2024-12-22
HomeIdazkaritzakGarraioaren sektoreko baldintzak duintzeko premia nabarmendu dute sindikatuek, hildako azken lankidea gogoan

Garraioaren sektoreko baldintzak duintzeko premia nabarmendu dute sindikatuek, hildako azken lankidea gogoan

Albaceten (Espainia) izandako istripuan zendu zen garraiolaria. Lan baldintza duinen eta prebentzio neurrien garrantzia hil ala bizikoa dela ikusarazi nahi izan dute gaurko ekimenarekin.

Gaur, martxoak 31, Garraio duin ezak hiltzen gaitu lelopean, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuak mobilizatu dira Arcelor Mittal Olaberria lantokiaren aurrean, enpresa horren materiala garraiatzen ari zela astelehenean Albaceten (Espainia) hildako garraiolaria oroitzeko eta sektoreko lan-baldintza txarrak salatzeko.

Garraioaren sektorean dagoen heriotza-tasa handia ez da kasualitatea, LAB sindikatuak gogorarazi duenez: “Iaz, 10 garraiolari hil ziren lanean Euskal Herrian, eta bat hil zen ia hilero. Gehienak bihotzeko arazoengatik. Salagarria da bihotzeko arazoek eta gaitz kardiobaskularrek garraiolarien lan-osasunean duten eragin handia”.

Hori dela eta, LABek behin eta berriz salatu du halakoak ez direla heriotza naturalak. Gainera, erakundeak lan-istripuen estatistika ofizialak murrizten saiatzen direla azaldu dute, heriotza naturalak edo trafiko-istripuak balira bezala tratatzen dituztelarik.

“Heriotza horiek lan-baldintza txarren ondorio dira. Enpresen presioek eta presek eragindako tentsioa eta estresa, lanaldi luzeak eta lan-erritmo altuak, kargen gehiegizko pisua, zerbitzuagatik ordaintzen ari diren prezio merkea, atseden hartzeko zailtasunak, dieta osasungarria eramateko zailtasunak dira sektoreko langileen bizitza eta osasuna arriskuan jartzen duten arrazoietako batzuk”, zehaztu du LABek.

Horren guztiaren ondorioz, garraiolarien bizitza “gero eta zailagoa” da, sindikatuak azaldu duenez, eta horretan erantzukizuna dute bai enpresek, baita administrazioek ere: “Praktika txar horiek kontrolatzeko eta saihesteko neurriak hartu beharrean, beste alde batera begiratzen dute, garraio merkea nahi baitute”.

Sektoreko lan-baldintzak hobetu behar direla eta baliabide teknikoen hobekuntzan inbertitu behar dela nabarmendu dute gaurkoan. “Lan Ikuskaritza indartu behar da, lan-baldintza txarrak saihesteko, eta arauak betetzen ez dituzten enpresak zigortu behar dira. Errepideetan ere hobekuntzak egin behar dira, bereziki istripu-tasa handiak dituzten puntu beltzetan”, gaineratu dute.

Garraiolariek funtsezko lana egiten dute gizartearentzat, eta, beraz, lan-baldintza duinak behar eta merezi dituzte.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...