2024-11-22
HomeLAB SindikatuaDelegatuen BatzarraGarbiñe Aranburu: "Aldebakarreko burujabetza prozesua jarri behar dugu martxan"

Garbiñe Aranburu: “Aldebakarreko burujabetza prozesua jarri behar dugu martxan”

 Garbiñe Aranburu, LABeko Idazkari Nagusiaren hitzartea

Urteroko delegatuen batzarra egin dugu gaur Donostian, Gasca kiroldegian. Mila lagun inguru bildu gara, eta sindikatuaren erronkak azaldu ditugu, kurtso berriaren etorrerarekin. Batzarra amaituta, manifestazio bat egin dugu Amara Berrin barrena, baina, aurretik, batzarrean bertan une hunkigarriak bizi izan ditugu. Sei urtez kartzelan egon eta gero, Rafa Diezi ongi etorria eman diogu, eta berarekin izan dira oholtzan Garbiñe Aranburu eta Ainhoa Etxaide; hain zuzen ere, sindikatuak izan dituen hiru idazkari nagusiak. Egungo idazkari nagusiak, Garbiñe Aranburuk, azaldu ditu sindikatuaren helburu nagusiak datorren kurtsorako: Burujabetza prozesuan sakontzea, preso eta iheslarien etxeratzeko bidean urrats berriak ematea eta bizitzaren prekarizazioari aurre egin eta bizitza duinaren alde borrokatzea, konfrontazioan sakonduz.

Garbiñe Aranburu hitzartean.

Garbiñe Aranburuk Kataluniari begira hasi du bere hitzartzea, eta bi herri garela, baina borroka bakarra dela nabarmendu du: “Konfrontazio demokratikoan sakontzea da bidea. Aldebakarreko burujabetza prozesua jarri behar dugu martxan, langile klaseari bizi baldintza duinak bermatuko dizkion eredu sozial berri baten alde eginez”.

EAJren jarrera gogor kritikatu du: “EAJk ez du PPrekin apurtu nahi, ez du Estatuarekin konfrontatu nahi erabakitzeko eskubidearen defentsan, eta horren atzean guk arrazoi argi bat ikusten dugu. Ez da ausardia politiko falta, PPrekin eta Confebaskekin konpartitzen duen eredu ekonomiko eta neoliberala marko estatalaren baitan inposatzea errazagoa delako da. Hori da gakoa, zein klase proiektu defendatzen duen”.

LABeko delegatuek ongi etorria eman diote Rafa Diezi

Langileok bizi dugun egoerari buruz aritu da, eta sindikatuak bizitza duinaren aldeko borroka indartuko duela jakinarazi du: “Langileontzat ez dago susperraldi ekonomikorik. Ekonomiaren hazkundea bizitzaren prekarizazioaren gainean egiten ari da. Horrela, ustezko susperraldi ekonomiko horren onurak ez dira langileen artean banatzen, irabaziak gero eta esku gutxiagotan pilatu eta desoreka sozialak areagotzen ari baitira”.

Catalunyako herriari gure elkartasuna helarazi diogu Batzarrean.

Negoziazio kolektiboa blokeatuta, gero eta langile gehiago estatuko hitzarmenen menpe, lanera joan eta euren bizitza arriskuan jartzera behartuak dauden langileak, emakume eta gazteen egoera larriak, sektore publikoaren pribatizazio eta merkantilizazioa, babes sozialaren eraispena… egunerokoaren erradiografia egin du LABeko idazkari nagusiak. “Bizitzaren eta lan harremanen prekarizazioak ez du etenik, eta ez du izango patronalari aurre egiteko konfrontazioan sakontzen ez badugu, instituzioak bestelako politika publiko batzuk egitera derrigortzen ez baditugu”, adierazi du, eta datozen hilabeteetarako aurreikuistako dinamika nagusiak aipatu ditu: urriaren 16 eta abenduaren 6 bitartean egingo dugun ekimen ibiltaria, tartean.

“Kartzelak hustutzeko garaia da”
Presoak eta iheslarien etxeratzea lehentasun bat da sindikatuarentzat. Garbiñe Aranburuk oso presente izan du gaia bere agerraldian: “Ez dago denborarik galtzeko, aurten ere gure lehentasunen artean dago eta agenda gehiagotan ere lehentasun izan dadin lagunduko dugu. Kurtso honek erabakiorra izan behar du. Jada ez dago aitzakiarik eta adostasun berriak eraikitzen joan behar dugu”.

Batzarraren ostean PPren egoitzaraino joan gara manifestazioan.

Sindikatuko idazkari nagusiaren hitzetan, “kartzelak hustutzeko garaia da, baina oraindik ere Estatuaren errepresioak ez duela etenik erakusten diguten albisteen berri izaten dugu tartean behin”.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.