2025-04-24
HomeEkintza PolitikoaEuskal HerriaGasteizko Gobernu berriak ez dio erantzungo osasun krisia eta krisi ekonomiko eta...

Gasteizko Gobernu berriak ez dio erantzungo osasun krisia eta krisi ekonomiko eta sozialaren aurrean langileok behar dugunari

Aurrekoaren jarraipena izango den Gobernu bat izango da, eta ez da izango bizi dugun osasun krisia eta, ondorioz, gainean daukagun krisi ekonomiko eta sozialari erantzun egoki bat emateko langileok behar dugun Gobernua. Akordioa eta lankidetzaren beharra hitzetik hortzera erabiltzen duen Gobernua da, baina aldebakartasuna praktikatzen du, negoziazio kolektiboa ukatzen du. Honen adibide da kurtso hasierarekin batera Hezkuntzan gertatu dena, Gobernuak ez baitu inolako borondaterik izan itzulera plan bat adosteko Hezkuntza Komunitatearekin.

Orain arte bezala, Confebasken neurrirako politikak egiten jarraituko du. Enpleguaren egoerak enplegu plan bati buruz hitz egitea eskatzen du. Uztailean Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin biltzeko aukera izan genuen eta argi geratu zitzaigun gai honen inguruko inolako konpromisorik ez dutela hartuko.

Zerbitzu publikoak indartzeari begira ere ez dugu erabaki berririk aurreikusten. Pandemia honek agerian utzi zituen Osasungintza sistemaren hutsuneak hasieran, eta ez da inolako erabakirik hartu berau indartzeko. Honen erakusgarri garbiena Lehen Mailako Arretan ematen den egoera da. Zerbitzu publikoetan murrizketak egingo dituen Gobernua izango da, argi utzi baitu ez duela zerga-politika ukitu nahi.

Zaintza sistema publiko bat eraikitzeko apusturik ere ez dugu ikusten. Gobernua ez da gai izan, adibidez, helduen egoitzetan duela hilabete batzuk ikusi genuen egoera ez errepikatzeko neurriak hartzeko. Ez da gai izan egoitzak blindatzeko, eta berriro gaixotasuna sartu da egoitzetan.

Honengatik guztiagatik, etorriko den Gobernu berriarengandik ez dugu berrikuntza handirik espero.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek UGTSARIOren X. kongresuan parte hartu du: autodeterminazioaren aldeko borrokarekin konprometitutako elkartasun sindikala

LAB sindikatuak UGTSARIO sindikatu sahararraren X. kongresuan parte hartu du. Mahjub Brahim-i, sindikalismo sahararraren martiria eta erreferente historikoari, eskainitakoa izan da. Bertan 400 ordezkari sahararrek eta nazioarteko 80 ordezkarik hartu dute parte. Hiru eguneko kongresua izan da, eta bertan hainbat herrialdetako sindikalista, aktibista eta militantek beren konpromisoa berretsi dute Mendebaldeko Sahararen independentziaren aldeko borrokarekin, Marokoko okupazioaren kontra batasuna adieraziz eta nazioarteko elkartasun sareak sendotuz, eta horien artean izan da LAB.

Gipuzkoako helduen egoitzetako langileak borrokan

Aurten Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmena negoziatzen hasi ginen. Momentu honetan negoziazioa blokeatuta dago, Patronalek aurkeztu duten proposamena edukiz hutsa dagoelako. Alde batetik, igoera ekonomikoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren tarifetara baldintzatzen dituzte eta bestetik, sindikatuek planteatu ditugun beste aldarrikapen guztiei ezezko borobila eman diete. Argi geratu da berriro ere, patronalek ez dutela zaintza lanak duintzeko eta zerbitzua hobetzeko intentziorik.

Pasaiako Udalak udal haur eskola zerbitzua bertan behera uzteko hartu duen erabakia okerra da LABentzat

Prentsaren bidez jakin du LABek Pasaiako Udalak eskaintzen duen Lilitegia udal haur eskola zerbitzua bertan behera uztea erabaki duela, EH Bildu eta Podemosen bozkekin. Pasaiako haur eskola zerbitzu hau, lizitazio baten bitartez bertako ikastolak ematen badu ere, udal zerbitzu publiko bat da, hemendik aurrera Pasaiako jendearteak udaletik jasoko ez duena.