2024-12-22
HomeEkintza SindikalaGarbiñe Aranburu: “Emakumeen* lanaren debaluazioak soldata arrakala sortzen du”

Garbiñe Aranburu: “Emakumeen* lanaren debaluazioak soldata arrakala sortzen du”

Soldata arrakalaren gaineko azterketa egin dugu: kategoria berekoak diren bi lanen artean soldata arrakala %90ekoa izatera irits daiteke, eta gizonek emakumeen* ia bikoitza irabazi. Azterketa hau Garbiñe Aranburu Koordinatzaile Orokorrak eta Maddi Isasi Idazkari Feministak aurkeztu dute.

Generoagatiko soldata arrakalaren inguruko azterketa aurkeztu du LABek, soldata arrakalaren nazioarteko egunaren atarian. Otsailaren 22an, arrakalaren kontrako mobilizazioak egingo ditu sindikatuak.

  • 11.00etan Bilbon, Jaurlaritzatik Patronalera.
  • 11:30ean Iruñean, Parlamentu aurrean.

Arrakala aztertzeko hainbat hitzarmenen arteko alderaketa egin du LABek, kategoria bereko lanak, maskulinizatuak batzuk eta feminizatuak besteak. Eraikuntza, metalgintza eta kale garbiketa (sektore maskulinizatuak) batetik, eta elikagaigintza merkataritza, helduen egoitzak eta aretoetako garbitzaileak (feminizatuak), bestetik.

Generoaren araberako lan merkatuaren antolaketak sortzen dituen bereizkerien ondorioak aztertzean, “segregazio bertikala ikusgarriagoa izanik ere, segregazio horizontala sozialki onartuagoa” dagoela adierazi du Maddi Isasi, LABeko Idazkari Feministak. “Erakundeek, instituzio publikoek emandako datuek ez dute errealitatearen benetako argazkia ikusten uzten”, gaineratu du.

HAINBAT DATU ESANGURATSU

Sektore maskulinizatuetako soldatak feminizatuetakoak baino %90 handiagoak izatera irits daitezke. Adibide zehatza jarri du Isasik: “Gipuzkoako eraikuntzako biltegiko peoiak, helduen egotzetako kategoria bereko langilearen soldata baino %90,30 gehiago kobratzen du. Beraz, parekoak diren bi lanetan, gizonezkoak emakumezkoaren aldean ia soldata bikoitza dauka.”

Aipatu kasua ez da kasu bakana. Badira gehiago:

HEGO EUSKAL HERRIA

Kale garbiketako langilea / Areto eta eraikinetako garbiketako langilea
%33,70 gehiago

Metaleko langilea / Helduen egoitzetako langilea
%45,36 gehiago

Batez beste urtean
Gizonek emakumeek baino 6.200 euro gehiago
%23 gehiago

HERRIALDEKA

ARABA
Eraikuntzako langilea / supermerkatuko langilea
%82,73 gehiago.

GIPUZKOA
Eraikuntzako langilea / Helduen egoitzako langilea
%90,30 gehiago.

BIZKAIA
Eraikuntzako langilea / Helduen egoitzako langilea
%50,35 gehiago.

NAFARROA
Metaleko langilea / Helduen egoitzako langilea
%56,40 gehiago.

Isasiren esanetan, horrek ez du esan nahi sektore maskulinizatuetako soldatak “oso altuak” direnik. Kontrara, sektore feminizatuetako soldatak “oso-oso baxuak” direla adierazten du.

Hori gutxi balitz, euren lan baldintzak lan-hitzarmen baten bidez arautzen ez dituzten langileen multzoan 4tik 3 emakumezkoa* da. Beraz, emakume* asko haien lan baldintzak argazki honetatik kanpo daude.

Garbiñe Aranburu, LABeko koordinatzaileak azaldu du ondorio nagusia: “Emakumeek* egiten dituztem lanak debaluatuak daude, balio gutxiago ematen zaie”. Lan baldintza kaskarragoak eta soldata arrakala dira nagusi sektore feminizatuetan.

“Sexuaren araberako lan banaketaren bidez eta zaintza lanak emakumeen* gain utziz debaluatzen da emakumeen lana”, Aranbururen esanetan. Bizitza sostengatzeko ezinbestekoak izan arren ez zaie lan horiei dagokien balioa aitortzen: Zaintza lan ez ordainduak nagusiki emakumeek* egin behar izaten dituzte eta ordainduak direnean ere bai, soldata eta lan baldintza kaskarretan; areago, “lan esplotazio egoeran etxeko langileei dagokienean”. Langilea emakume* migratu eta arrazializatua denean arrakala are handiagoa da, eta handitu egiten da ere, instituzioek lan horiek azpikontratatzen dituztenean, negozioari bide emanez. “Horrek guztiak negoziazio kolektiboan ere arrakalak egotea ekartzen du. Sektore feminizatuetan gatazka maila handiagoa egonik ere, blokeoa askoz nabarmenagoa da”, gogorarazi du Aranburuk.

Diskriminazioa identifikatzeari dagokionean, Isasi eta Aranburu bat etorri dira bereizketa bertikala horizontala baino “errazago” bereizten dela esaterakoan, eta gogorarazi dute ez dagoela lanik “gizonentzat baino emakumeentzat* egokiagoa” denik, eta alderantziz ere ez”. Banaketa horretan erortzea, “emakumeen* diskriminazioa ontzat ematea da”, gaineratu dutte.

ERALDAKETAREN BEHARRA

Egoera honek eraldaketa eskatzen du. Hiru norabide azpimarratu ditu LABeko koordinatzaile orokorrak: “Batetik, lanaren eta enpleguaren arteko dikotomia faltsuarekin amaitu egin behar da. Lan guztiak aitortu eta birbanatu egin behar dira; bestetik, sexuaren araberako lan banaketarekin amaitu eta enplegu guztiak birbaloratu behar dira, bizitzari eusteko beharrezkoak diren lanak gehiago ordaindu behar dira, sektore feminizatuetako lan baldintzak duindu egin behar dira; eta, azkenik, Emakumeok* doan eginiko zaintza lan guzti horien onuradun jendarte osoa da, patronalak eta instituzioek emakume hauekiko izandako zor patriarkala onartu eta zuzentzeko erabakiak beharrezkoak dira, esaterako pentsio arrakalarekin amaituz”.

Ahalduntzen jarraitzeko deia egin diete emakumeei* LABeko bozemaleek: “Ahalduntzen ari gara, borroka sindikal feminista indartzen ari da. Negoziazio kolektiboan borrokan jarriaituko dugu, interpelazio politiko instituzionala egiten eta mugimendu feministarekin aliantzak eraikitzen jarraituko du LABek”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...