2025-03-14
HomeEkintza SozialaEskubide Sozialen KartaGarbiñe Aranburu: "Eztabaida bahitu dute, baina ez gaituzte isilaraziko"

Garbiñe Aranburu: “Eztabaida bahitu dute, baina ez gaituzte isilaraziko”

Gasteizko Legebiltzarrak Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta eta etxebizitzaren inguruan eman beharreko eztabaida publikoa joan den astean saihestu eta gero, pobrezia eta bazterketa sozialaren aurkako Herri Ekimen Legegileari atea itxi ondoren, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragileok mobilizazioa egin dugu Bilbon. Hain zuzen ere, Sabin Etxean amaitutako manifestazioan EAJ, PSE-EE eta PP interpelatu ditugu, hiru talde parlamentario horien jarrera salatzeko. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu bertan izan da, eta aipatutako hirukoteari zuzendu zaio. “Mobilizatzen jarraituko dugu, pobrezia eta bazterketa egoeran inor egon ez dadin herri honetan”.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, EAJ, PSE-EE eta PPren jarrera guztiz autoritarioa izan da, legez baliatu ditzaketen amarru guztiak baliatu baitituzte pobreziaren eta bazterketa sozialaren eztabaida saihesteko: “Gehiengo sindikal eta sozialak aurkeztutako Herri Ekimen Legegilea baztertu dute; hortaz, behar gehien duen jendearen aurka egin dute. Eztabaida saihestu dute, agerian ez geratzeko. Herri Ekimen Legegilean proposatutako neurriak ez dira alderdi hauen gustukoak. Alderdi hauek ez dute egungo babes sozialerako sistema hobetu nahi”.

LABeko idazkari nagusiaren esanetan, “hirukoteak defendatzen duen eredu ekonomiko eta soziala Confebask-en eredua da, eredu neoliberala. Eusko Jaurlaritzak ondo baino hobeto daki zeintzuk diren bere aliatuak politika neoliberal hauek gauzatzeko. Gehiengo sindikalak eta sozialak aurkeztutako Herri Ekimen Legegilearen eztabaida ukatzen duen bitartean, gainera, gutxieneko sindikalarekin elkarrizketa sozialaren mahai bat egokitzen du. Gobernu honen kutsu antisozialaren beste adibide bat da hau”.

Garbiñe Aranburuk erantsitakoaren arabera, “eztabaida bahitu dute Gasteizko Legebiltzarrean, baina ez gaituzte isilaraziko. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileok mobilizatzen jarraituko dugu, pobrezia eta bazterketa egoeran inor egon ez dadin herri honetan”.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek salatzen du EEEren negoziazioan argi geratu dela Guardianek duela asko zuela programatua lantegiaren itxiera

LABetik gure erabateko gaitzespena adierazi nahi diogu Guardianek aurkeztutako kaleratze kolektiborako espedienteari. Erabaki honek 171 lanposturen suntsiketa eta eskualdeko enpresa enblematikoenetako bat ixtea ekarriko du. Ez ditugu onartzen enpresak neurri drastiko hau justifikatzeko emandako arrazoiak, ez baititu behar bezala frogatu. Are gehiago, EEE aurkezteko aipatzen dituzten arrazoiak multinazionalak berak eragindakoak dira.

LABek MFS Trapaga Sintering-en itxiera salatzen du, 107 langileren kaleratzea ekarriko duena

MFS Trapaga Sintering enpresako langileak beren lanpostuak salbatzeko borrokan ari dira berehalako itxieraren aurrean. Bihar ostirala, EEEaren lehen bilera egunean, greba eguna izango dute eta elkarretaratzea egingo dute lantegiaren aurrean, 9:00etatik aurrera.

Oiongo kiroldegiko langileei zor dizkien soldatak ordaintzea eskatzen dio LABek Ocio Sport-i

LAB sindikatutik gure gaitzespenik gogorrena adierazi nahi dugu Ocio Sport Riojako langileek bizi duten egoera kritikoaren aurrean, beren soldatak sistematikoki ez kobratzeari aurre egin behar baitiote.