honetan, hara non Gasteizen PSE ateratzen den greba eskubidea trenkatu nahian.

Ez dugu borrokatzeko gure eskubidea kentzerik onartuko, ez dugu mehatxurik onartuko. Beraz, maiatzaren 31n kalera ateratzeko hamaika arrazoi bagenuen, orain badugu gehitu beharreko beste bat: greba eskubidea defendatzea.

Gasteizen, 2012ko maiatzaren 28an

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.