2024-12-23
HomeEkintza SozialaG7ari ez! Euskal Herritik alternatiba eraikitzen

G7ari ez! Euskal Herritik alternatiba eraikitzen

Abuztuaren 24, 25 eta 26an Miarritzen G7a elkartuko da, ekonomikoki, politikoki eta militarki botere handia duten munduko zazpi herrialdek gerra hotzaren garaian sortutako taldea (AEBk, Alemaniak, Erresuma Batuak, Frantziak, Italiak, Japoniak eta Kanadak osatua). Kapitalak bere agenda propioa du, eta horretan hitzordu garrantzitsua da Miarritzekoa. Topaketa honek helburu jakina du, azken hamarkadetako erabakien ildoari beste ufada bat ematea elite ekonomikoaren mesedetan beti ere, eta politika neoliberaletan sakontzen jarraitzea. Langileon izenean hartuko omen dituzte erabakiak, baina langileoi hitza ukatuz eta gure lan eta bizi baldintzen aurka. Eta erabaki horien ondorioak ezagutu eta pairatu beharko ditugu gero.

Bizitzaren eta kapitalaren arteko borroka bizian gaude. Ertz ugariko krisi holistikoa bizi dugu. Eta kapitalismoa kapitalismo gehiagorekin ari da erantzuten, gero eta krudelago, gero eta basatiago, gutxi batzuek gero eta aberastasun handiagoa metatzen jarrai dezaten. Kapitalaren metaketaren hazkundeak gutxi batzuen eskuetan jarrai dezan, bizitzaren erreprodukziorako esplotazioan oinarrituriko kontratuari eutsi behar dio. Eta hori nola egiten da? Lurra, gorputzak eta langileak prekarizatzen zein pobretzen eta oinarrizko eskubideak merkantilizatzen, betikoen interes politiko, ekonomiko eta finantzariak babesteko. Horregatik diogu bizitza eta kapitalaren arteko borroka batean gaudela.

Gaur gaurkoz, hiru agenda global daude: neoliberalismoarena, faxismoarena eta emantzipazio sozialarena. Lehen biek kapitalari erantzuten diote eta elkarlotuak doaz. Kapitalismoak krisi sistemikoari kapitalismo gehiagorekin erantzun eta hor topatzen du tokia faxismoak. Nagusikeria eta muturreko dominazioren bidea da hori.

Lehen biei erantzuteko, hirugarren agenda artikulatzea eta elikatzea da gure erronka. Bizitza eta natura erdigunean izango dituen eredu berri baten alde ahalik eta herritar sektore zabalena biltzeko erronka dugu. Emantzipazio sozialaren bidetik soilik lortuko dugu gure bizitzen zein herrien gaineko erabakiak hartzeko eskubidea eta pertsonen askatasuna bermatzeko ahalmena. Mobilizazioa eta alternatibak uztartzea ezinbestekoa zaigu.

Bizitza dugu jokoan, gure bizitzak eta haiei lotutako eguneroko afera materialak: pentsioak, lan harremanak, energia politika, garapen teknologikoa, hezkuntza sistema, aisialdi eredua … Gai hauek inpaktu zuzena dute gure bizitzatan, gure lan baldintzatan. Eta horiek guztiak mintzagai izango ditu G7ak. G7a, ordea, gobernantza globalaren katebegi bat gehiago da, tentakulu andana dituen olagarroa (Merkataritzaren Mundu Erakundea, G20, Nazioarteko Diru Funtza, Munduko Bankua…). Eguneroko borrokak dimentsio globalarekin lotzea eta etorkizunera begira proposamen berriak mahai gaineratzea klabeak izango dira zentzu horretan.

Gaurko ereduak iraungitze data du eta eredu berri bat izango dela ziurra da, baina… noren neurriko eredua? Nork gidatuko du bide hori? Hor dago joko zelaia. Langileok gidaturiko trantsizio ekosozialista izango da ala kapitalaren mesedetan birkokatuko den eredu neoliberala izango da?

Euskal Herrian badugu erantzuna kapitalaren oldarraldiaren aurrean eta eredu berri baten alde egiteko, badugu alternatiba eta badugu determinazioa. Eta jada egiten ari da bidea: mugimendu feminista eta pentsionisten borrokak goraipatzearekin batera, langile borrokak ere aipatu behar ditugu, lan eta bizi duinaren alde milaka langile borrokan baitaude lan zentro nahiz kaleetan. Era berean, faxismoaren aurrean, klase elkartasuna handitu da eta horren adibide dira errefuxiatu edota migranteen bizi baldintza duinen aldeko dinamika herritarrak.

G7a Euskal Herrian elkartuko zela jakin eta berehala, G7 EZ! Euskal Herritik beste mundu bat eraikitzen plataforma martxan jarri genuen Hego eta Ipar Euskal Herriko hainbat mugimendu sozial, alderdi politiko eta sindikatuk. LAB sindikatua hastapenetik inplikatu da eta politikoki erronka propiotzat hartu dugu. Hau esanda, G7ak ordezkatzen duen kapitalismo heteropatriarkal basatiari herri gisa erantzun nahi badiogu, langileok lehen lerroan kokatu behar dugu. Bizitza eta natura erdigunean izango dituen eredu berri baterako gure ekarpena osatzen ari gara (estrategia sozioekonomikoa) eta eredu horren aldeko gehiengoa kalean artikulatzeak berebiziko garrantzia hartzen du.

Aldaketa soziala gauzatzeko, ordea, burujabetza behar dugu, gure erabakiak modu askean hartzeko ahalmen osoa. G7aren testuinguruan ere burujabetza zein herrien autodeterminaziorako eskubidea erdigunean kokatu nahi dugu, erabakiaren monopolioa elite ekonomikoek, finantza erakundeek, transnazionalek, finean, kapitalaren gehiengoa metatzen duen gutxiengoak, izaten jarrai ez dezan. Beraz, eredu berri baten aldeko gehiengo soziala artikulatzeko erronka dugu parez pare.

Amaitzeko, ezin alboratu G7a Miarritzen egingo dela, Euskal Herrian, etorkizunari historia propio batetik eraikitzen ari den herria. Hala, nazioarteko hitzordua probestu beharko dugu gure herriari proiekzioa eman eta nazioarteko aliantzetan sakontzeko.

Euskal Herrian mobilizazio herritar batekin erantzungo diogu, G7aren aurkako plataformak antolatuta. Irun eta Hendaia artean, Alternatiben Lurraldea eraikiko dugu, eredu berri baten aldeko ahalik eta jende gehien batzeko helburuarekin.

Deialdi nagusiak:
• Uztailak 13: manifestazioa, Miarritzen.
• Abuztuak 21 – 25: Alternatiben Lurraldea, Irun-Hendaia
• Abuztuak 21, 22, 23, jardunaldiak
• Abuztuak 24, manifestazio nazionala
• Abuztuak 25, ekimen herritarra

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...