2024-12-23
HomeEkintza SindikalaXabier Ugartemendia: "EAJ, PP eta PSEren aliantzak uko egin dio berriz langileen...

Xabier Ugartemendia: “EAJ, PP eta PSEren aliantzak uko egin dio berriz langileen aldeko erabakiak hartzeari”

Azken urteotako soldata-jaitsieraren aurrean, EAEko soldatak modu orokorrean igotzeari buruzko mozioa landu dute Gasteizko Legebiltzarrean, ohiko plenoan. Hala, LABek prentsaurrekoa eman du gaur Legebiltzarrean bertan, soldaten gaiaz eta Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren beharraz. LABeko ekintza sindikala eta negoziazio kolektiborako idazkari Xabier Ugartemendiak hartu du hitza, zerbitzu pribatuen federazioko arduradun Saul Arangible eta industria arloko federazioko kide Zorion Ortigosarekin batera.

"Gaur EAEko aliantza neoliberalaren beste kapitulo bat ikusi dugu Legebiltzar honetan". Hitz hauekin eman dio hasiera agerraldiari Xabier Ugartemendiak, LABeko ekintza sindikala eta negoziazio kolektiborako arduradunak.

Hain zuzen ere, Ugartemendiaren hitzetan, 2011 – 2013an PP eta PSOEk lan erreformak egin zituzten langileen eskubideak prekarizatzeko, negoziazio kolektiborako eskubidea jipoituz, beti patronalaren mesedetan. "Gurean, Confebask-ek eta bere barruan elkartuta dauden Adegi, Cebek eta Seak, erreformak emandako tresna guztiak erabili nahi dituzte lan baldintzak okertzeko. Horretaz gain, soldaten kontrako erasoa ere martxan ipini dute, soldatak izoztuz, Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) erreferentzia desagertarazteko neurriekin, eta horrek, erreforma aplikatzeko erabakiarekin batera, Confebask-ek eragindako hitzarmenen negoziazioaren blokeoa ekarri du", azaldu du.

Honela gauzak, Confebask-en jarreraren ondorioz, Barne Produktu Gordinaren (BPG) soldaten pisua 3 puntu jaitzi da 2009 eta 2016 artean, eta erosteko ahalmenaren galera ere %3koa izan da epe berdinean. "Bide horretan, Confebask-ek Eusko Jaurlaritzaren eta EAJren babes osoa izan du langileen lan baldintzak eta soldatak okertzeko. Hitzez erreformen kontra agertu baziren ere, patronalari babesa agertu diote, erreformak aplikatuz, prekarizazio prozesua aurrera eramaterakoan", kritikatu du.

LABeko ordezkariak esan du "nahikoa dela", prekarietean eta pobrezian oinarritzen den herri batek ez baitu etorkizunik: "Egoera hau irauli beharra dago. Suspertze epe batean gaudela saltzen digute, baina susperraldi horrek ez du inongo ondorik langileentzat, prekarizazioak jarraitzen baitu".

LAB EH Bilduk aurkeztu eta defendatu duen mozioarekin ados dagoela esan du. "Confebask eta Jaurlaritza interpelatu nahi ditugu berriro, prekarizazio prozesuarekin amaitzeko, soldaten igoerei ekin diezaioten, langileen aldeko politikak eta erabakiak har ditzaten eta, hain beharrezkoa dugun Lan Harremanetarako Euskal Esparrua (LHEE) martxan jartzeko pausuak ematen has ditzaten".

Ugartemendiaren esanetan, "hasieran aipatu dut Legebiltzar honetan aliantza neoliberala berriz ikusi dugula; langileak, gizartearen gehiengoa, baztertzen dituen eta kapitala babesten duen aliantza, EHBilduk aurkeztutako mozioari ezetza emanez. EAJ, PP eta PSEren aliantzak uko egin dio berriz langileen aldeko erabakiak hartzeari, hau da, patronala interpelatzeari soldatak igotzeko, baita LHEEren aldeko pausoak emateari. Berriro ere patronalarekin lerrokatu dira".

Egoera honen guztiaren aurrean, LABek bere hautua egina du. Prekarizazio prozesua iraultzeko eta LHEEa lortzeko borrokan jarraituko dugu. "Jada hainbat borroka antolatuta ditugu, herenegun Gipuzkoako kale garbiketako langileak lortu zuten akordio modukoak lortu ahal izateko", adierazi du LABeko ekintza sindikala eta negoziaziazio kolektiborako idazkariak.

Borrokatzeko inoiz baino arrazoi gehiago daudela azpimarratu du Ugartemendiak: "Alde batetik, Confebask, Jaurlaritza, EAJ, PP eta PSEk inposatu nahi diguten prekarizazio eta pobretze politikak gelditzeko, eta, bestetik, lan eta bizi baldintza duinak lortzeko. LABek horren aldeko konpromisoa berresten du".

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...